Arte eszenikoak

Lucia Lakarra, Iratxe Ansa eta Sandra Ferrus saritu dituzte Max sarietan

Emakumezko dantzaririk onenaren, koreografiarik onenaren eta egile berririk onenaren sariak jaso zituzten, hurrenez hurren. Hautagaien artean ziren Ignacio del Moral antzerkigilea, Dimegaz konpainia eta 'Kotondarrak' ikuskizuna ere.

Lucia Lakarra, atzo, Max sarien ekitaldian. DAVID ARQUIMBAU SINTES
Nagore Arin.
2022ko ekainaren 7a
10:13
Entzun

Bart iluntzean banatu dituzte SGAE fundazioak antolatutako Espainiako Arte Eszenikoen 25. Max sariak, Menorcan (Herrialde Katalanak) egindako ekitaldi batean. Apirilaren 25ean jakinarazi zuten hogei kategoriatan bereizitako 65 finalisten zerrenda. Hautagai horien artean ziren Ignacio del Moral, Lucia Lakarra, Iratxe Ansa eta Sandra Ferrus Euskal Herriko sortzaileak, eta Dimegaz konpainia eta Anita Maravillas eta Portal 71 konpainien Kotondarrak txotxongilo ikuskizuna.

Bada, Lucia Lakarra, Iratxe Ansa eta Sandra Ferrus sortzaileek Max sari banarekin amaitu zuten gaua. Emakumezko dantzaririk onenaren saria jaso zuen Lucia Lakarra dantzariak, In the Still of the Night ikuskizunean egindako lanagatik; koreografiarik onenarena jaso zuen Iratxe Ansa koreografoak, CreAcción emanaldiagatik; eta egile berririk onenarena, berriz, Sandra Ferrus aktoreak, La panadera obrarengatik –emakumezko aktorerik onenaren garaikurra jasotzeko hautagaien artean ere bazegoen Ferrus–.

Euskal Herriko artisten lanez gaindi, Juan Diego Botto aktoreak interpretatutako eta Sergio Peris-Mencheta antzerkigileak zuzendutako Una noche sin luna lana izan zen Max sarien galan gehien aipatu zen ekoizpenetako bat: ikuskizun onenaren eta gizonezko aktorerik onenaren sariak jaso zituen. Sarituen artean nabarmendu zen beste lan bat Canto jo i la muntanya balla izan zen: eszena zuzendaritza onenaren, espazio eszenikoaren diseinu onenaren eta ikuskizun eszenikorako musika konposizio onenaren sariak jaso zituen.

Hiru, bidean

Garaikurra lortzetik hurbil gelditu dira Ignacio del Moral, Dimegaz konpainia, eta Anita Maravillas eta Portal 71 konpainien Kotondarrak txotxongilo ikuskizuna. Moldaketarik onenaren kategorian izendatu zuten Del Moral, Arriaga antzokiak ekoitzitako El viaje a ninguna parte obrarengatik. Dimegaz konpainia kaleko ikuskizunik onenaren kategorian izendatu zuten, Harria herria lanarengatik. Anita Maravillas eta Portal 71 konpainien Kotondarrak txotxongilo ikuskizuna, berriz, haur eta gazteentzako lanik onenaren sarirako hautagai zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.