Lan istripua

Hil egin da astelehenean Garesen zauritutako langilea

58 urte zituen. Eraikin baten berritze lanetan ari zela zauritu zen, altuera batetik erorita. LABen arabera, aldamioak ez zituen segurtasun neurriak betetzen.

Lan istripuak salatzeko mobilizazio bat. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
2022ko ekainaren 3a
16:50
Entzun

Astelehenean Garesen (Nafarroa) istripu larria izan zuen langilea hil egin da. 58 urte zituen, eta herriaren erdiguneko eraikin baten berritzen lanetan zebilen; aldamiotik erori eta larri zauritu zen. Ostegunean hil zen.

LAB sindikaturen zenbaketaren arabera, Euskal Herrian lan istripuan hildako 31. behargina da; horietatik zazpi altueretatik erorita hil dira.

Sindikatuak salatu duenez, aldamioak ez zituen beharrezko segurtasun neurriak betetzen. LABen arabera, «benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez da etengo». «Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira». Hala, Nafarroako Gobernuari «beharrezko baliabideak» jartzeko eskatu dio, eta patronalari lan osasunerako neurriak betetzeko.

CCOOk ere salatu du gertakaria, eta administrazioei eskatu die kontrol neurriak indartzeko. «Istripu guztiak saihestu daitezke, eta enpresen beharra da hori betetzea, eta administrazioena hori exijitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.