Jaiak

Herri Sanferminak: «Ez da izanen txosnarik, baina ez gara desagertuko»

Plataformak salatu du Iruñeko Udalak «ikusezin» bihurtu nahi dituela: «Festak ospatzeko beste modu batzuk bilatuko ditugu».

Herri Sanferminak plataformaren agerraldia gaur, Iruñeko 0 plazan. IñIGO URIZ, FOKU
Olaia L. Garaialde.
2022ko ekainaren 1a
11:27
Entzun

«Enrique Maiak eta bere taldeak festaren erdigunetik bazterrera itzularazi nahi ditu Herri Sanferminak», salatu du Herri Sanferminak plataformak. Haren arabera, Iruñeko alkateak ez die baimenik eman txosnak alde zaharrean jartzeko. «Ikusezin» bihurtu nahi dituzte, salatu dutenez. Hain zuzen ere, horregatik, erabaki irmoa hartu du plataformak: «Ez dugu txosnarik jarriko». Atzo zabaldu zen albistea, baina zehaztapena egin dute gaur: «Gure balioak erdigunean jarri eta aldarrikatuko dituzten festak ospatzeko beste modu batzuk bilatuko ditugu». Ez dira desagertuko.

Aurtengo sanferminetarako prest zeuzkaten programazioaren inguruko afixak eraman dituzte Iruñeko O plazan egindako elkarretaratzera: «Hiriaren erdigunean adin guztietako herritarrendako egitarau oparoa genuen antolatua». Bertan behera gelditu da, ordea. Hau zuen izena: Aro berria loratzen.

2015. urterik, txosnak O-ko Andre Maria plazan eta Errekoleten plazan —Baratxurien plaza esaten diotenean— izan dira Iruñean. Aurten, baina, Iruñeko Udalak apirilean esan zien Errotazarrera itzuli beharko zutela; hain zuzen ere, Arrotxapea auzora. «Beste aukerarik ez digute eman», gaitzetsi dute, haserre. Halaber, udalekoen koherentziarik eza salatu dute: «Argudiatu dute ez dela posible alde zaharrean egotea horrek bizilagunei enbarazu eginen liekeelako. Gazteluko plazan ezarriko diren barren kasuan, ordea, ez dirudi gauza bera uste dutenik»,

Antolaketa traketsa

Udalaren kudeaketa «traketsa» dela esan dute. Kontatu dutenez, abenduan egin zuten plazen zesiorako eskaera, eta apirilera arte ez zuten jaso erantzunik. Halaber, kideek salatu dute Sanferminen mahaia «norabide bakarrekoa» izan dela.

«Herritar guztiek gozatu eta deskantsatu ahal izanen duten festetan sinesten dugu, eta hori da gure apustua», esan dute plataformako kideek. Horretarako, zenbait alternatiba proposatu zituzten; hala nola kontzertuen ordutegia gauerdiraino mugatzea; txosnen gunea, berriz, 01:00eraino. Gainera, beste leku batzuk proposatu zituzten, baina Iruñeko Udalaren ezezkoa «borobila» izan zela esan dute.

Herri Sanferminak zazpi ardatz nagusi dituen besta eredua aldarrikatzen dute: «Herrikoiak, parte hartzaileak, feministak, ekologistak, euskaldunak, antikapitalistak eta pluralak». Udalarentzat «traba» dela salatu dute, baina argitu dute lanean jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.