Hezkuntza

Jaurlaritzak jardunaldi jarraitua kenduko diela salatzeko elkarretaratzea egin dute

Gutxienez Gasteizko hiru institutu Hedatze programatik at geratuko dira, eta jardunaldi zatitura bueltatu beharko dute. Elkarretaratzea egin dute gaur Eusko Jaurlaritzaren parean.

Mendebalea institutuko guraso elkarteak deituta gaur egindako protesta. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 14a
16:02
Entzun

Gasteizko Mendebaldea, Ekialdea eta Federico Baraibar ikastetxeetako hezkuntza komunitateek protestei ekin diete Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2022-2023ko ikasturteko Hedatze programatik kanpo utzi dituelako. Hiru institutuek hainbat urte daramatzate jardunaldi jarraituarekin, baina, Hedatze programatik kanpo geratu direnez, jardunaldi zatitura itzuli beharko dute, eta eskolaz kanpoko jarduerak eta indartze eskolak galduko dituzte. Mendebaldea institutuak zazpi urte daramatza jardunaldi jarraituarekin; Ekialdeak sei, eta Federico Baraibarrek bederatzi. Aldaketa salatzeko, ikastetxeetako hainbat gurasok eta ikaslek elkarretaratzea egin dute gaur Eusko Jaurlaritzaren parean.

Mendebaldea ikastetxeko Etorkizun alea guraso elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, institutuko zuzendaritza, klaustroa, ikasleak eta familiak «gehiengo oso zabalarekin» jardunaldi jarraituaren alde agertu dira. Funtsean, goizeko ordutegi jarraituaren eta arratsaldeko errefortzu eta tailerretan oinarritutako funtzionamenduaren alde. Hedatze programatik at uzteko Hezkuntza Sailak eman duen argudioa zera da: institutuak zuzendaritza egonkorrik ez duela. Haatik, guraso elkartearen ustez, egoera hori «irakasleen lan baldintzei» lotutako egoera bat da: «Hainbeste urtez institutuak zuzendaritza egonkorrik izan ez badu, Hezkuntza Sailak aztertu beharko luke horren zergatia eta irtenbidea bilatu, baina egoera horrek inolaz ere ez du justifikatzen institutuko ikasle eta familientzat hain ondorio larriak dakartzan erabaki bat».

Horregatik, gaurko protestarekin, kaltetutako ikastetxeetako guraso elkarteek Hezkuntza Sailari eskatu diote birplanteatu dezala erabakia, eta Hedatze proiektuan sar ditzala ikastetxeak.

Bildarratzen azalpenak
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gaiari heldu dio gaur gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Azpimarratu du DBHko ikastetxeei zuzendutako Hedatze programak hezkuntza itunean jasotako irizpideak betetzen dituela, eta deialditik kanpo geratu diren institutuei gogorarazi die ezinbesteko baldintzetako bat dela «hainbat urterako proiektua duen zuzendaritza egonkor bat izatea».

Azaldu duenez, orain arte Hauspoa programaren bidez, ikastetxeek lanaldi jarraitua egiteko aukera zuten, baldin eta asteko zenbait arratsaldetan ikasleei aukera ematen bazieten errefortzu eskolak hartzeko. Datorren ikasturteari begira, baina, jardunaldi jarraitua mantendu nahi duten institutu publikoek Hedatze programara aurkeztu behar izan dute. Horretarako, Hezkuntza Sailari proiektu bat aurkeztu behar izan diote, klaustroak, DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleek eta familiek gehiengo kualifikatuarekin babestutakoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 82 institutu aurkeztu dira deialdi horretara. Horietatik 74 onartu dira, eta gainerakoak baztertu egin dira. Gasteizen lau institutu baztertu dira, Bizkaian hiru, eta Gipuzkoan bat.

Onartutako institutuek hainbat arratsaldetan ireki beharko dituzte gelak, eta, orain arte ez bezala, derrigorrezkoa izango da ordu horietan gainditu gabeko ikasgaiak dituzten ikasle guztiei hezkuntza errefortzua eskaintzea. Sailburuak azpimarratu du Hedatzek hezkuntza itunean jasotako irizpideak betetzen dituela, eta, besteak beste, ezinbestekoa izango dela institutuek zuzendaritza egonkorrak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.