Euskara

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du Lanbideren prestakuntza eskaintza euskalduntzeko eskaera

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk proposatu dute Lanbidek estrategia bat abia dezala lanbide guztietan bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna eskuratzeko. Aurka bozkatu dute EAJk, PSE-EEk, PP+C’s-ek eta Voxek.

Lanbideren bulego bat. JUAN CARLOS RUIZ
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 2a
13:48
Entzun

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak eraman du gaia osoko bilkurara, zera eskatzeko: estrategia bat martxan jartzeko Lanbideren prestakuntza eskaintzak EAEko bi hizkuntza ofizialetan berdintasunez eskaintzeko. Elkarrekin Podemos-IU taldearekin erdibideko zuzenketa adostu du koalizioak, baina ez dute onartu, gainerako taldeek aurka bozkatu dutelako. Haren ordez, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako osoko zuzenketak egin du aurrera, bi talde horien babesarekin. Onartu duten testuak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Enpleguaren Plan Estrategikoan hizkuntza berdintasunari buruz ezarritakoa gara dezala, euskara lanpostuan sartzeko tresna gisa sustatuz eta Lanbide bidez euskara ikastea Lanbide Heziketan txertatuz.

Apirilaren 1ean Idoia Mendia Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak egindako adierazpenak gogoan hartu ditu Uberak hitza hartu duenean. Orduko hartan, Mendiak adierazi zuen langabetuek egindako 2.496 ikastaroetatik bat bera ere ez zela euskaraz egin. Aldiz, lanean ari diren herritarrei eskaini zaizkien 6.535 prestakuntza ikastaroetatik 11 euskaraz egiten ari direla jakinarazi zuen. «Oraindik ere ikusten dugu prestakuntza ikastaroak euskaraz ez eskaintzearen ardura nola jartzen den ikastaroa eskatzen duenarengan. Eta, oraindik ere, ikusten da lan eremu bakoitzari loturiko hizkuntza gaitasuna eskuratzeko metodologia gailendu beharra», salatu du Uberak.

EH Bilduko legebiltzarkideak esan du Lan eta Enplegu Sailean ez dagoela borondaterik langileak euskalduntzeko, eta modu horretan «nekez» egin ahalko dela aurrera lan mundua euskalduntzeko prozesuan. Eta datu bat eman du:Enpleguaren Lan Estrategikoaren 180 orrietan «sei lerro» eskaintzen zaizkiola euskarari. «Nahikoa al da hori lan mundua euskalduntzeko? Mezua ezin da izan 'euskaraz ikas ezazu eskolan, baina gero lan munduan ez duzu behar izango'. Jaurlaritzaren xedea izan behar du lan mundua euskalduntzeak», ohartarazi du Uberak. Haren ustez, Lanbidek «astindu» bat behar du, batez ere estrategian, eta baita «aldaketa sakona» ere.

Uberaren iritziz, lan mundua euskalduntzeko ez da nahikoa plan estrategikoan jasotakoa. «Euskararen alde egotea ez da nahikoa: ekintza zehatzak behar dira. Hitz politak baino gehiago, ekintzak eta proaktibitatea behar ditu, eta gobernuaren aldetik ardura behar du», adierazi du.

Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezek bat egin du EH Bilduren kritikekin. Ezinbestekotzat jo du Lanbideren formakuntza eskaintzaren barruan «metodologia» bat martxan jartzea lan eremuan bi hizkuntzetan komunikatzeko gaitasuna lortzeko, batez ere gizarte eta osasun esparruan, eta baita ostalaritzan eta merkataritzan ere. Haren ustez, estrategia hori langabeei eskainitako ikastaroetan eta lanean daudenentzako prestakuntzan ezarri beharko litzateke.

PSE-EEko Alberto Alonsok adierazi du Enpleguaren Lan Estrategikoan jasota daudela lan mundua euskalduntzeko helburuak. «Lan Sailak eta Lanbidek modu aktiboan egiten dute behar lana aurkitzeko orduan hizkuntza oztopo izan ez dadin», esan du. Haren ustez, xede hori erdiesteko ez da estrategia berririk behar.

EAJko legebiltzarkide Aitor Urrutiaren iritziz, berriz, lan mundua euskalduntzeko emandako «aurrerapausoak» ez dira nahikoa izan, eta errealitatea «gordina» eta «kezkagarria» da: «Euskararen normalizaziorako bidean arlo zailenetako bat da lan mundua». Hala ere, Lanbidek euskarazko ikastaroen eskaintza bermatzeko konpromisoa duela berretsi du, plan estrategikoan hala jasota dagoelako: «Nahikoa al da? Seguru asko ez da nahikoa izango, baina norabidea markatuta dago. Estrategiaren epe muga amaitzen denean ebaluatu beharko dugu». Horrekin batera, Urrutiak «herri akordioak» eskatu ditu euskararen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.