Albistea entzun

MEMORIA HISTORIKOA

Julieta Bandirali, Argentinako kereilako abokatua: «Inpunitatearen eskema apurtu behar du Espainiak»

Nafarroako Gobernuko, Parlamentuko eta Iruñeko Udaleko taldeekin batzartu da, Sanferminak 78 Gogoan taldeak, Ceaqua koordinakundeak eta Iruñeko Peñen Federazioak gonbidatuta

Julieta Bandirali, gaur, Nafarroako Parlamentuan, Sanferminak 78 Gogoan taldeko Fermin Rodriguezekin batera.
Julieta Bandirali, gaur, Nafarroako Parlamentuan, Sanferminak 78 Gogoan taldeko Fermin Rodriguezekin batera. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko ekainak 17 15:35

«Ezinbestekoa da sua pizturik mantentzea». Julieta Bandirali abokatua da, Buenos Airesko Abokatuen Elkargoko presidenteorde izandakoa, eta frankismoko krimenak ikertzeko Argentinan zabalik den kereilaren sustatzaileetako bat. Haren esanetan, halako prozesu luzeek «gorabeherak» izaten dituzte, baina ezinbestekoa da «presio sozialari eustea, justizia egin ahal izateko». Auzibidearen nondik norakoak aletu ditu Bandiralik Iruñean, Sanferminak 78 Gogoan taldeak, Ceaqua Argentinako kereilaren babeserako koordinakundeak eta Iruñeko Peñen Federazioak gonbidatuta.

Egunotan, hainbat ordezkari politikorekin batzartu da Bandirali: besteak beste, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollorekin, Nafarroako Legebiltzarreko presidente Unai Hualderekin eta Iruñeko Udalbatzako oposizioko taldeekin [EH Bildu, PSN eta Geroa Bairekin].

Bileren ostean eginiko agerraldian, Argentinako kereilaren garrantzia azpimarratu du Bandiralik: «Frankismoko krimenak ikertzen dituen kereila bakarra da munduan, eta milaka delitu ikertzen ditu: fusilamenduak, hobi komunak, haurren lapurreta, hilketak, lan esklaboa, justifikaziorik gabeko kartzelatzeak, tortura...». Ganbera Kriminal Federaleko epaile Maria Servini ari da horiek guztiak ikertzen, eta, hasieran kereilak 1936tik 1977ra bitarteko epea soilik hartzen bazuen ere, ikerketa trantsizio garaira ere zabaltzea erabaki zuen epaileak, 1978tik aurrera gertatutakoak ere jasotze aldera. Horren harira inputatu zuten Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia. «2020an, deklarazioa hartu zion Servini epaileak Martin Villari, lau hilketatan ardurarik izan ote zuen argitzeko: 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutako hirurak, alde batetik, eta 1978ko sanferminetakoa, bestetik». Galdeketa hura «garrantzi handiko urratsa» izan zela uste du abokatu argentinarrak.

Aurtengo martxoan, berriz, Servini epaileak hainbat erreguzko eskaera egin dizkio Espainiako Estatuari. Epailearen asmoa da Martin Villak izan dezakeen ardura penala indartzeko froga gehiago biltzea. Servini epailearen informazio eskaerak 1976tik 1978ra bitartean Espainiako Gobernuak hartutako erabakien ingurukoak dira. Besteak beste, «eskuin muturreko taldeen ekintzei eta ordena publikoko indarren ekintza errepresiboei» aurre egiteko ezarri ziren neurrien berri emateko eskatu du, baita garaiko agintariek, tartean Martin Villak, manifestazioak eta protestak sakabanatzeko eta armak erabiltzeko emandako zuzentarauen berri emateko ere.

Argentinako auzitegia 1976tik 1979ra bitartean eginiko krimenetan Martin Villak izan zuen erantzukizun posiblea ikertzen ari da. Denera, hamabi hilketetan izan zezakeen erantzukizunagatik inputatuta dago hura. Orain arte, ordea, Espainiako justiziak uko egin dio epailearen eskaerei erantzuteari, argudiatuta ministro ohiari egozten zaizkion delituak preskribatuta daudela, eta gizateriaren aurkako krimenen tipifikazioa gertaera haiek jazo ondoren txertatu zela Espainiako legedian; 2004an gehitu zuten Espainiako Zigor Kodera. Horren kontura, Bandirali abokatuak dei egin dio Espainiari «inpunitateari eusten dioten eskemak» apurtu ditzan: «Espainiako Estatuko herritarrek justizia merezi dute, eta noizbait helduko da justizia hori beren herrira».

Sanferminak 78 Gogoan elkarteak «balorazio oso positiboa» egin du Bandiraliren bisitaz: «Nafarroako erakundeek babesa adierazi diote Argentinako kereilari, eta orain arte lortutako akordioak pisu handikoak izan dira Martin Villa auzipetzeko bidean». Datorren astean, Bruselan izanen da Julieta Bandirali, CEAQUAko eta Sanferminak 78 Gogoan taldeko zenbait kiderekin batera, eta Europako Legebiltzarreko hainbat ordezkarirekin batzartuko da, frankismoko krimenen kereilari babesa adieraz diezaioten.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Nafarroako Unibersitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontuen Ganberak ebatzi duenez, «Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak»

Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki

Itxaron zerrendei buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Ondorioztatu du %29 handitu zirela 2018 eta 2022 bitartean.

Abuztuan izandako beroaldiaren irudi bat, Bilbon. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea

Iñaki Petxarroman

Munduko Meteorologia Erakundeak uztailean eman zuen hasitzat 'El Niño' fenomenoa. Jatorria Ozeano Barean du, baina eragin ohi duen tenperatura igoerak mundu osoa astindu du, inoizko udarik beroena izan baita. Alabaina, neguan izan ohi du indar handiena, eta uste dute 2024an nabarituko direla horren ondorioak.

 ©JAZKI FONTANEDA / FOKU

«Klima krisiari 'El Niño' gehituta, hurrengo urteak oso-oso beroak izango dira»

Nagore Arin - Iñaki Petxarroman

'El Niño' fenomenoak Euskal Herrian dituen ondorioak ikertu ditu, besteak beste, Tecnaliako ikertzaile eta Euskalmeteko meteorologoak.

EH Bilduko Ikoitz Arrese, artxioko irudi batean. ©Raul Bogajo / Foku

Hezkuntza Akordioarekin «leial» jokatuko duela iragarri du EH Bilduk

Gotzon Hermosilla

Gainerako alderdiei «zorroztasuna» eskatu die asteartean irekiko den eztabaida fasean «lege on bat» erdietsi ahal izateko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.