Siriako gerra

SDFk ohartarazi du Turkiaren beste eraso batek «krisi humanitario bat» eragingo lukeela

Erdoganek iragarri du Siria ipar-mendebaldeko Manbij eta Tell Rifaat jomugan dituela, eta gero «pausoz pauso beste eskualde batzuetan» sartuko direla.

SDFren miliziano batzuk, Al-Hasakahn (Rojava), iragan urtarrilean. AHMED MARDNLI / EFE
ander perez zala
2022ko ekainaren 2a
15:30
Entzun

Mazlum Abdi SDF Siriako Indar Demokratikoen komandanteburua argi mintzatu da: Turkiako armadaren beste eraso batek «krisi humanitario bat» eragingo luke, eta nabarmen kalte egingo lioke Estatu Islamikoaren kontrako borrokari.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak haren alderdiko diputatuei jakinarazi zien, atzo, beste esku hartze militar bat prestatzen ari direla Siria iparralderako. 2016tik hona egindako laugarrena litzateke, eta, Erdoganen arabera, «terroristengandik garbitzea» du helburu; hau da, kurduen YPG Herriaren Babes Unitateak eremu horretatik bota nahi ditu. Zehazki, SDFren kontrolpean dauden Manbijetik eta Tell Rifaatetik (Siria ipar-mendebaldean); gero, «pausoz pauso beste eskualde batzuetan» sartuko lirateke.

«Beste fase batera pasatzen gara gure mugatik 30 kilometro hegoaldera segurtasun zona bat ezartzeko borrokan», adierazi zuen Turkiako presidenteak. Asmo horrek 2019ko urrian Rojavan egindako operazioa dakar gogora, horren bidez agintariak «segurtasun eremu bat» finkatzea lortu baitzuen Ras al-Ain eta Tel Abyad artean; zona hori Turkiaren eta bere milizia aliatuen kontrolpean geratu zen, eta kurduak erretiratu egin behar izan zuten mugatik 32 kilometro atzerago.

Badirudi, hortaz, Erdoganek «segurtasun eremu» hori egungo mugetatik harago zabaldu nahi duela, azken hilabeteetan argudiatu baitu akordioa ez dela erabat bete; hori bai, agintariak ez du oraindik datarik finkatu esku hartze militar horretarako —publikoki ez, behintzat—, esan baitu «edozein gautan» has daitekeela erasoaldia.

SDFren komandanteburuak Turkiako presidenteari erantzun dio, Twitter bidez, «hondamendi gehiago» eragotzi behar direla, eta plana eteteko deia ere helarazi dio: «Edozein erasoaldik siriarrak zatituko ditu, [...] eta jatorrizko biztanleak eta barne desplazatuak tokiz aldatzera behartuko ditu».

Gainera, atzo, ohar baten bitartez, aliantza militar horrek azaldu zuen Turkiako armadaren erasoak areagotu egin direla bere kontrolpeko hainbat eremutan, «maila arriskutsu batera» iristeraino; ordu txikietan, esaterako, 30 herrixkatan bonbardaketak jasan zituzten —Ankarak artilleria, suziriak eta drone suizida bat erabili zituen, SDFren arabera—.

Kurduak eta NATO

Turkiak «terroristatzat» du YPG, eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin duen harremana hartzen du aitzakiatzat haren kontra egiteko; balizko erasoaldiaren mehatxua, baina, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen testuinguruaren ere kokatu behar da.

Finlandiak eta Suediak Mendebaldearen aliantza militarrean sartzeko eskaria egin dute, baina Erdoganek mehatxu egin die betoa ezartzearekin, bi herrialde horiek «segurtasun eskariak» betetzen ez badituzte. Hau da, Ankarak nahi du Helsinkik eta Stockholmek ere «terrorista» izenda ditzatela talde armatu kurduak, eta Turkiaren arma esportazioei jarritako murrizketak kentzea.

Erdoganen NATOko aliatuei dagokionez, ez dute begi onez ikusi esku hartze militar horretarako asmoa. Antony Blinken Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak horren kontrako jarrera erakutsi dute Washingtonen egindako prentsaurreko batean, eta horretan Turkiako presidenteari eskatu diote 2019ko su-etena errespetatzeko.

Siriako Armada Nazionalak, berriz, baieztatu du plan horren berri duela, eta Turkiako armada laguntzeko prest dagoela, 2019an egin zuen modura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.