Azpiegiturak

Gasteizko tranbia Salburua auzoraino iritsiko da 2023ko udaberrian

Lanek 24,8 milioi euroko aurrekontua dute: %65 Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, eta gainerakoa, Gasteizko Udalak eta Arabako Diputazioak, erdi bana.

Iñaki Arriola, Ramiro Gonzalez eta Gorka Urtaran, gaur, tranbiaren obrak bisitatzen. GASTEIZKO UDALA
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 21a
15:38
Entzun

Bi urte igaro dira Gasteizko tranbia Salburua auzora eramateko lanak hasi zirenetik, eta azken txanpan dira obrak. Gaur, lanak bertatik bertara bisitatu dituzte Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Florida kalera joan dira eguerdian, obra bisitatzeko. Tranbiaren adarra eraikitzeko, 24,8 milioi euroko inbertsioa egin dute Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak, elkarrekin. Jaurlaritzak lanen %65 finantzatu ditu, eta aldundiak eta udalak, berriz, %35 erdi bana. Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa ari da tranbia Salbururaino eramateko lanak egiten. Luzapen hori Florida kalean egingo da, eta, horretarako, astelehenetik aurrera moztu egingo dute bide horren eta Jose Lejarreta kalearen arteko elkargunea. Lan horiek ekainaren amaieratik irailaren hasiera bitarte egingo dira.

2023. urteko udaberrian estreinatu nahi dute Salburura doan tranbiaren adarra; aurretik, Eguberrien ostean, probak egiten hasiko dira. Espero da tranbiaren ibilbide berriak 30.000 gasteiztar baino gehiagori zerbitzua ematea. Adar berria 2,5 kilometro luze da, eta bost geltoki berri edukiko ditu. Tranbiaren plataforma egokitzeko lan ia denak amaituta daude: Florida kalea, Iliada pasealekua eta Salburuko bulebarrean ibilgailuen trafikorako galtzadek harturiko eremua murriztu egin dute, eta tranbiak hartuko duen espazioa, bidegorri zati berriak eta espaloiak handitu egin dituzte. Gaur jakinarazi dute tranbiaren plataformaren eraikuntza eta trenbidearen muntaketa «oso aurreratuta» daudela. Orain, tranbiaren bidearekin lotzeko Florida kalean dagoen tarteaz gain, trenbideen muntaketa osoa osatzeko tarte batzuk amaitzea baino ez da geratzen: hala nola Iliada eta Salburua kaleen arteko eta Aerodromoko pasealekuaren eta Martxoaren 8ko etorbidearen arteko zatiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.