Konponbideari begira

Foro Sozialak memoria inklusiboa landuko du, «elkarrizketa gertagaitzen» bidez

Hainbat esparru politikotako 11 lagun elkarrizketan jarriko ditu foroak ekainean. Haren ustez, eragile gehienak bat datoz memoria inklusiboa eta ez-baztertzailea egin behar dela. Gai korapilatsua izan arren, ez da ari presoen eta biktimen auzian egin beharreko urratsak oztopatzen, azaldu duenez.

Agus Hernan eta Eneko Calle Foro Sozialeko kideak, gaur goizean, elkarrizketen aurkezpenean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 1a
15:34
Entzun

Ibilbide politiko eta iraganaren ikuskera desberdina duten 11 pertsonak parte hartuko dute Foro Sozial Iraunkorrak ekainean egingo dituen lau elkarrizketa saiotan. Horien artean izango dira, besteak beste, Santiago Cervera UPNko eta PPko parlamentari ohia, Txelui Moreno ezker abertzaleko kidea, Juan Mari Ollora EAJren Arabako ahaldun nagusi ohia eta Patxi Zabaleta Aralarreko legebiltzarkide izandakoa. Bilbon, Gasteizen eta Iruñean egingo dituzte topaketak, oraingoz, baina jakinarazi dute Donostian ere badutela saio bat egiteko asmoa.

Nor bere esperientziatik abiatuta, «memoria kritiko inklusiboa nola eraiki» hausnartuko dute, antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez. Izan ere, Foro Sozialak uste du kontakizunaren borroka noria batean dagoela azken urteetan: «Argudio berberak errepikatzen dira, aurrera egin gabe». Are, beste alor batzuetan urratsak egin diren arren, memoria inklusiboaren gaia «askatzea gehien kostatzen ari dena dela» nabarmendu du. Hala eta guztiz ere, Foro Sozialaren arabera, urrats horien faltak geroz eta gutxiago baldintzatzen ditu oraindik konpontzeke dauden beste bi gaitan egin beharreko aurrerapausoak: biktimen eta presoen eskubideen alorrean egin beharrekoak.

Kontsentsutik urrun dagoen gaia izanagatik, «igarobidea ematen hasi den zantzuak» sumatzen hasia da Foro Soziala. Besteak beste, azpimarratu du «kontakizun bakarraren tesia agortuta» dagoela, eta, gainera, «konfrontazioa» sortzen duela. Horri lotuta, foroak uste du «akats larria» litzatekeela «gizarteko sektore garrantzitsu bat baztertuko lukeen eztabaida esparru bakar bat eraikitzea», eta sektore horri bere kontakizun propioa egitea eragoztea. Bazterketak «etorkizuneko gatazken haziak» direla argudiatu du. Kontakizun bakar bat inposatzea, gainera, akatsa izatetik harago, «ezinezkoa» izango dela ere gaineratu du Foro Sozialak. Egoeraren diagnostikoa osatzeko, gehitu du Eusko Jaurlaritzak prozesu bat abian jarriko duela, Euskadin memoria sozialki eraikitzeko partekatutako oinarriak izenpean, ETAren eta Espainiako Estatuaren biktimek osatutako lantalde batek gidatua.

Diagnostiko hori oinarri, Foro Sozialak ondorioztatu du eragile gehienak bat datozela «memoriak, kritikoa izateaz gain, inklusiboa eta ez-baztertzailea izan behar duela , bidean kontakizun kritikorik utzi gabe». Horregatik, gaia «noriatik ateratzera» eta «gertatutakoaren ikuspegi desberdinei modu ordenatuan aurre egitera» dei egin du.

«Egia ezberdinen batura»

Foro Sozialaren esanetan, inork ez dauka «egiaren monopolioa», eta egia osoa «egia ezberdinen batura» izango da. Horrek, baina, elkarrenganako enpatia eskatzen duela uste du, lubitik ateratzea: «Bizikidetza demokratikoaren eraikuntzak gertatu den guztiari buruz hitz egitea eskatzen du; hainbeste urtetan gure eguneroko bizitzaren parte izan diren eta gehiegitan ezagutzen ez ditugun indarkeria horiek nola bizi izan ditugun jakitea, gure lubakiaren erosotasun eremuan babesa bilatu dugulako».

Ez egiteak belaunaldi berriak zamatzea ekar dezakeela ere ohartarazi du: «Transferitu ezin zaien erantzukizuna da gai horretan sakontzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.