BEZ iruzurra 2020koa halako bi izan zen iaz Araban
Aldundiak 95,3 milioi euroko iruzurra detektatu du.

BEZ iruzurra 31,3 milioi euroraino igo zen iaz, Arabako Foru Aldundiko Ogasun Sailak jakinarazi duenez. 2020an, 14,6 milioi eurokoa izan zen BEZ iruzurra; 2021ekoa, beraz, aurreko urtekoa halako bi da. Sailak detektatu duen guztizko zerga iruzurrak ere gora egin du 2020tik 2021era bitartean: 95,3 milioi euro, aurreko urtean baino 3,3 milioi gehiago.
Zergak ikuskatzeko zerbitzuek 75,1 milioi euro berreskuratzea lortu dute. Horretarako, 3.816 jardunaldi egin behar izan dituzte –1.801 pertsona fisikoak izan ziren; 2.015, juridikoak–. Lortutako zenbatekoaren zatirik handiena BEZ iruzurretik (31,3 milioi euro), sozietateen gaineko zergatik (24,1 milioi) eta laneko atxikitzeetatik (16,5 milioi) dator.
BEZari dagokionez, Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako diputatu Itziar Gonzalok adierazi du areagotu egin direla datuetan-eta «inkoherentzia nabarmenak» dituzten ordaintzaileen inguruko ikerketak; 6,9 milioi euro berreskuratu dituzte hala. Era berean, 2.080 kasutan, mozkin negatiboa edo irabazi proportzio apala duten sozietateak eta autonomoak ere ikertu dituzte sailekoek, «fikziozko gastuengatik edo neurriz kanpokoengatik». 41,7 milioi euroko iruzurra detektatu dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.