Albistea entzun

Hilberria

Josefina Lamberto hil da, oroimen historikoaren defendatzaile eta Maravillas Lambertoren ahizpa

Atzo hil zen, 93 urte zituela. Maravillas Lambertoren ahizpa izateaz gain, Nafarroako oroimen historikoaren alde eginiko lanagatik zen ezaguna.

Josefina Lamberto, artxiboko irudi batean.
Josefina Lamberto, artxiboko irudi batean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Arin -

2022ko ekainak 8 10:55

Josefina Lamberto hil da, Nafarroan oroimen historikoaren alde lan gehien egin duten figura esanguratsuenetako bat. Atzo hil zen, Erruki Etxean, 93 urte zituela.

Vicente Lambertoren alaba eta Maravillas Lambertoren ahizpa izateagatik ere izan zen ezaguna Lamberto: falangistek bai aita eta bai ahizpa eraman, eta hil egin zituzten, 1936ko gerra betean. Geroztik, familiaren historia bere egin, eta errepresioaren aurkako borrokaren irudi izan da Lamberto-Yoldi sendiko ahizparik gazteena.

Larragan jaio zen (Nafarroa), 1929. urtean. Ama, Paulina, Alloko (Nafarroa) etxekoandre bat zen, eta aita, Vicente, herriko nekazari sozialista bat. Zazpi urte besterik ez zituen aita eta ahizpa hil zituztenean, baina, hala eta guztiz ere, memorian ongi iltzatutako egun bat izan da harentzat: «Etxeko atea jo zuten goizeko ordu bietan. Ama koitaduak ez zuen atea ireki beste erremediorik izan».

Oroitzapen iltzatuak

2014. urtean, Josefina Lambertok BERRIAko orrietan kontatu zuen falangistek zer egin zieten aitari eta ahizpari: «Maravillasek 14 urte zituen, eta bazekien herrian ordurako pertsona asko desagertuak zirela. Hori zela eta, falangistei eskatu zien haiekin eramateko, gure aitari zer egiten zioten jakiteko, eta haren arrastoa ez galtzeko. Eraman bai, baina bueltan ekarri ez. Ez genuen ezer gehiago jakin haietaz».

Bilatu eta bilatu, baina Josefinak ezin izan ditu aurkitu Vicente eta Maravillas Lambertoren gorpuzkiak. «Antza denez, aita Ibirikura eraman zuten. Ingurune guztia induskatu zuten, baina ezer ere ez. Ahizpari dagokionez, herritar batek esan zigun behin animaliak bazkatzera eraman zituela eta, gauean haien bila joan zenean, hilotz usaina sumatu zuela. Hara hurbildu, eta gorpu bat ikusi omen zuen, guztiz desitxuratua; txakurrek janda. Gainera, ordurako erabat usteldua zegoen, eta erre egin ei zuten».

Ikusi gehiago: «Nire aita aurkitu nahi nuen, ez besterik, baina ez zidaten utzi»

'Florecica', isiluneen deiadarra

Kontakizun latz hori irudien bitartez kontatzen du Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal zinemagileen Florecica (Loretxoa) ikus-entzunezkoak. 2020an aurkeztu zuten, eta, oinarrian dagoen bizipenaren gogortasunari erantzunez, ezin adierazgarriagoak diren isiluneak jaso zituzten dokumentalean ere. «Izugarri ukitu naute Josefinaren isilune horiek; hainbat segundoz gelditzen zen begirada galduta, auskalo zein oroitzapenera iltzatuta», nabarmendu zuen Virginia Senosiain egileak Nafarroako Hitza-n.

«Oparitzat» jo zuen Lambertoren testigantza jasotzeko aukera eduki izana, eta zehaztu errepresioaren inguruko Insurgencia (Insurgentzia) dokumentalerako egindako elkarrizketa izan zela Lambertori buruzko lanaren abiapuntua: «Sei-zazpi minutuko elkarrizketa egitera joan, eta ordu eta erdiko solasaldia oparitu zigun».

Ikusi gehiago: Moztuta ere hiltzen ez den lilia

Inork ahantzi ez dezan

«Norbaitek oroituko ditu etorkizunean / ahanzturaren zingira honetan gertatuak», dio Berri Txarrak taldearen Maravillas kantuak. Florecica dokumentalaren eta beste hainbat kanturen antzera, Vicente Lambertori eta batez ere haren alaba Maravillas Lambertori gertatu zitzaiena azaltzen du abestiak. Kontakizunaren nondik norakoak xehatzen ditu, eta egun horretan gertatuak ahanzturan gelditu ezin dutela nabarmentzen.

Kantuaren letra, osorik:

Ostikoz bota digute atea
zein dira deitu gabe datozenak?
Zer nahi dute aita, zuzenean zuri begira?
Zein dira oihuka mintzo direnak?

Norbaitek oroituko ditu etorkizunean
ahanzturaren zingira honetan gertatuak

Ikara bortxaren bigarren izena
zein dira deitu gabe datozenak?
Gogoan dut orain aspaldiko aholkua:
ez fida herraren mirabe denaz

Norbaitek oroituko ditu etorkizunean
ahanzturaren zingira honetan ito dituztenak
abesti berriren batean
zuhaitz zaharren azaletan
Argaren zilar uretan
Iluntzeetan

Ostikoz bota digute atea
zein dira deitu gabe datozenak?
Agur ahizpak eta senitarteko guztiak
agur lagunak eta jolasten ginen tokia
adio ene Larraga maitea

Norbaitek oroituko ditu etorkizunean
ahanzturaren zingira honetan ito dituztenak
abesti berriren batean
zuhaitz zaharren azaletan
Erriberako izarretan
Nafarroan

Errepresioaz eta borroka antifrankistaz

Familiari gertatutakoaz espresuki hitz egiteaz gain, errepresioaz eta borroka antifrankistaz ere hainbatetan eta hainbatetan hitz egin izan du Maravillas Lambertoren ahizpa txikiak. 2018. urtean, kasurako, Paquita Bretos pasaitarrarekin batera parte hartu zuen frankismoak ebatsitako galerei buruzko solasaldi batean.

Lehenago elkar ezagutzen ez bazuten ere, irribarrez eta ia negar malkotan agurtu ziren; izan ere, hari ikusezin batez loturik zeuden Lamberto eta Bretos: izu beraren biktima izan dira biak ala biak. Frankismoak umezurtz utzi zituen, eta, hala ere, bizitzeko gogoari eutsiz, baikortasunez beteriko begirada izan dute.

Ikusi gehiago: Diktadurak ebatsi zien haurtzaroa

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elantxobeko portua, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Urpekari bat hilda atera dute uretatik Elantxoben

Berria

10:00ak aldera atera dute gorpua, herritar batek abisua eman ostean. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Ihintz Oliden, AEK-ko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea. ©Guillaume Fauveau

«Zaila da irakasleak atzematea eta atxikitzea»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Urrian, AEK-k erakundeei galdegin zien laguntzak emenda ditzatela bere irakasleek hilabete sari duinak ukan ditzaten. Ez da deus aitzinatu geroztik, baina ikasleen galdea beti berdin azkarra da.

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Iker Tubia

Apirilaren 22an izango da, Landa Eremuaren Nazioarteko Egunean. Erdizen egin asmo duten meategiaren kontrako protestetan ari dira

‘Komikia: euskal komikia 1975etik’ erakusketa ibiltaria. ©Aritz Loiola / FOKU

Historia kontatzeko manera

Zihara Jainaga Larrinaga - Bizkaiko Hitza

Euskal komikigintza ezagutarazteko, ‘Komikia: euskal komikia 1975etik’ erakusketa ibiltaria hartuko du Ugaoko Jane jauregiak otsailaren 3ra arte. Kike Infame eta Mikel Begoñak komisariatu dute.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...