ERRESUMA BATUA

Zentsura mozioa gainditu arren, Johnsonen posizioa areago ahuldu da

211 diputatu kontserbadorek Johnsonen alde bozkatu dute pandemiako festen auziak eragindako alderdi barruko konfiantza mozioan, eta Erresuma Batuko lehen ministro izaten jarraituko du.

Johnsoni dimititzeko eskatzen dion kartel bat, atzo, Londresen, Komunen Ganberaren kanpoaldean. ANDY RAIN / EFE
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 6a
19:45
Entzun

Are gehiago ahulduta, baina Boris Johnsonek Erresuma Batuko lehen ministro izaten jarraituko du. Pandemian Downing Streeten egindako festen eskandaluaren harira erantzukizunak argitzeko, Alderdi Kontserbadoreak barneko zentsura mozio bat egin du gaur iluntzean, eta 211 diputatuk egin dute tory-en liderraren alde, eta 148k, berriz, kontra. Parlamentari tory-ak 359 izanik, 180ren babesa behar zuen: erdia gehi bat. Bozketa egin aurretik, Johnson Komunen Ganberako diputatu kontserbadoreei zuzendu zaie bilera batean, eta, Sky News telebista katearen arabera, «batasuna» eskatu die. «Nire lidergopean lortu zuten kontserbadoreek azkeneko 40 urteotako garaipenik handiena [2019ko bozetan]. Aurrera egin dezakegu. Elkarrekin indar izugarria dugu». Baina mozioko emaitzak ez du batasun horren berri ematen.

Alderdi Kontserbadorearen arautegiak zehazten du behin konfiantza mozioa gaindituta, urtebeteko epean ezingo dela molde bereko beste bozketa bat egin alderdiko burua kargugabetzeko. Nolanahi ere, Johnsonenganako konfiantza oso higatuta dago; bai gizartean —hala adierazten dute inkestek—, baita alderdi barruan ere.

Lehen ministroaren kabineteko idazkariorde Sue Grayk pasa den maiatzaren 25ean kaleratu zuen gobernuaren egoitzan egindako festei buruzko behin betiko txostena. Jarrera «justifikaezina» edukitzea egotzi zion Johnsoni, eta erantzukizunak hartzera deitu zuen. Komunen Ganberak berak, gainera, Johnson ikertzea onartu zuen apirilaren 21ean. Alderdi Laboristak aurkeztu zuen mozioa, eta oztoporik gabe egin zuen aurrera, lehen ministroaren alderdiko diputatuak ere ez baitziren kontra agertu.

Johnson barkamena eskatzera mugatu da joan den urtarriletik, hedabideak festen auziari buruzko informazioa kaleratzen hasi zirenetik. Dimititzeko eskatu diote, baina Johnsonek ez du amore eman. Hesituta dago politikoki, eta ekonomikoki, gainera, atzeraldi arriskuan dago Erresuma Batua.

Balizko hautagaiak

Azken asteetan barneko zentsura mozioaz espekulatu da, ugaritu egin direlako Johnsonen egiteko moduaren aurka agertu diren diputatu tory-ak. Eta Graham Brady 1922 Batzordeko buruak —gobernuan ez dauden diputatu kontserbadoreak biltzen ditu batzorde horrek— gaur goizean jakinarazi du Alderdi Kontserbadoreko liderraren aurkako konfiantza mozio bat aurkezteko prozedura abiatuko zuela, arautegiak zehaztu bezala diputatu tory-en %15ek hala eskatu dutelako; horrek esan nahi du 54 parlamentarik, behintzat, egin dutela eskaera, 359 dituzte-eta Komunen Ganberan.

Eta Erresuma Batuko hedabideek azken egunetan kaleratu dute Jeremy Hunt diputatuak edukiko lituzkeela Johnson ordezkatzeko aukera gehien, kargugabetzen baldin badute. «[Herritarrek] agintea eman ziguten, eta diputatu kontserbadoreek badakite ez garela ari britainiarrei merezi duten lidergoa eskaintzen. Ez gara ari eskaintzen beharrezko zintzotasuna, eraginkortasuna eta bisioa herrialde honek daukan alimaleko ahalaren burua hartzeko», idatzi du, goizean, Twitterreko bere kontuan.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro izandakoak (2016-2019) dimisioa eman eta gero Alderdi Kontserbadoreak egindako hauteskunde primarioetan Johnsonen lehiakide nagusia izan zen Hunt. Gainera, bai David Cameron lehen ministroa izan zenean (2010-2016), bai May karguan egon zenean, ministro izan zen. «Ez aldatzearen [liderra] ondorioak izango dira herrialdea uztea balio horiek [kontserbadoreenak] konpartitzen ez dituztenen esku», ohartarazi du. 2025eko urtarrila baino lehenago egin beharko dituzte hurrengo hauteskunde orokorrak Erresuma Batuan.

Areago joan da John Penrose diputatua, Sky News telebista katean egin zioten elkarrizketa batean: «Azkenean gaur arratsaldeko bozketa irabazten badu ere, sentsazio orokorra da hau dela bukaeraren hasiera. Uste dut dena amaitu dela». Barne Ministerioak ustelkeriari aurre egiteko duen saileko burua izan da Penrose Johnson lehen ministro denetik, baina atzo iragarri zuen dimisioa eman duela, iruditzen baitzaio Downing Streeteko 10. zenbakiko maizterrak gobernuaren kode etikoa «urratu» duela, egotzita pandemian egindako festen inguruan «gezurrak» esan izan dituela Komunen Ganberan.

Bestalde, Alderdi Laboristako buru Keir Stamer aspalditik ari zaio esaten Johnsoni dimititu dezala. Ez duenez hori egin, tory-ei eskatu izan die barneko zentsura moziora deitu zezatela, eta gaur, «interes nazionalagatik», lehen ministroaren kontra bozkatzeko eskatu die parlamentari kontserbadoreei. Hori bai, laboristen artean badira pentsatzen dutenak Johnsonek karguan jarraitzeak on egin diezaiekeela azkenean.

Aurrekari batzuk
Margaret Thatcherrek (1989an eta 1990ean), John Majorrek (1995ean) eta Mayk (2018) ere barneko zentsura mozio bati aurre egin behar izan zioten tory-en lider eta Erresuma Batuko lehen ministro zirenean, eta onik atera ziren. Hori bai, gehiengo ahul bat eskuratu zuten bozketa horietan, %50-60 artekoa, eta argi ikusi zen, hortaz, diputatuen erdiak ia kontra zituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.