Hizkuntza eskubideak

Behatokiak derrigortasun datak eskatu dizkio Jaurlaritzari lanpostu publiko guztietan

Eusko Jaurlaritzak lan deialdi publikora aterako dituen lanpostu berrien %11ri ez zaio inolako hizkuntza eskakizunik esleituko, Behatokiak salatu duenez. Gainera, ohartarazi du eskatuko duten kasuetan gutxieneko ezagutza baino ez dela kontuan hartuko: lanpostuen %5,82k soilik izango dute ezarria hirugarren hizkuntza eskakizuna.

Hizkuntza eskubideak bermatuak izan zitezen eskatzeko Zumaiako osasun etxearen aurrean egindako protesta bat, 2014an. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 13a
11:35
Entzun

Eusko Jaurlaritzak iragarri dituen lan deialdi publikoetan ez da eskatuko «euskarazko gaitasun egokirik», Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohar bidez ohartarazi duenez. Salatu duenez, maiatz amaieran argitaratutako deialdietan, esaterako, lanpostuen %11,55etan hautatzaileei ez zaie eskatuko inolako hizkuntza eskakizunik, eta eskakizuna duten lanpostuetan «gutxieneko ezagutza» baino ez da kontuan hartuko: lanpostu horien %17tan lehen hizkuntza eskakizuna eskatuko dute, eta %67tan, bigarrena. Hirugarren eskakizuna, berriz, lanpostu guztien %5,82ri bakarrik esleituko zaie. Gainera, datozen hilabeteetan lan eskaintza publiko gehiago ere izango dira. Jaurlaritzak iragarria du 8.764 lanpostu publiko betetzeko deialdiak aterako dituela.

Gutxieneko euskarazko ezagutza eskatuko ez duten lan eskaintzak egiteak «herritarren eskubideen bermean izango dituen ondorio kaltegarriez» ohartarazi du Behatokiak. Horren jatorrian derrigortasun datarik ez ezartzea dago, haren ustez: «Administrazio publikoetarako lanpostu guztietan euskararen ezagutza nahitaezkoa izan ezean, herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen da, eta, ondorioz, herritarrek ezin dute eremu guztietan euskara eroso, berdintasunean eta inolako albo kalte edo atzerapenik gabe erabili». Horixe eskatu du, hain justu: lanpostu guztiek derrigortasun datak eta profil elebidunak izatea. «Urraketak gainditzeko aurrerapausoak eta neurriak» ezarri behar direla gaineratu du.

Egungo egoera iraunaraztearen ondorioez ere aritu da Behatokia. Osasun etxe nahiz espezialitate hainbatetan osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko dauden zailtasunak jarri ditu adibidetzat. «Eskubideak bermatzeko neurriak hartu beharrean, egungo urraketen egoera erreproduzitzeko neurriak hartzen dira oraindik», salatu duenez.

Kalitatea, eskubideen araberakoa

Halaber, Behatokiak azpimarratu du egungo deialdiek hurrengo urteetarako zerbitzu publikoak baldintzatuko dituztela, eta, alde horretatik, kezkagarritzat jo du hizkuntza eskubideak «zerbitzuen kalitatearen eta herritarren aitortzaren muina» ez izatea, «herritarren hizkuntza eskubideen bermean aurrerapauso sendoak behar diren honetan». Alde horretatik, hizkuntza eskubideak aitortuta edukitzea osasunerako eta informazioa berdintasunean jasotzeko eskubideekin «erabat lotua» dagoela gogorarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.