Binakako III. Euskal Pentatloia

Izeta VI.a eta Etxeberria nagusitu dira Binakako III. Euskal Pentatloian

Bikoteak 40 segundoan hobetu du aurrez ezarria zegoen marka. Izeta VI.ak hirugarrenez irabazi du Binakako III. Euskal Pentatloia.

Irabazleak, txapela jaso berritan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Nagore Arin.
2022ko ekainaren 12a
19:24
Entzun

Gorka Etxeberriak eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak irabazi dute Binakako III. Euskal Pentatloia. Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan jokatu da, gaur goizean. Irabazleek erakustaldi galanta oparitu diete hara bildu diren guztiei: nagusitasunez irabazi dute norgehiagoka, eta 40 segundotan hobetu dute aurrez ezarria zegoen marka.

Bigarren txandan aritu dira, Xabier Zalduak eta Jagoba Otaegik osatutako bikotearekin batera. Gizon probaren ondoren, dagoeneko argi samar utzi dute lehen tokitik hurbil zirela, eta aizkorarekin amaitzerako bi minutu eta 40 segundoren aldea zuten beste lehiakideekiko. Lau kilometroko lasterketa saiora iritsi direnerako, aurtengo txapela beraiena zen jada.

Izeta VI.a lasterketako azken buelta amaitu aurretik hasi da txapela ospatzen. Binakako Euskal Pentatloian janzten duen hirugarren aldia da; izan ere, hirutik hiru irabazi ditu –bikotekide desberdinekin horietako bakoitza–. Gaurkoan, Gorka Etxeberria izan du bidelagun, eta pozik eta eskertuta mintzatu da bikotekideari buruz galdetu diotenean.

Bigarren tokian Xabier Zaldua banakako txapelduna eta Jagoba Otaegi sailkatu dira, hiru minutu eta hiru segundora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.