FRANTZIAKO ASANBLEARAKO BOZAK

Macronen gehiengoa, kolokan

Botoen %96 zenbatuta, Macronen Ensemble aliantzak eta Melenchonen NUPES koalizioak lehen posturako lehia handia dute bozen lehen itzulian; botoen %25,68 eta %25,15 eskuratu dituzte, hurrenez hurren.

Jean-Luc Melenchon NUPESeko hautagaia, atzoko agerraldian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 13a
00:44
Entzun

Frantziako presidente Emmanuel Macronen Ensemble aliantzak gehiengo osoa galtzeko arriskua dauka Frantziako Asanblea Nazionalean. Botoen %96 zenbatuta, Ensemble babesten duten zerrendek botoen %25,68 eskuratu dituzte legebiltzarrerako bozen lehen itzulian. Halere, Macronen aliantzak gain-gainean dauka Jean-Luc Melenchonen NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria koalizioa; botoen %25,14 lortu ditu.

Abstentzioak nabarmen egin du gora, eta azken urteetako handiena izan da: %52,5. 2017an, %51,3koa izan zen; 2012an, %42,8koa. Horiek horrela, abstentzio historikoari aurre egiteko deia egin zuen atzo Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak: «Uste dut gure lehen betebehar kolektiboa abstentzioa murriztea dela».

Zundaketen arabera, Ensemblek 270 eta 310 diputatu artean lortuko lituzke legebiltzarrean dauden 577 diputatuetatik, eta horrek esan nahi du aliantzak ez lukeela gehiengo osoa bermatua: 289 ordezkari eskuratu behar ditu; lehen, 350 eserleku zituen. Gehiengo osorik gabe, Macronek zailtasun handiak izango lituzke duela zazpi aste presidentetzarako bozak irabazi zituen hauteskunde programako gai asko aurrera ateratzeko.

Beraz, Frantziako lehen ministroak atzo hautesleei eskatu zien Ensemble aliantzari babesa emateko datorren igandean, Asanblea Nazionalean gehiengo osoa lortzeko, eta «ezegonkortasunaren eta erradikalismoaren arriskua» saihesteko. «Erradikalismoaren aurka proiektu koherente, argi eta arduratsu bat duten bakarrak gara».

Melenchon: «Ensemble garaitu dugu»

NUPEsek, berriz, 150 eta 210 eserleku artean lortuko lituzke (2017an 58 eskuratu zituen) zundaketen arabera, eta oposizioko indar nagusia izango litzateke. Gisa horretara, LR Errepublikanoak alderdia gaindituko luke, orain arte asanbleako bigarren indarra izan dena; 50 eta 80 diputatu artean eskuratuko lituzke —112 lortu zituen azken bozetan—.

Melenchonen esanetan, Ensemble «garaitu eta hondoratu» dute lehen itzuli honetan. Halaber, nabarmendu zuen NUPESeko hautagaiak 577 barrutietatik 500etan lehiatuko direla bigarren itzulian, eta bere alderdiak gehiengoa lortzea «posible» dela adierazi zuen. Ildo horretan, Melenchonek hautesleei eskatu zien NUPES babesteko, Macronek lehen ministro izenda dezan eta bere «proiektu kaltegarriak» aplikatu ez ditzan.

Duela hilabete pasa, Marine Le Penen Batasun Nazionala igaro zen bigarren itzulira, baina, legebiltzarrerako bozetan, hirugarrena izan da, botoen ia %19 jasota. Zundaketen arabera, hamar eta 45 diputatu artean izango lituzke. Le Penek hautesleei galdegin zien Macronek bigarren itzulian gehiengo osoa lor dezan galaraztea, baita NUPES koalizioaren alde ez bozkatzea ere.

«Datorren igandean garrantzitsua izango da Emmanuel Macronek gehiengo absoluturik ez izatea. Gehiegikeriaz jokatuko du bere metodo basatiak eta bere proiektu antisoziala aplikatzeko», adierazi zuen Le Penek, Henin-Beaumont herrian egindako agerraldian.

Le Penek ohartarazi zuen, halaber, Frantziako presidenteak gehiengo absolutu hori lortzen badu «argirik gabeko tunel batean sartzeko arriskua» dagoela.

Errekonkista alderdiko Eric Zemmourrek porrot handia izan du, ez baitu bigarren itzulira pasatzea lortu Var hautesbarrutian. Hirugarren postuan geratu da, eta haren alderdia ordezkaritzarik gabe gera daiteke Asanblea Nazionalean. Botoen %4 jaso ditu.

Emaitzak jakin berritan mintzatu zen Zemmour: «Gure alderdiaren izenean, frantsesei esan nahi diet borrokan jarraitu behar dugula, gure seme-alaben alde, eta Melenchonen aurka». Haren esanetan, Melenchon eta Macron «txanpon beraren bi aldeak» dira: «Macronek identitate frantsesa desegin nahi du, eta Melenchonek, suntsitu».

Kaledonia Berria

Kaledonia Berrian, Macronen aliantzaren (Ensemble) eta koalizio independentistaren (FLNKS) hautagaiak lehiatuko dira 2. itzulian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.