EUSKAL PRESOAK

Esnalen eta Paroten libertatea «mendeku» gisa ez erabiltzeko eskatu dute Baionan

Bi euskal presoek 32 urte daramatzate espetxean, eta Bake Bideak eta Bakegileek salatu dute Frantziako Gobernuak duela hautu «onartezin» horren «ardura». Antolatzaileen arabera 1.100 lagun elkartu dira Baionan eginiko manifestazioan.

Manifestazioa, gaur, Baionako karriketan barrena. BAKEGILEAK
maddi ane txoperena iribarren
2022ko ekainaren 11
19:24
Entzun

Ehunka lagun elkartu dira gaur Baionan Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak aske uztea eskatzeko. «Bi gizon hauen askatasunaren aldeko erabakiak hartuko ez balira, egiazko estatu mendeku baten parean aurkituko ginateke», Anaiz Funosas Bake Bideko eta Bakegileen bozeramailearen arabera. Izan ere, Frantzian espetxeratuak dauden bi euskal presoek eta garai berean atxiloturiko Unai Parotek 32 urte daramatzate jada kartzelan. Funosasek salatu du hirurek aske behar luketela ez balitzaie «salbuespen» neurririk aplikatuko.

Baldintzapean aske uzteko eskaerak eginak dituzte hala Esnalek nola Ion Parotek, baina bide judizial korapilatsu eta luzeak izan dituzte biek ala biek. Hemendik egun gutira emanen dute Paroten auziaren erabakia: ekainaren 15ean. Esnalena, ordea, gibelatu egin dute berriro: uztailaren 21era arte. Funosasek salatu du zigorrak ezartzeko auzitegiak «terrorismoaren» aurkako fiskaltzaren eta fiskaltza orokorraren «logikan» jokatu duela, CPMS Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordeak presoaren «arriskugarritasunari» buruz emanen duen iritziaren zain baitago. Egoerak eskatuko lukeenaren aurka, Funosasen ustez: «Lehen instantzian epaileek kontuan hartzen duten Euskal Herriko testuinguruaren bilakaera baikorra ukatzea onartezina da». Bake Bideko bozeramaileak salatu du «deriba hiltzaile» hori «justifikatu» egin beharko dutela Euskal Herriko gizartearen aitzinean.

Macroni deia

Antolatzaileen arabera, 1.100 lagun bildu dira gaurko manifestazioan. Lauga gelatik abiatu dute protesta, aitzinean «Orain presoak» zioen bandera handi bat zabalduta. Banderola nagusian «Ion, Jakes, Unai gurekin» mezua zabaldu dute Bake Bideko kideek eta Bakegileek, baita Inaxio Oiartzabal Sareko kideak eta Gorka Garcia Etxerat euskal presoen senideen elkarteko ordezkariak ere. Gibelerago, hainbat hautetsi: bertzeak bertze han ziren Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Joseba Erremundegi Euskal Elkargoko eta Pirinio Altantikoetako departamenduko kontseilaria, Frederique Espagnac Frantziako senataria, Filipe Aramendi Urruñako auzapeza eta Peio Etxeleku EAJren IBB Ipar Buru Batzarreko lehendakaria.

Bake Bideak eta Bakegileek Emmanuel Macron Frantziako lehendakariari luzatu diote zuzenean deia, euskal presoen arazoa konpon dezan. Funosasen hitzetan, izan ere, «bake prozesuan ez inplikatzeko hautua» egina baitu presidenteak. «Macron jauna, noiz babestuko dituzu lurralde honetako jendarte zibila eta hautetsiak eramaten ari diren dinamika baikorra?», egin dio galde Bake Bidekoak. Funosasen hitzetan, herritarrengan «umiliazio sentimendua» eragiten du Frantziako presidenteak euskal presoen gaiarekiko duen «isiltasunak eta aintzatespen faltak», eta sentimendu hori «belaunaldiz belaunaldi» transmititzen dela ohartarazi du: «Euskal Herriaren geroa eta zure agintaldia markatuko duen bake prozesu honen segidaren edo blokeoaren arduraduna zara».

Orain arteko protestetan iragarri bezala, Funosasek iragarri du Esnal eta Parot aske utzi ezean udan Ipar Euskal Herria «blokeatuko» dutela.

Jean François Mignard Giza Eskubideen Ligako kidea ere Baionan izan da, eta hark ere salatu ditu epaileek jarritako «oztopoak». Frantziako Gobernuari zuzendu zaio hura ere: «Hau guztia Frantziako Estatuaren ezaxolagabekeriaren begipean gertatzen ari da, zeina itsu eta gor baita blokeatuta dagoen prozesu baten aitzinean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.