Jaiak

Iruñeko Udalaren traben gainetik, bere egitaraua aurkeztu du Herri Sanferminak plataformak

Enrique Maiak festen erdigunetik kanporatu baditu ere, Alde Zaharrean emanaldi eta ekitaldiak eskainiko dituzte. Protesta gisa, kalejira itxurako manifestazio batera deitu dute uztailaren 10erako.

Herri Sanferminak plataformak ekainaren 1ean eskainitako pretsaurrekoa. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko ekainaren 15a
11:44
Entzun

«Egitarau xumea baina inoiz baino duinagoa osatu dugu». Herri Sanferminak plataformak behetik gorako jai eredu «koloretsu, errebelde, alai eta herrikoia» ikusarazi nahi du festen erdigunean. Udalak eurak kanporatzeko hartutako erabakiaren aurretik zuten egitaraua «birbideratu eta egokitu» ostean, Alde Zaharrean hainbat ekitaldi eta emanaldi antolatuko ditu. Harri guztien artetik loratzen jarri diote izenburu programazioari.

Leloan aipatutako harriak Iruñeko Udalak jarri ditu. Duela bi aste adierazi zuten aurten ez zutela txosnarik jarriko, udalak «festen erdigunetik bazterrera» bidali nahi izan dituelako: Oko Andre Mariaren eta Errekoleten plazatik Errotazarrera; Arrotxapea auzora, alegia.

Gaur, Iruñean eskainitako prentsaurrekoan gogora ekarri dute Enrique Maia Iruñeko alkateak «oinarririk gabeko aitzakiak» eman dituela, eta plataformak aurkeztutako alternatiba orori ezezkoa eman diola —udalak, kasurako, argudiatu du Alde Zaharrean enbarazu egingo lieketela bizilagunei—. Bitartean, Gazteluko plazan, sanferminen bihotzean, «makrofesta pribatua» antolatu du, festen «izaera herrikoiaren aurka».

Udalaren erabakiak eragindako haserrea «loraldi herrikoi» bihurtu nahi izan dute, eta Enrique Maiari adierazi jarritako traba guztien gainetik zirrikituak baliatuko dituztela. Eskerrak eman dizkiete egitarau horretan parte hartu duten guztiei, eta bereziki Matalaz eta Zabaldi elkarteen ekarpena nabarmendu dute.

Herri Sanferminak plataformaren arabera, egitarau hori auzolanean aurrera ateratzeko gai izan badira ere, ezin da egoera hori normalizatu. Hala, uztailaren 10ean, 18:30ean kalejira itxurako manifestazioa antolatuko dute, udalaren «goitik beherako festa eredu grisaren aurka» behetik gorako festa herrikoia aldarrikatzeko.

Mezu argi bat bidali diote Maiari: «Hemen gaude, ez goaz bazterrera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.