Pentsioak

Kotizaziorik gabeko pentsioak %15 handitzea adostu du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin

Koalizio subiranistaren arabera, hilean 60-100 euro inguru igoko dituzte. Urte amaierara arte egongo da indarrean, eta 2023ko aurrekontuetan ere jasotzea aurreikusi dute.

Oskar Matute eta Iñaki Ruiz de Pinedo EH BIlduko diputatuak, Espainiako Kongresuan. MARISCAL (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 2a
15:33
Entzun

Kotizaziorik gabeko pentsioek inoizko igoerarik handiena izango dute Hego Euskal Herrian. EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin eginiko akordioari esker, %15 igoko dira: EH Bilduren kalkuluen arabera, mota horretako pentsioren bat dutenek hilero 60 eta 100 euro arteko igoera izango dute. Gutxienez 2022ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean neurria, eta Sanchezen gobernua konprometitu egin da 2023ko aurrekontuetako pentsioen errebalorizazioan ere jasotzeko, betiere koalizio subiranistaren arabera.

Gizarte Segurantzak mota horretako 15.592 pentsio ordaindu zituen guztira apirilean Hego Euskal Herrian, 410 euro ingurukoak batez beste. Kotizaziorik gabeko pentsioak 1991tik daude indarrean. Urte batzuetan, kotizazioen araberakoen gainetik egon dira, garaian garaiko gobernuaren beharren arabera; hala gertatu zen, adibidez, 2018an: %2,75 igo zituen Mariano Rajoyren gobernuak (PP), EAJrekin eginiko aurrekontu akordioari esker. Aurten, %4,5eko igoera izan zuten; kotizazioen araberakoek, %2,5ekoa.

Bata bestearen truke

%15eko igoera jasotzen duen neurria txertatuko da Espainiako Gobernuak Ukrainako gerra herritarren artean izaten ari den kostua arintzeko laster onartuko duen dekretuan. Eta, akordio horri esker, EH Bildu abstenitu egingo da pentsio funts publikoak arautuko dituen legearen tramitazioaren bozketan.

Arabako diputatu Iñaki Ruiz de Pinedok azpimarratu duenez, igoera onuragarria izango da Hego Euskal Herriko milaka pentsiodunentzat, «batez ere miseriazko pentsioak kobratzen dituzten emakumeentzat eta baliaezintasunen bat duten pertsonentzat». EH Bilduren arabera, «pentsiodunen mugimenduaren borroka nekaezinari esker» lortu da akordioa: «Badakigu ez dela nahikoa, baina ziur gaude neurri honek milaka eta milaka pentsiodunen egunerokoa zertxobait arinduko duela, merezi duten duintasunerako bidean aurrerapausoa baita».

Era berean, EH Bilduk «berme bat» lortu du Espainiako Gobernuak sortu nahi duen pentsioen funts publiko berria Gizarte Segurantzaren funtsekin finantzatzea eragozteko. Horren truke, EH Bildu abstenitu egin da lege proiektuari buruz batzordean eginiko bozketan. Eta, horri esker, Espainiako Gobernuak lortu du kongresuko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu ahal izatea. Egitasmo hori, beste batzuekin batera, ekainaren 30a baino lehen onartu behar du gobernuak, Bruselarekin hitzartutako pentsio sistemaren erreformaren beste mugarri bat gainditzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.