Europako Batasuna

Danimarkako herritarrek EBren defentsa politikan sartzea erabaki dute

Maastrichteko Itunean berretsitako salbuespena kentzearen alde egin dute boto emaileen %66,9k erreferendumean. 

Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroa, gaur, erreferendumeko emaitza jakin ostean. MARTN SYLVEST / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 1a
23:09
Entzun

Danimarkako herritarrek, erreferendumean, baiezkoa eman diote EB Europako Batasunaren defentsa politikaren parte izateari. Botoen %99 zenbatuta, %66,9k egin dute herrialdeak indarrean izan duen salbuespena kentzearen alde; parte hartzea %65,76koa izan da. 1993an EB birsortu zuen Maastrichteko Ituna onartzearen truke Danimarkari onartu zitzaizkion lau salbuespenetako bat zen defentsa eta segurtasun politikarena —ekonomia eta diru batasuna, justizia eta EBko herritartasuna dira besteak—.

«Danimarkarren gehiengo argi batek baiezkoa bozkatu du gaur [atzo] defentsako salbuespena kentzeko», adierazi du Mette Frederiksen lehen ministro sozialdemokratak. «Horrek esan nahi du Danimarkak orain parte hartu ahalko duela defentsako eta segurtasuneko Europako lankidetzan. Oso pozik nago». Haren esanetan, erreferendumaren emaitzarekin, Eskandinaviako herrialdeak «seinale oso argia» bidali die bere aliatuei eta Vladimir Putin Errusiako presidenteari. «Putinek herrialde aske bat [Ukraina] inbaditu duen eta Europaren egonkortasunari mehatxu egin dion honetan, besteok bat egiten dugu».

Antzera mintzatu da oposizioko buru Jakob Ellemann-Jensen liberala ere: «Batasunaren eta askatasunaren aldeko garaipena da hau». Haren aita Uffe Ellemann-Jensenek, hain justu, Danimarkako Atzerri ministro gisa Maastrichteko Ituna berresteko negoziatu zuen Bruselarekin, lau salbuespen horiek onartzearen truke.

Danimarka NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide da 1949tik, eta aliantza militar horren nazioarteko misioetan parte hartu izan du, baita NBE Nazio Batuen Erakundearen izenean egin direnetan ere. Ez, ordea, EBk hedatu izan dituenetan —Balkanetan, esate baterako—, Maastrichteko Itunean salbuespena negoziatu zuelako, Bruselatik defentsa politika independenteari eusteko. Azken 30 urteetan Danimarka gobernatu duten lehen ministroek eta parlamentuko alderdi gehienek behin baino gehiagotan esan izan dute ez zela beharrezkoa defentsako salbuespena berraztertzea.

Errusiaren erasoaldiak eta horren ondorioz Finlandiak eta Suediak NATOra hurbiltzeko erakutsitako jarrerek, ordea, erabat aldatu ditu Danimarkaren asmoak eta jarrerak segurtasun alorrean. Hala, EBko defentsa politikan sartzearen aldeko iritzia nabarmen nagusitu da. Danimarkako Parlamentuko hamalau alderdietatik 11 defentsako salbuespena baztertzearen alde azaldu dira. Alboratzearen aurka, berriz, hiru: bi alderdi ultraeskuindar eta euroeszeptiko, eta alderdi ezkertiar bat.

Horretaz gain, Eskandinaviako herrialdeak defentsarako inbertsioa handituko du datozen urteetan, 2033rako barne produktu gordinaren %2ra iritsi arte —aliantza militarrak kideei ezarritako eskakizuna da—.

Erabaki «historikoa»

Erreferendumaren emaitza jakin eta berehala heldu dira EBko agintarien erreakzioak. Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak txio bidez nabarmendu du Danimarkako herriak erabaki «historikoa» hartu duela. «Mundua aldatu egin da Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik. Erabaki hori onuragarria izango da Europarentzat, eta EB eta Danimarkako herria seguruagoak eta indartsuagoak izango dira».

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, bestalde, «oniritzia» eman dio «segurtasun komunarekiko» konpromiso mezu indartsuari. «Danimarkak defentsan duen esperientzia oso balioetsia da. Ziur nago Danimarkak eta EBk onura aterako diotela erabaki horri», idatzi du sare sozialetan.

Era berean, EBko diplomaziaburu Josep Borrellek «historikotzat» jo du erabakia, eta «pozik» hartu du erreferendumaren emaitza. «Danimarkako Gobernuak talde komunitarioko kide diren estatuei bere erabakiaren berri eman bezain laster, prest gaude neurri guztiak azkar hartzeko, Danimarkak EBko Segurtasun eta Defentsa Politika Bateratuaren alderdi guztietan parte har dezan», erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.