Lan merkatua

Langile elbarrien %77k kontratu mugagabea dute

EHLABE elkartearen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan desgaitasunen bat duten 8.153 langile daude guztira, eta kolektiboko langabezia tasa %16,5 da. Batez besteko soldata, berriz, 1.150 euro inguru.

Langile itsu bat egokituriko teklatu bat erabiltzen. EMILIO NARANJO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko ekainaren 2a
14:33
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresetan elbarritasunen bat duten 8.153 langile daude guztira, iaz baino 79 gutxiago, baina, Asier Vitoria EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteko presidentearen ustez, ez datu txarra, besteak beste 221 langile igaro direlako enplegu zentro berezituetatik lanpostu arruntetara. «Iazko lorpenik handiena da elbarritasunen bat duten langileen enplegua mantendu egin dela. Pandemiak eta beste krisiak igaro diren arren, lana mantendu egin da, eta hori da integrazio sozialerako biderik onena».

EHLABE hamahiru elkartek osatzen dute, eta bertan daude, besteak beste, Gureak, Bidaideak eta Lantegi Batuakegitasmoak. Txosten mamitsu batean, elkarteak desgaitasunen bat duten langileen argazkia egin du. Esaterako, kolektiboaren langabezia tasa %16,5 da, «Espainiakoa baino askoz apalagoa, han %23,5 baita», zehaztu du Vitoriak. Sektoreka, %55ek industrian dihardute, eta %45ek, zerbitzuen sektorean.

Lan baldintzei dagokienez, azken urtean %3 handitu da lan finkoa duten langileen kopurua, eta egun %77ek dute kontratu mugagabea. Jardunaldiari dagokienez, «%90etik gora» dira lanaldi osoa dutenak, eta ez duten gehienek euren desgaitasunak eragozten dielako ez dute. Soldatari dagokionez, gehienek gutxieneko soldata gehi %1,5 irabazten dute: 16.100 euro gordin urtean, hau da, 1.150 euro gordineko hamalau ordainketa. Ikerketa aletzen hasita, Vitoriak nabarmendu du langileen %59 laguntza handiena behar dutenen multzokoak direla. Elbarritasun motaren araberako entresaka eginda, %37ek desgaitasun fisikoa dute; %30ek, adimen gaitasuna; %25ek, gaixotasun mentala; eta %8k zentzumen gaitasuna.

Arlo ekonomikoari dagokionez, EHLABEko enpresek 303 milioi euro fakturatu zituzten iaz —pandemiaren aurretik baino 63 milioi gutxiago—, eta horietatik 211 industria salmentatatik iritsi ziren. Enpresen autofinantzaketa %74koa da. Epe motzera begira, baina, EHLABEn uste dute kosta egingo zaiela hazten jarraitzea: «Lan merkatuak eskatzen dituen malgutasun ezaugarriekin, gero eta zailagoa izango da enplegua lortzea».

Lanbide da Jaurlaritzaren eta EHLABEren arteko zilbor hestea, eta, Idoia Mendia lehendakariordeak azaldu duenez, azken bi urteetan %16,6 handitu da lan babestuko elkarteak erakundeetatik jasotzen duen diru kopurua. «Egun 66,8 milioi euro ematen dizkiegu urtean, sailaren ardura hartu genuenean baino hamar gehiago». EHLABEren kalkuluen arabera, euren jardunak 786 milioi euroko inpaktua du gizartean. Kopuru hori Deustuko Unibertsitateari eta EHUri eskaturiko ikerketa batetik lortu dute. Bertan sartu dituzte, besteak beste, soldatak, formakuntza, lan orientazioa, pentsio ez-kontributiboetan aurrezturiko dirua, edota familiei egokituko zitzaizkien kontziliazio edo zaintza denbora. «Erakundetatik jasotzen dugun euro bakoitzeko zortzi itzultzen ditugu», laburbildu du Vitoriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.