Gerra Ukrainan

Errusiak ziurtatu du prest dagoela Ukrainako kargaontziei segurtasuna bermatzeko

Lavrovek eta Çavusogluk nabarmendu dute «beharrezkoa» dela Ukrainako portuetatik minak kentzea, itsas korridoreak irekitzeko. Errusiako eta Turkiako atzerri ministroak Ankaran batzartu dira.

Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov eta Mevlut Cavusoglu Turkiakoa, gaur, Ankaran. ERRUSIAKO ATZERRI MINISTERIOA / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 8a
13:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Errusia prest dago otsailaren 24tik Ukrainako portuetan blokeatuta dauden 25 milioi tona gari esportatzeko. Halere, Moskuk Kievi leporatu dio «asmorik ez» duela Odesako portutik minak kentzeko. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak egin ditu adierazpenok, Ankaran, Turkiako Atzerri ministro Mevlut Çavusoglurekin bilera egin osteko prentsaurrekoan. Ukrainako garia eta gainerako elikagaiak esportatzeko beharrezkoak diren mekanismoez eztabaidatzen aritu dira.

«Errusiak beharrezko urratsak egin ditu garia garraiatzeko korridoreak irekitzeko. Eta prest gaude Bosforo itsasartera doazen Ukrainako kargaontziei segurtasuna bermatzeko, gure kide turkiarrekin batera», adierazi du Lavrovek, Çavusoglu ondoan zuela. Hori bai, oroitarazi duenez, arazoa konpontzeko, Ukrainak bere portuetatik ateratzen utzi behar die kargaontziei. «Horrez gain, portu ingurutik minak kendu behar dituzte. Ez da besterik behar». Kievek, ordea, ez du nahi bere segurtasuna arriskuan jarri, portuen defentsa ahulduko litzatekeela argudiatuta.

Errusiako Atzerri ministroak, bestalde, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari egotzi dio «oztopatzea» gariaren esportazioaren inguruko negoziazioak. «Mendebaldeari arma gehiago eskatzen dizkio, eta horrek agerian uzten du zer asmo dituen».

Lavroven antzera, Turkiako Atzerri ministroak ere nabarmendu du «beharrezkoa» dela Ukrainako portuetatik minak kentzea, kargaontziek garia Itsaso Beltzera ateratzeko itsas korridore bat ezarri ahal izateko. «Minak kentzea lortzen ez bada, ezin da itsas korridorerik ireki», adierazi du Çavusogluk. Azaldu du, halaber, NBE Nazio Batuen Erakundearekin batera «baldintzak egituratzen» saiatzen ari direla, lau aldeek —NBE, Errusia, Ukraina eta Turkia— korridore horiek ezartzea onargarritzat jo dezaten.

NBEk argitaratutako txosten baten arabera, Ukrainako gerrak piztutako elikagai krisiak mundu osoko 1.600 milioi pertsona ingururi eragiten die. Ukraina munduko zereal esportatzaile handienetako bat da, eta Mendebaldeko herrialdeek Errusiari leporatu diote munduko gosete arriskua sortzea, Itsaso Beltzera irteera duten Ukrainako portuak blokeatu ondotik. Moskuk ukatu egin du nazioarteko elikagai krisian duen erantzukizuna, eta Mendebaldeko zigorrei egotzi die errua. Hala, Kremlin Mendebaldeari eskatzen ari zaio Errusiari ezarritako zigorrak kentzeko, zerealak nazioarteko merkatura iritsi ahal izateko eta elikagaien krisia arintzen laguntzeko.

Ukrainako Zaporizhiako administrazio zibil militarreko buruzagi errusiazaleak, Jevgueni Balitskik, jakinarazi du lehen zereal kargamentua bidali dutela Errusiak 2014an anexionatutako Krimea penintsulara, trenez. Krimeara ez ezik Turkiara eta Ekialde Hurbilera ere zerealak bidaltzen ari direla onartu du, Kieven salaketei entzungor eginez, Rossia Errusiako telebista publikoak jasotakoaren arabera.

Giroa, «lehen baino hobea»

Turkiako ministroak ziurtatu du Ukrainaren eta Errusiaren arteko giroa «lehen baino hobea» dela negoziazio mahaira itzultzeko. Gaur-gaurkoz, egoera blokeatuta dago Moskuren eta Kieven artean. Bi aldeak martxoaren 29an bildu ziren azkenekoz negoziatzeko, eta ordutik ez dute bilera gehiago egin, uste baitute ez dagoela hitz egiteko gutxieneko baldintzarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.