Lan gatazkak

Mercedesen, ELAk, LABek eta ESK-k ere deitu dute grebara 22rako

Ekainaren 27ko asteko grebari eutsi diote, baina UGTri eta CCOOri eskaini diete lehen lanuztean indarrak batzea.

Mercedesen lantegiaren sarrera, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 16a
13:08
Entzun

Mercedesko zuzendaritzaren azken proposamena gauza zail bat lortzen ari da: Gasteizko fabrikako sindikatuen arteko arrakala txikitzea. Bi bloke daude oraindik ere, baina jarrera batean ados jarri dira: grebarekin erantzungo diete zuzendaritzaren «xantaiari». Izan ere, langileen ordezkariek oso gaizki hartu dute Alemaniako multinazionalak malgutasuna handitzea baldintza gisa jartzea lantegian 1.200 milioi euroren inbertsioa egiteko.

ELAk, LABek eta ESK-k deituta, langileen batzar bat egin zuten atzo, eta han erabaki zuten bost eguneko lanuztera deitzea, ekainaren 27tik uztailaren 1era. CCOOk eta UGTk, berriz, ekainaren 22rako eta 27rako deitu zuten protestara.

Azken horiei keinu bat egitea erabaki dute sindikatu abertzaleek, eta gaur goizean erabaki dute ekainaren 22an ere grebara deitzea. Ordezkaritzaren %45 dute ELAk, LABek eta ESK-k, eta %35, berriz, CCOOk eta UGTk. Gainontzeko %20a dute Ekintzak eta PIMek.

Agiri baten bidez, ELAk, LABek eta ESK-k aitortu dute ez daudela erabat ados beste sindikatuen iritzi guztiekin, baina «batzordearen %80k babestuko duen» gutxieneko jarrera bat badagoela uste dute. Gauzak horrela, langileek batzarrean eskatutakoarekin bat eginez, datorren asteazkenean ere lanuztera deitzea erabaki dute. Gainera, eskatu diete CCOOri eta UGTri deialdi bateratua egitea, baldin eta ontzat jotzen badute egun horretako protestaren leloa: Malgutasuna handitzeari ez. Seigarren gaiari ez. Sindikatu abertzaleek uste dute hori dela Mercedesko zuzendaritzak proposatutako aldaketen artean «kaltegarriena»:lan egutegiaren malgutasuna handitzea, astean sei gautan lan egin behar izateko.

Halaber, CCOOri eta UGTri proposatu diete «gutxieneko» beste bost puntuak bateratzea: erosteko ahalmena ez galtzea, errelebo kontratua hobetzea, langile finkoen eta berrien artean soldatetan desberdintasunik ez egotea, mugikortasuna adostu eta hitzarmenean jasotzea, eta asteburuan lan egiten dutenen baldintzak arautzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.