Berdintasuna

Berdintasuna «azkartzeko» herri ituna aurkeztu du Jaurlaritzak

Eragileekin landu ostean, hamar konpromiso ezarri dituzte. Gizarte osoaren inplikazioa eskatu du Iñigo Urkullu lehendakariak, bereziki gazteena.

Urkullu, ituna aurkezteko ekitaldian, alboan eragileak dituela. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko ekainaren 15a
18:22
Entzun

«Eraiki nahi dugun etorkizuna marraztu dugu gaur». Hitz horien bidez aurkeztu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berdintasunaren alorreko tresna berria: Berdintasunaren eta Indarkeriarik Gabeko Bizitzen Aldeko Herri Ituna. Ekitaldi jendetsua egin dute gaur arratsaldean Bilboko Alondegian, agintariak, ordezkari politikoak eta itunean parte hartu duten eragileak gonbidatuta. Berdintasuna «erronka handi bat» dela berretsi du Urkulluk, eta gizarte osoaren inplikazioa galdegin du: «Egiturazko arazoak kolektiboki baino ezin dira konpondu».

Arlo ugaritako 93 entitatek eta 450 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte azken urtean herri ituna lantzeko prozesuan, Emakunderen ekimenez. Haien ekarpenak kontuan hartuta, hamar konpromiso handi ezarri dituzte, honako eremu hauetan: justizia ekonomikoa, emakumeen eta nesken ahalduntzea, emakumeen kontrako indarkeria matxista, haurrak eta nerabeak, zaintzak, gizonen inplikazioa, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, emakumeen mugimenduak eta lidergo feministak, eta gobernu ona.

Hala, itunaren bitartez mezu bat igorri nahi diote gizarteari, Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuaren hitzetan: «Berdintasunaren aurrerapena azkartu behar dugu. Gure seme-alaben belaunaldia berdintasunaren belaunaldia izan behar da, eta horregatik behar dugu etorkizuneko itun hau». Helburuen artean, gazteak inplikatzea nabarmendu du: «Berdintasunaren aldeko lanaren lekukoa har dezaten».

Pekindik 25 urtera

NBE Nazio Batuen Erakundeak eginiko biltzar baten urteurrena da herri itunaren abiapuntua: Pekinen 1995ean Emakumeei Buruzko IV. Mundu Konferentziaren urteurrena, hain zuzen. NBE Emakumeak batzordeak Generation Equality egitasmoa jarri zuen martxan 2020an, konferentzia historiko hartatik mende laurdena bete zenean, eta horren barruan sustatu du Emakundek eragileen lana.

Izan ere, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alorreko adierazpen garrantzitsuenetako bat izan zen Pekingoa: 189 herrialdek onartu zuten aho batez. Mugarritzat jo izan da, berdintasunaren arloan nazioarteko agenda bat zabaldu zuelako, eta helburu estrategiko batzuk zehaztu zituelako hainbat eremutan, hala nola emakumeen giza eskubideetan, hezkuntzan, osasunean, indarkerian, gatazka armatuetan, pobrezian eta hedabideetan. Ordukoak dira, era berean, egun berdintasun politikak gidatzen dituzten bi ildo nagusiak: emakumeen ahalduntzea sustatzea eta genero ikuspegia zeharkakotasunez aplikatzea.

Emakundek ere parte hartu zuen 1995eko bilkura hartan, eta haren garrantzia nabarmendu du Izaskun Landaida zuzendariak: «Gure berdintasun politikek beti bat egin dute nazioartean ezarritako irizpide horiekin; legitimitatea eman dio egin dugunari. Berdintasunik eza egiturazko arazo bat da, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da elkarlanean aritzea, bakoitza bere eremuan». Pekingo akordiotik aurrerapauso asko izan direla gaineratu du: «Baina ez dira berez etorri. Atzetik sekulako lana etorri da: mugimendu feministarena, elkarteena, instituzioena, norberarena eguneroko erabakietan...». Beste bultzada bat behar da, ordea: «Horren balioa azpimarratzeko, belaunaldien arteko elkarrizketa ahalbidetu nahi dugu, gazteek jakin dezaten zer izan zen Pekin, zer lan egin duten aurrekoek, eta lekukoa har dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.