Pentsioak

EH Bilduk ziurtatu du kotizazio gabeko pentsioen akordioa onartuko dela

PSOEk atzera egiteko asmoa duela zabaldu dute Espainiako zenbait egunkarik, baina Aizpuruak esan du gobernuaren hitza duela.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozermailea, astearte honetan Madrilen egindako agerraldian. MARISCAL (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 7a
12:50
Entzun

Mertxe Aizpurua EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak ziurtatu du Sanchezen gobernuak berak baieztatu egin diola neurria onartu egingo dela eta, gainera, aurreko astean iragarritako krisiaren aurkako planean sartuko dela, adostu zuten moduan. Hala, gezurtatu egin du Vocento taldeko egunkariek asteartean argitaratutako informazioa.

EH Bilduk Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroarekin negoziatu zuen kotizaziorik gabeko pentsioak %15 igotzea, eta, horren truke, EH Bildu abstenitu egin zen enpresetako pentsio planen legearen irizpenaren bozketan, aurreko ostiralean.

Baina, Vocento taldeak gaur argitaratu duenez, akordio hori zalantzan jarri dute alderdi sozialistako kide batzuek. Presidentziako iturriak aipatuz, egunkari horiek diote neurria ez dela jasoko Pedro Sanchezek aurreko astean iragarri zuen planean, zeinak, besteak beste, erregaien 20 zentimoko beherapena eta argindarraren BEZaren jaitsieraren luzapena jasotzen duen. Dena den, iturri horiek ez dute baztertzen beste era batera aurrera ateratzea. Horri buruz galdetuta, Aizpuruak esan du «arrazoirik ez» dagoela adostu moduan ez egiteko. «Gaur hitz egin dugu gobernuarekin, eta baieztatu digute ez dagoela inolako aldaketarik, eta akordioa bere horretan mantentzen dela», ziurtatu du asteartean Madrilen egindako prentsaurreko batean.

Joan den ostiralean adostutakoak Hego Euskal Herriko ia 16.000 pentsiori eragingo lieke; batez beste, 420 eurokoak dira pentsio horiek, eta inoizko igoerarik handiena izango lukete.

Zuzenketen zuzenketa

Oso gorabeheratsua izan zen aurreko ostiraleko bozketa, eta zalaparta handia eragin du Espainiako Gobernuan. Enpresetako pentsio planen legearen tramitazioan, PSOEko kideek Unidas Podemosekoen zuzenketa batzuk onartu zituzten, akats baten ondorioz. Besteak beste, soldatarik handienen kotizazioei gehienezko muga kentzea babestu zuten sozialistek, eta beste zuzenketa bat enpresariak behartzeko enpresa pentsio planetan egindako ekarpenengatik kotizatzera. Hain justu, PSOEk kontrakoa adostu zuen Ciudadanosekin, eta alderdi horren babesa, PPrena eta Voxen abstentzioa ziurtatuta zeuzkan. Bozketa berriz egiteko eskatu zuen PSOEk, baina ez zen posible izan. Oker hori zuzentzeko, boto partikular bat aurkeztu du, eta ostegunean bozkatuko dira hori eta gainerako zuzenketak parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.