Gerra Ukrainan

Ukrainari EBn sartzeko hautagai estatusa «azkar» emateko eskatu dute Macronek, Scholzek eta Draghik

Ukrainako Defentsa ministroaren esanetan, Mendebaldeak aurki bidaliko dion arma sorta Errusiak okupatutako lurraldeak «berreskuratzeko» baliatuko dute; besteak beste, Krimea

Scholz (Alemania), Macron (Frantzia), Zelenski (Ukraina), Draghi (Italia) eta Iohannis (Errumania), gaur, Kieven. LUDOVIC MARIN / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 16a
18:04
Entzun

Ukrainan izan dira gaur Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Mario Draghi Italiako lehen ministroa; hots, EB Europako Batasuneko hiru ekonomia handienetako agintariak. Klaus Iohannis Errumaniako presidentearekin batera Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin batzartu dira, Kieven, eta laurek, beren babesa adierazteaz gain, Ukrainari EBn sartzeko hautagai estatusa «berehala» emateko eskatu dute. Zelenskik, beraz, gerra hasieratik hark nahi zuen mezua entzun berri du.

«Europa zuekin dago, eta zuekin jarraituko du behar den arte, garaipena lortu arte», esan du Macronek. «Ukraina Europako familiako kide da, baita Moldavia ere», erantsi du Scholzek. «Ukrainako herriak egunero babesten ditu demokraziaren balioak eta Europako proiektua, gure proiektua. Ezin dugu prozesua gehiago atzeratu», biribildu du Draghik. Nabarmendu du, halaber, Italiak gatazka amaitzea nahi duela. «Baina edozein irtenbide diplomatiko ezin da Kieven borondatetik bereizi», zehaztu du.

Zelenskirekin bildu aurretik, Irpin (Kiev oblasta) hiria bisitatu dute Frantziako, Italiako, Alemaniako eta Errumaniako agintariek; 290 zibilen gorpuak topatu zituzten hiriko kaleetan, «Errusiako tropak martxo amaieran erretiratu ostean». Guztiz suntsitutako eraikinen artean, talde komunitarioko kide diren lau herrialdeetako agintariek Errusiako armadak egindako «gerra krimenak» gaitzetsi dituzte.

«Ukrainak eutsi egin behar dio honi guztiari», esan du Macronek. «Mundua zuen alde dago», jarraitu du Draghik, eta hitzeman du EB arduratuko dela «gerra krimenak» ikertzeaz eta Errusiako tropek txikitu duten guztia berreraikitzeaz. «Irpin, Butxaren gisan [zibilen beste hainbat gorpu aurkitu zituzten], Errusiako erasoaren krudelkeria imajinaezinaren sinbolo bihurtu da. Gerra honek berehala amaitu behar du», gehitu du Scholzek.

Ukrainaren kontraerasoa

Ukrainako Defentsa ministro Oleksei Reznikovek AEBetako CNN telebista katean ziurtatu duenez, Mendebaldeak aurki Ukrainari emango dion arma sorta Errusiak okupatutako lurraldeak «berreskuratzeko» baliatuko dute; besteak beste, 2014an Errusiak anexionatu zuen Krimea penintsula. «Krimea helburu estrategikoa da Ukrainarentzat; Ukrainako lurraldea delako. Baina urratsez urrats joango gara aurrera».

Horrez gain, Ukrainako Defentsa ministroak azaldu duenez, Ukrainako kontraerasoa hiru etapatan banatuko dute: lehenengoan, fronteko gerra egonkortzea izango dute helburu; bigarrenean, Errusiako armada otsailaren 24a baino lehenagoko posizioetara itzultzeko lanean ariko dira, Vladimir Putin Errusiako presidenteak «gerra deklaratu» zuen arte; eta hirugarren eta azken etapan, Errusiak okupatutako lurraldeak «askatzeko» modua jorratuko dute.

Kievi erantzunez, Kremlineko eledun Dimitri Peskovek lasaitasun mezua igorri du, esanez Krimeako segurtasuna «bermatuta» dagoela, Interfax Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. «Ez da lehen aldia. Badakigu mehatxu horiek zeintzuk diren, eta kontuan hartzen ditugu», adierazi du Peskovek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.