Albistea entzun

Susana Gorbeña Etxebarria

«Duela 60 urte, etxean ezkutatzen zituzten elbarri intelektualak»

Gorabide elbarri intelektualen aldeko Bizkaiko elkarteak 60 urte bete ditu. Bide horretan, elbarriek ikusgai izatea lortu dute, eta elkarteak askotariko zerbitzuak jarri dizkie eskura, Gorbeñak adierazi duenez.

Susana Gorbeña Etxebarria. /
Susana Gorbeña Etxebarria. / Aritz Loiola/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo, Bizkaiko Hitza -

2022ko ekainak 12 09:38

Igarotakoak oroituz, eta aurrera begirako erronkak jopuntuan jarriz: horrela ari da ospatzen 60. urteurrena Gorabide elbarri intelektualen aldeko Bizkaiko elkartea. Atzera begiratzen duenean, gurasoek kontatutakoaz oroitzen da elkarteko presidente Susana Gorbeña Etxebarria (Bilbo, 1962): duela sei hamarkada, elbarriek eta haien senideek ezer gutxi zutela eskura. Familiek Gorabide sortu zuten 1962an, eta, harrezkero, asko ugaritu dira baliabideak. “Gure misio nagusia da elbarriei eta haien familiei zerbitzua ematea”, Gorbeñaren hitzetan. Lan mundurako sarbidea eta aholkularitza eskaintzen dituzte, baina bizitzan oinarrizkoak diren beste gai batzuei ere heltzen diete, hala nola sexualitateari eta doluari. 2019an izendatu zuten elkarteko buru Gorbeña, eta bigarren agintaldia hasi berri du orain.

Gorabidek 60 urte bete ditu. Zein da egoera?

Batetik, iraganera begira gaude, lortutakoak aitortzeko, asko izan baitira. Bestetik, etorkizunera begira ere bagaude, erronka asko ditugulako, eta are gehiago pandemiarekin. Jakitun gara badagoela zer hobetu.

Zergatik sortu zen Gorabide? Zer helburu zituen hasieran?

Ni ez naiz elbarri intelektual baten ama, arreba baizik. Beraz, nire gurasoei entzundakoa dakit: 1960ko hamarkadan ez zegoela ezer, hain zuzen. Pertsona elbarri baten senideek ez zekiten nora joan, ez zegoen espezializatutako profesionalik, medikuek eta psikologoek oso gutxi zekiten gaiaz, irakastetxeetan are gutxiago, eta ez zegoen aholkularitzarik. Familiek batzea erabaki zuten, zerbitzuak eskatzeko eta sortzeko euren seme-alabek zituzten beharretarako.

Nolakoa da egoera orain? Aldatu dira Gorabideren helburuak?

Bai, lehen urteetan dena eraiki zen eta. Orain Gorabidek zerbitzu asko ditu. 60. urteurrenaren harira antolatu genuen familien arteko topaketan, senide batek zera esan zidan: “Gorabidera sartu nintzenean, supermerkatu bat iruditu zitzaidan”. Pisuak daude, babesa bizitza independentea egiteko, egoitzak, eguneko zentroak, familiak laguntzeko eta aholkatzeko oso zerbitzu sendo bat… Eta, 1970eko urteetatik, aisialdirako zerbitzu bat ere bai, urte osoan funtzionatzen duena; boluntarioen laguntzarekin egiten da, eta hori da gehien harrotzen gaituzten aldeetako bat. Familiak babesteko zerbitzua dago, elkar ezagutu, lan egin eta interesak partekatu ditzaten. Hirugarren sektorea indartzeko egiten dugu behar, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin kolaborazio eredu berezia dugu, azken batean ardura publikoko zerbitzuak kudeatzen ditugulako. Ezagutza, berrikuntza eta praktika onak sortzen ditugu.

Beharretara egokitu zarete, ezta?

Gorabide espezializatu egin da behar soziolaboralei erantzuteko. Eta horrek indarra hartu zuenean lantegien bidez, Lantegi Batuak erakundea sustatu genuen. Beste momenturen batean, familiek ikusi zuten kezka handi bati erantzun beharra zutela: beraiek hildakoan zer gertatuko zen euren seme-alabekin. Erantzuna Futubide fundazioa izan zen. Hark du erronkarik handienetakoa orain, Tutoretza Legea aldatu egin delako: jada ez daude tutoretza peko pertsonak, baizik eta laguntza jakin batzuk behar dituztenak.

Nolakoa izango da aldaketa?

Erakunde guztiak ari dira horretan lan egiten, baita sistema judiziala ere. Epaileek hiru urte dituzte Bizkaiko 8.000 tutoretza ebazpen inguru berrikusteko eta lege berrira doitzeko. Jendea jada ez da izango legalki ezgaitua eskritura bat sinatzeko, etxe bat saltzeko, edo, lehen gertatzen zenez, bozkatzeko. Orain, jende horrek gauza horiek guztiak egin ahalko ditu duintasuna eta eskubideak dituelako, nahiz eta laguntza behar kudeatzeko. Lege berriarekin, ez dago ezgaiturik gizartean.

Egun, zer arazo ditu elbarri intelektual batek gizarteratzeko?

Pertsonaren arabera, segun zer autonomia duen… Hezkuntzari dagokionez ere bide luzea egin da, adibidez. Eta lortu dugu gure hiriak eta inguruak fisikoki irisgarriak izatea. Baina lan egin behar dugu pertsonak ere izan daitezen irisgarriak. Oztopoak Hausten eta Goratu programetan, elbarriak eurak joaten dira bankuko profesionalengana, edo behar egiten dute administrazio publikoko erakundeekin, azaltzeko zer behar duten gizartean erabat parte hartu ahal izateko. Horiei deitzen diegu pertsona irisgarriak. Kasu gutxi batzuetan, norbaitek trufa egiten die. Lehen, egoera izugarriak gertatzen ziren: ez zieten uzten hoteletan eta tabernetan sartzen, adibidez.

Beste jomugetako bat lan esparrua da, ezta?

Beste erronketako bat da lortzea elbarriak sar daitezen lan eremu guztietan, ez soilik propio sortutakoetan. Lantegi Batuetako programa batek lagundu egiten die ohiko lan batera jauzia egiteko kapazak direnei eta euskarria behar dutenei.

Sektore batzuetara heltzea konplikatuagoa zaie?

Lantegi Batuen leloa da %100 gai. Alde industrial bat du, eta beste bat zerbitzuena. Lan asko egin dugu sektore elektrikoan, oso indartsua izan baita Euskadin eta, batez ere, Bizkaian. Adibide bat jartzearren, itxialdian, elbarriak oinarrizko langileak ziren, maskarak egin eta adinekoen egoitzak garbitzen baitzituzten. Esaterako, adimen artifizialean egiten ari diren garapenak bai direla erronka bat guretzat, batez ere zerbitzu okupazionalak mantendu nahi ditugulako. Batzuetan konplikatua da, baina borrokatu behar dugu lan eta aisialdi integratuago baten alde.

Halere, joera positiboa da?

Lehen lantegi okupazionaletan, kasik erregutu egin behar zitzaien enpresei eta instituzioei lana eman zezaten. Orain, oso erakunde lehiakor bat bihurtu da, fakturazio esanguratsua duena, bere misioa ahaztu gabe.

Oro har, elbarriak ikusgaiagoak dira orain?

Duela 60 urte, elbarri intelektualak etxean ezkutatzen zituzten; oraingo belaunaldikoek, aldiz, eskolan ere egin dute bat haiekin. Erabateko aldaketa da. Gero eta ikusgaitasun handiagoa dute, gero eta toki gehiagotan daude, eta egon behar dute. Komunikabideei dagokienez, mugarria iruditu zitzaigun Campeones filma. Gero eta elbarri gehiago agertzen dira pelikuletan.

Gorabideren beste zutabeetako bat sexualitatea da. Elbarrien kasuan, tabua bikoitza da?

Gai delikatua da. Baina Gorabiden ikaragarrizko zortea dugu, sexologian espezializatutako psikologo bat daukagulako, urteak daramatzana gai hori jorratzen. Familientzat delikatua da, eta hark oso ondo aholkatzen die. Eta Gorabide programak eta esku hartzeak egiten ari da horren inguruan, bizitzako beste esparru bat delako. Elbarriek ere gura dute euren behar sexualak ase, besteek bezala.

Zailagoa da normatiboak ez diren sexualitateei dagokienez? Ezkutatuago daude?

Esango nuke ez dutela zailtasun handiagorik heterosexualak ez diren gainontzekoek baino. Gaia hizpidera ekarri eta asko landu da Gorabiden. Nik ezagutzen ditut heteronormatiboak ez diren elbarriak, eta berdin-berdin saiatzen dira euren sexualitatea adierazten. Gorabidek aintzat hartzen ditu giza sexualitatearen adierazpen guztiak.

Elkartearen beste jopuntu bat: dolua eta heriotzarekiko harremana. Nola kudeatzen da?

Familiek, oso borondate onarekin, oso babesleak izatera jo dute, seme-alabek sufritu ez dezaten, ez daitezen prozesu batzuetatik igaro… Eta, ondorioz, galdu egin dituzte bizitzak eskaintzen dizkien gauza batzuk. Doluari dagokionez ere beste horrenbeste gertatu da: aita edo ama oso gaixo egon denean azalpenik ez ematea, aurrea ez hartzea, ez laguntzea gai horiei heltzen… Nire amak dependentzia handia du orain, eta ni saiatzen naiz nire nebari azaltzen, ikusten ea nola sentitzen den… Hura ere bere ibilbide emozionala egiten ari da amaren gaixotasunean zehar, gainontzeko anai-arrebak bezala. Asko entzunez kudeatu behar dira halako kontuak, lekua emanez beren zalantzak eta beldurrak adieraz ditzaten; guztiok ditugun zalantzak eta beldurrak, bide batez. Elbarrien dolua ez da zailagoa.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Miel A. Elustondo Rikardo Arregi Kazetaritza saria jasotzen. ©BERRIA

Miel A. Elustondok irabazi du Rikardo Arregi Kazetaritza saria

Julen Otaegi Leonet

BERRIAn argitaratutako 'Tonban ehortzirik' elkarrizketa sortagatik jaso du saria. Hildako pertsonei egindako elkarrizketak bildu ditu, antolatzaileen arabera, «euskarazko kazetaritzan parekorik ez dutenak». Komunikazio saria 'enpresabidea.eus' webguneak irabazi du.

Ikasle bat Hernaniko Langile ikastolan sartzen, gaur goizean ©Jon Urbe / FOKU

Sindikatuen arabera, grebaren oihartzuna %60koa izan da

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak esan du ikastetxeen %92ren datuak dituztela, eta  irakasleen %35,2k egin dutela greba. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitu dituzte langileak grebara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren kontra egiteko.

Bortxaketa bategatik jarritako zigorra lau urtetik hirura apaldu dute Bizkaian

Bortxaketa bategatik jarritako zigorra lau urtetik hirura apaldu dute Bizkaian

Arantxa Iraola

Iragarria zuten Bizkaiko epaileek berrikusketa eskeak aztertzeko asmoa, eta lehen ebazpena eman dute

Mexikoko koral arrezifeak kaltetuta daude turismoarengatik, artxiboko irudia ©Oceanus

Frogatu dute lurraren %30 eta itsasoaren %24 kontserbatzeak eragin positiboa izanen lukeela giza ongizatean

Isabel Jaurena

Unai Pascual Ikerbasqueko ikerlariak parte hartu duen ikerketa batean, mundu osoko aktibo natural kritikoak identifikatu dituzte. Giza ongizatean eragiten duten ekosistema natural eta erdi naturalak dira aktibo horiek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.