Lan gatazkak

Mercedeseko zuzendaritzak sindikatuei egotzi die inbertsio plana grebarekin «boikotatu» nahi izatea

Greba «zentzugabea» eta «kaltegarria» dela iritzi dio. Langile batzordearen gehiengoak deituta, bihar hasiko dituzte lanuzteak. 5.000 langile inguru daude deituta.

Mercedes Benzen lantegia, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko ekainaren 21a
17:50
Entzun

Gasteizko Mercedes Benzen zuzendaritzak ez du begi onez hartu sindikatuek grebara jo izana. Uste du ez dela «koherentea» ekainaren hasieran iragarritako 1.200 milioi euroko inbertsio planari lanuzte «zentzugabe» eta «kaltegarriekin» erantzutea. Eta sindikatuei egotzi die lan hitzarmenaren negoziazioak «boikotatu» nahi izatea.

Izan ere, bihar hasiko dituzte lehen lanuzteak Gasteizko plantan. Guztira, ia 5.000 langile daude deituta grebara. ELAk, LABek eta ESK-k batetik, eta CCOOk eta UGT-k bestetik, elkarretaratze bana egingo dute goizean eta arratsaldean. Hala ere, manifestazioa elkarrekin egingo dute eguerdian, fabrikatik hasita.

Lantegiko arduradunek langileei barne ohar bidez azaldu dietenez, lanuzteetara deitzeko erabilitako arrazoiak lan hitzarmenaren negoziazio prozesuari «boikota egiten saiatzeko estrategia gisa» baino ezin dira ulertu. Eta sindikatuei egotzi die langileen artean «tentsio egoerak» sortu nahi izatea. «Ez du inondik inora hitzarmenaren akordioa erraztuko», ohartarazi diete.

Zuzendaritzaren iritziz, gainera, greba «kaltegarria» da lantegiaren interesentzat, eta ohartarazi du erdieroaleak eta gainerako osagaiak beste planta batzuetara bideratuko dituztela, horrek ekoizpenean eragin ditzakeen ondorioekin. Edonola ere, langileei gogorarazi die instalazio guztiak martxan mantenduko dituela eta lan egin nahi duten guztiek izango dutela horretarako aukera.

Greba bereizita, manifestazioa elkarrekin

Manifestazio bateratua egingo dute bihar, baina langile batzordea zatituta dago, eta nork bere protestak antolatu ditu datozen egunetarako. Biharkoaz gain, ELA, LAB eta ESK-k beste bost greba egun antolatu dituzte datorren asterako: astelehenetik ostiralera egingo dituzte. CCOOk eta UGTk, berriz, hilaren 29rako deitu dute hurrengo lanuztera. Eta beste hiru egun egingo dituzte uztailean, zer egunetan oraindik iragarri ez badute ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.