Euskararen aurkako erasoak

Iruñeko alkateak euskaraz ere jarri beharko du Konstituzio plazako plaka

Nafarroako Administrazio Auzitegiak Enrique Maiaren gobernu taldea berriz zigortu du Euskararen Ordenantza ez betetzeagatik

Iruñeko alkate Enrique Maia eta Navarra Sumako Ana Elizalde, osoko bilkura batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko ekainaren 15a
15:06
Entzun

Iruñeko Baluarte plazari izena aldatu zion Enrique Maia (Na+) urtarrilaren 24an, Espainiako 1978ko Konstituzioa goresteko. Baina izen berria jartzeko plaketan Euskararen Ordenantza ez zuela bete ebatzi du Nafarroako Administrazio Auzitegiak, eta udalak aldatu beharko dituela agindu du.

Trikimailu bat erabili nahi izan zuen Maiak plazaren euskarazko izenik ez jartzeko. Plaketan Constitución izena agertzen da. Horren azpian, 1978ko Espainiako Konstituzioa adierazten du, ele bitan. Konstituzioa hitza ez jartzeko, Constitución izen propioa dela argudiatu zuen Maiaren taldeak, eta izen propioak ez direla itzuli behar.

Epaitegiak ukatu egin du hori izen propioa dela, eta gogora ekarri du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak lehen ere txarretsi diola Iruñeko Udalari euskarazko bertsioei ezarritako debekua.

Maiaren taldeak Euskararen Ordenantzaren 8. artikulua urratu duela adierazi du auzitegiak. Arau horrek agintzen dio udalari euskara eta gaztelania erabili behar dituela herritarrei oro har zuzentzen zaienean, eta zehazten du kartelak eta informazio plakek ele bikoak izan behar dutela. Nafarroako Administrazio Auzitegiak lehen ere ebatzi du kartelek eta plakek ele bikoak izan behar dutela elementu guztietan, eta hizkien edukiak, tamainak eta kontrasteak berdinak izan behar dutela. Dagoeneko bederatzi aldiz ebatzi du horren inguruan udalaren aurka.

Adibidez, 2020ko uztailean, COVID-19 birusaren izurriak eragindako konfinamendua zela-eta sanferminak bertan behera geratu zirenean, Biziko ditugu kanpaina kaleratu zuen Maiaren taldeak, eta lelo hori zeukan zapi handi bat zintzilikatu zuten udaletxeko balkoian. Nafarroako Administrazio Auzitegiak gero ebatziko zuenaren arabera, kanpaina horrek ere euskararen ordenantza urratu zuen, mezua nagusiki gaztelaniaz idatzita zegoelako.

EH Bilduk eman du ebazpenaren berri, eta salatu du Maiak eta haren alderdiak Euskararen Ordenantza «etengabe urratzen dutela, milaka pertsonaren hizkuntza eskubideak urratuz». Udalak behin eta berriz «urraketa berak» egiten dituela gaineratu du koalizioak, eta «apropos» ari dela «prebarikazioan». «Ez dugu onartuko euskaraz bizi nahi duen jendearen eta Iruñeko elebitasuna goraipatu eta errespetatu beharreko altxor kultural gisa onartzen duen herritar gehienen eskubideak urratzen jarraitzea».

Nafarroako Gizarte Zibila elkarteak egindako eske bati segika agindu zuen Maiak Baluarte plazari izena aldatzeko. Udalak orduan azaldu zuenez, izen aldaketa ez zen izan itsuan eginiko urrats bat, baizik eta asmo jakin batekin: «Gizarteak trantsizio demokratikoan egindako esfortzuari aitortza egitea».

2019ko maiatzak 2an onartu zuten gaur Iruñean indarrean dagoen Euskararen Ordenantza, EH Bilduren, Geroa Bairen, Aranzadiren eta Ezkerraren botoekin. Aurka bozkatu zuten, ordea, PSNk eta UPNk. Ordenantza auzitara eramango duela esan zuen orduan Maiak, oposizioan zegoelarik. 2020ko martxoan, berriz, arautegi hura ordezkatzea erabaki zuten PSN eta Na+ alderdiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.