martxelo otamendi

Gerrillaria, lehendakari

2022ko ekainaren 20a
07:06
Entzun

Hirugarrengoan, eta oso justu, lortu du Gustavo Petrok Kolonbiako hauteskundeak irabaztea. Petroren azken aukera zen, presidente izateko bere hirugarren saiakera zelako –aurrekoak 2010ean eta 2018an egin zituen-, baina Petrorentzat bezainbeste zen azken aukera ezkerrarentzat urte askotarako, atzo irabazi ez balu. Batasun lanketa handia eginda eta garai bateko ezinikusiak albo batera utzita, gazte belaunaldiak proiektura bilduta, eta bazterrean zeuden komunitate etnikoak mezuaren erdian jarrita, ezkerreko mezua leunduta, hori guztia eginda, botoen %51ra iritsi gabe irabazi ditu hauteskundeak M-19 taldeko gerrillari ohiak.

Bizitza politiko luzean landutako garaipena izan da, ia bere bizitza osoa eman baitu politikan. M-19 gerrillan gazteetan, eta erakundeetako politikan, 1990ean talde armatuak Virgilio Barco presidentearekin lortu zuen akordioaz geroztik. Aurrean, Rodolfo Hernandez eduki du, oraintsu arte herritarrentzat ezezaguna zen enpresaria, eta ezohiko hautagaia. Hain da ezohikoa Hernandez, ez zeukala kontaketa segitzeko ekitaldirik antolatuta. Petrok, kontzertu handiak egiten diren aretoan egin zuen kontaketa festa atzo, milaka jarraitzaile sutsu bilduta. Milaka herritar atera ziren kalera herrialde osoan Petroren garaipena ospatzera.

Petro aurretik jarri zen boto kontaketan botoen %10 zenbatzera iritsi zirenetik. Pixkana joan zen aldea egiten, garaipen historikoa lortu arte. Bi marka gainditu ditu atzoko bozketak, inoiz irabazleak lortu duen boto kopururik handiena (11,2 milioi), eta irabazlearen eta galtzailearen arteko tarterik txikienarena (%0,5). 2,5 milioi boto irabazi ditu Petrok lehen itzulitik.

Polemika handia izan da kanpainan zehar boto kontaketaren garbitasunaz, bi hautagaien aldetik gainera. Atzo bertan, berriro azaldu zuen kezka hori Petrok botoa eman ondoren egindako lehen adierazpenean. Ez zen kexurik izan, eta ordubeteko epean zenbatuta zeuzkaten botoen %80. Hernandezek arazorik gabe onartu zuen galdu egin zuela, bete etxean grabatutako minutu bateko bideoan.

Hamasei departamenduetan irabazi du Petrok. Kostaldekoetan eta hegoaldekoetan, hala nola Bogota hiriburu jendetsuan. Hernandezek ere 16 departamendutan irabazi du, eta atzerrian egindako bozketetan. Erdiko departamenduetan irabazi du, nekazaritzak garrantzia handia daukanetan.

Abuztuaren 7an hartuko du kargua Petrok, eta atzo bertan jaso zituen oraingo presidente Ivan Duqueren zorion mezua eta trantsizioa lasaia egiteko konpromisoa.

Petroren alderdiak, Pacto Historikoak, irabazi zituen martxoan Kongresurako egindako hauteskundeak, baina ez dauka gehiengoa. Orain, kongresistek, kongresuko arautegiak behartuta, publikoki adierazi beharko dute Petroren aldekoak diren, aurkakoak, edo ez bata eta ez beste diren. Aurreko lehendakariak, Ivan Duquek, gehiengo erosoa eduki du Kongresuan. Definizio hori jakindakoan ondorioztatu ahal izango da Petrok legegintzaldi lasaia edukiko duen edo ez.

Iragarpen handiak eta oso berritzaileak egin ditu Petrok kanpainan, XXI. mendeko gai nagusiak izan direnak: ustelkeria, pobrezia, generoa, ingurumena…

Talde askoren lanaren ondorio izan da Petroren garaipena. Ezaguna da ezkerrak jarrera kainitak praktikatzeko daukan joera sendaezina. Bere aurreneko lana, babesa eman diotenen esparruan arrakalarik ez egotea da, kainismotik blindatzea ezkerra. Ezker esku fina beharko du, oratoria erabiltzen duen trebetasun berarekin erabiliko beharko duena. Gobernuaren osaketak sor lezake lehen krisia, ezaguna delako ideologia desberdinetako kideekin osatuko duela gobernua, eta ez oso ezkerrekoak ministerio boteretsuetan: ekonomia, ogasuna, armada…

Bigarren krisia etorriko da presidente berriak kanpainan agindutakoak betetzeko arazoak dauzkanean, azken mendean benetako boterea eduki dutenek boikot handia egingo diotelako. Ez diote graziako eperik txikiena ere emango. Salvador Allende txiletarra gogoan. Petro gerrillari ohia izanda, behartuta dago ELN gerrilla taldearekin hizketa prozesua zabaltzera. Zailago edukiko du narkoekin, paramilitarrekin, FARCeko disidenteekin… Arreta berezia jarri beharko du buruzagi sozial gehiago hil ez ditzaten.

Rodolfo Hernandezek atzo adierazi zuen hartuko duela irabazten ez duenari legeak Senatuan eskaintzen dizkion aulkia eta oposizioburu ardura. Hala ere, hiru auzi dauzka zabalik epaitegietan.

Atzo bi hautagaien artean izandako tarte txikiak garrantzia berezia emango dio botoen zenbaketa ofizialari. Zenbaketa ofizial hori, atzokoa mahaietako arduradunek egin zuten, epaileek eta justizia saileko funtzionarioek egingo dute hurrengo asteetan. Ea ustekaberik ez dagoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.