Musika

Sepultura, Sofa, Pasadena eta Lumi ere EHZn ariko dira

Horiez eta orain arte iragarritako taldeez gain, Atoem, Joseba Irazoki eta Lagunak, Ah ! Kwantou, Xutik eta Fusible batu dira egitaraura. Uztailaren 1ean, 2an eta 3an egingo dute 26. jaialdia, Irisarrin, Hainbat lur mundu bakarrean! lelopean.

Sepultura Brasilgo heavy metal taldea EHZn ariko da ostiralean, pentzeko agertokian. ANTONIO LACERDA / EFE
Ainhoa Sarasola.
2022ko ekainaren 1a
17:40
Entzun

Hilabete baino ez da falta Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdia hasteko, eta, orain arte iragarritakoez gain, programaziora gehitu diren beste hainbat talderen berri eman du festibalak. «Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guzientzako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea dugu», adierazi dute jaialdiko kideek. Azken iragarpen horien artean daude, besteak beste, Sepultura, Atoem, Sofa, Pasadena, Joseba Irazoki eta Lagunak, Lumi, Ah ! Kwantou, Xutik eta Fusible taldeak. Pentzeko agertokian ariko dira horiek guztiak, beste hainbatez gain. Uztailaren 1ean, 2an eta 3an egingo dute festibala, Irisarrin (Nafarroa Beherea); 26. urtea izango du, eta Hainbat lur mundu bakarrean! hartu du lelotzat aurten.

Jaialdiak apirilean eman zituen jakitera bertan parte hartuko duten beste hainbat talderen izenak. Horien artean daude, besteak beste, Amorante, Delirium Tremens, Niko Etxart eta Hapa Hapa, Fizt & Furiuz, Ibil Bedi, Ezpalak, Calling Marian, Gaitistaneko Orkestra eta Kokoko. Musikarekin segituz, eta berritasun gisa, aurten DJ eszena batek pentzea girotuko duela jakinarazi dute. Bertan ariko dira, besteak beste, Juanita Banana, Lee Scratch Pourri, DJ Txako, Ora eta Marko et Selectarak.

Egunez egun, honela banatu dute musika eskaintza egitarauan:

Ostirala, uztailak 1: Lumi, Amorante, Delirium Tremens, Fizt & Furiuz, Sepultura, Eesah Yasuke, Atoem.

Larunbata, uztailak 2: Kilimak, Frigo, Madelyn Ann, Pasadena, Odei, Ezpalak, Bulego, Vulk, Merina Gris, Calling Marian.

Igandea, uztailak 3: Gailu, Josepa Tapia, Ibil Bedi, Frikun, Sofa, Ah ! Kwantou, Joseba Irazoki eta Lagunak, Xutik, Niko Etxart eta Hapa Hapa, Fusible.

Baina musikaz haragoko eskaintza egiten du urtero EHZk. Hala, aurten ere, animazioak, hitzaldiak, proiekzioak, dantza taldeak, antzezlanak eta bestelako emanaldiak izango dira Irisarrin. Plazan, esaterako, bertso musikatuak, zirku akrobaziak, dantza eta rap emankizunak eta txarangak izango dira larunbatez, eta antzerki, musika, dantza zein umore ikuskizunak igandez, besteak beste. Urririk izango dira guztiak.

Haurrek ere izango dute haien txokoa, non zirkua, jolasak, mitologiari buruzko tailerrak, pailazoak eta beste aurkituko dituzten. Eta Ospitalea eraikinak, berriz, eztabaidak eta mintzaldiak hartuko ditu.

Sarrerak, salgai

Egitarauaz gain, hainbat informazio praktikoren berri ere eman dute jaialdiko kideek. Azaldu dutenez, kanpalekuan urririk lo egin ahal izango dute festibaleko sarrera dutenek. Eta, aurten, berritasun moduan, laguntzaileei erreserbatutako beste kanpaleku bat ere izango da: ehunka autorentzako aparkalekuak izango dira bertan, guztiz urririk, eta furgonetentzat aparkaleku berezi bat egongo da. Aurreratu dutenez, Ipar Euskal Herriko hainbat udalerritatik autobusak antolatuko dira aurten; aurrerago emango dituzte horren inguruko xehetasunak.

Jaialdiak irekia du sarreren aurresalmenta epea. Hiru egunetarako sarrerak 50 euroan dira, eta egunez egunekoak ere eskuratu ahal dira; jaialdiaren webgunean daude eskuragarri. Lekuan bertan, berriz, hiru eguneko txartelak 55 euroan izango dira salgai; ostiral eta larunbatekoak, 22 euroan; eta igandekoak, 17 euroan.

Urtero bezala, festibala ehunka laguntzailek eraikiko dutela gogorarazi dute, eta denen beharra izango dutela ere nabarmendu dute. Lagundu nahi dutenek webgunearen bidez eman dezakete izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.