Ondarea

Laboaren eta Artze anaien 'Ikimilikiliklik' emanaldiaren jatorrizko grabazioa berreskuratu dute

Artze hil ostean topatu zuten haren paper eta grabazioen artean, eta Elkar argitaletxeak eman du argitara. CD bikoitz batean kaleratu du orain lana, eta udazkenean emango du argitara, LP bikoitz formatuan.

Inigo Astiz
2022ko ekainaren 10a
16:32
Entzun

«Ikimilikiliklik». Beste hamaika bobina, liburu, kasete eta orri solteren artean, boligrafoz idatzitako hitz bakar hori zuen bobina bat ere topatu zuten Elkar argitaletxeko kideek, Joxean Artze zenaren etxean. 2018ko urtarrilean hil zen poeta eta txalaparta jotzailea, eta urte bukaeran hasi ziren material hura guztia antolatzen eta digitalizatzen. Hitz bakar hark arreta piztuta, bobina huraxe izan zen estudioan entzun zuten lehena. Justifikatuta zegoen interesa. Ez Dok Amairu bereizi ostean, Mikel Laboak eta Joxan eta Jesus Artze anaiek 1975etik 1978ra bitartean hainbat lekutan taularatutako Ikimilikiliklik ikus-entzunezkoaren zuzeneko grabazioa baitzen. «Altxor bat», argitaletxeko ordezkariek azaldu dutenez. «Garai hartako erresistentzia kultural eta politikoaren isla zen zuzeneko hura». CD bikoitz batean argitaratu dute orain, eta LP bikoitz batean kaleratuko dute udazkenean.

Badok atarian ere entzun daiteke aurrerapen abestia.

Xabier Montoia idazle eta musikariak idatzitako hitzaurrea ere gehitu dio Elkar argitaletxeak publikazioari. «Bi disko hauek gordetzen dutena, garai bateko giroaren lekukotza adierazgarria izateaz gain, kultura baten berpizkundearen isla izateaz gain, hasieran uste nuen bezala, beren sorkuntza gorenean zeuden hiru artista handiren lan zintzoa baita, oroz gain». Montoiak deskribatzen duenez, publikoaren oihuekin hasten da grabazioa, garai hartako aldarri politikoekin; pixkanaka agertzen da txalaparta, eta gero Laboaren ahotsari bide eman. «Hala, ahots aratz bat entzun zen txalaparta isildutakoan, ur garbi baten jario apala irudi: xori erresiñula... Aski. Istantean denok sorginduak».

'Izarren hautsa'-k emandako pista

1975ean estreinatu zuten emanaldia, Algortan (Bizkaia), eta 1978ean taularatu zuten azkenekoz, Parisen amnistiaren alde antolatutako jaialdi batean. Eta grabazioa 1975 edo 1976koa dela ondorioztatu dute argitaletxeko kideek. Izarren hautsa abestiak eman die pista. Argitaletxeko ordezkariek zehaztu dutenez, oraindik «biribildu gabe» dagoelako grabazioan, eta bukaerako zati instrumentalik ere ez duelako. Eta Laboak 1975 eta 1976 bitartean kantatu ohi zuen abestia era horretan. 1976an Veneziako Biurtekoan Euskal Herria ordezkatu zuten ikuskizunetako bat ere izan zen Ikimiilikiliklik, eta Euskal Herrian ere hamaika herritan eskaini zuten. Horregatik, ezin izan dute ondorioztatu grabazioa zehazki non egindakoa den.

Poesia, musika eta proiekzioak uztartzen zituen emanaldi hark. Joxan Artzek egin zituen muntatze lanak. Laboak, kantu tradizionalak ez ezik, autore garaikideen poemak ere musikatu zituen. Artzeren zazpi poema, Leteren bi eta Brechten bat, tartean. Bi pieza esperimental eta instrumental bat ere gehitu zituen. Artze anaiek txalaparta ere jotzen zuten, Bixente Karda aritu zen argi teknikari, Jose Luis Zumetak margotu zituen programetan eta proiekzioetan ikusten ziren txoriak, eta Jose Luis Zabalak egin zituen soinu teknikari lanak, eta hari esker existitzen da grabazioa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.