Athletic

Aviña ez da izango Uriarteren futbol zuzendaria, txio homofobo eta matxistak tarteko

Hautagaiak adierazi duenez, baieztatu dute benetakoak direla Aviñari egotzi dizkioten txioak, duela hamar urtekoak: «Damua eta arbuioa adierazi du, eta, Izan Athleticek eskatuta, hauteskunde prozesutik kanpo geratzea onartu du».

Jon Uriarte, atzo, bere hautagaitzaren kirol proiektua aurkezten. MIGUEL TOñA / EFE
Ainara Arratibel Gascon - Paulo Ostolaza
2022ko ekainaren 22a
07:35
Entzun

Jon Uriartek atzo aurkeztu zuen bere kirol proiektua, Athleticeko presidente hautatzen badute ezarriko duena. Azkar sortu zaio, ordea, lehen hutsunea bere taldean: Carlos Aviña mexikarra ez da Athleticeko kide izango. Hura zen Uriartek hautatutako futbol zuzendaria. Aurkeztu eta gutxira, ordea, sare sozialetan eztabaida sortu zuten Aviñak duela hamar urte idatzitako hainbat txio homofobok eta matxistak.

Azkar erantzun zuen Uriartek, eta berehala jakinarazi zuen Aviña ikertzen ari zirela. Bart baieztatu dute txioak benetakoak direla, eta mexikarrak Athleticen kirol arloa zuzentzeko baldintzak «ez direla betetzen»: «Aviñak damua eta arbuioa adierazi du, eta, Izan Athleticek eskatuta, hauteskunde prozesutik kanpo geratzea onartu du».

Gehitu dutenez, hautagaitza osatzen duten pertsonak «berdintasunarekin, aniztasunarekin eta pertsonekiko errespetu osoarekin konprometituta» daude, eta, horregatik, «txioak bateraezinak dira Izan Athleticen balioekin». Dena den, gehitu dute pertsonek «huts egiteko, barkamena eskatzeko eta gaztetako jokabideak zuzentzeko eskubidea» dutela: «Carlos ezagutu dugu, eta, kirol kudeaketaren arloan duen gaitasunaz eta potentzialaz gain, bertatik bertara egiaztatu ahal izan dugu biralizatutako txioek —duela hamar urtetik gorakoak dira— ez dutela ordezkatzen ezagutu dugun pertsona».

Aviña mexikarra da, 31 urte ditu, eta Amerika Mexikon eta Circulo Brujasen lan egin du. Futbolari lotutako datuen analisian aditua da. «Teknologiak ez ditu pertsonak ordezkatuko. Baina, horien eta datuen analisiaren bidez, ahalik eta errendimendurik onena lortu nahi dugu jokalari bakoitzarengandik», azaldu zuen Uriartek atzo. Teknologiaren erabilera hori harrobitik hasiko da, arlo fisiko, tekniko eta psikologikoan jokalari bakoitzak hobekuntza izan dezan. Uriarteren kirol proiektuaren oinarrian jokalaria egongo da, modu indibidual batean. Horrekin batera, jokalariak ere balioetan oinarrituta hezi nahi dituzte.

Entrenatzailea, noiz?

Atzo, Aviñaz gain, Uriartek jakinarazi zuen Sergio Navarro izango dela Lezamako zuzendaria, eta Xabier Arrieta emakumezkoen kirol zuzendaria. Hori, noski, berak irabazten baditu ostiraleko hauteskundeak. Entrenatzailea, berriz, gaur jakinarazi du: Ernesto Valverde da aukeratuahref="https://www.berria.eus/albisteak/214980/ernesto-valverde-da-barkalak-eta-uriartek-hautatutako-entrenatzailea.htm">.

Profesionalizazioa, exijentzia eta errendimendua izango dira Uriarteren proiektuaren zutarriak. «Anbiziotsuak izan nahi dugu, kluba helburu handiengatik borroka dadila, eta hemengo futboleko hegemonia berreskuratu».

Navarrok Vila-realen, Levanten eta Rubin Kazanen lan egin du, eta, Aviñaren antzera, big data-n aditua da. Arrietak azken hamabost urteetan Bizkerren egin du lan, eta argi du Bizkaiko harrobian eragin behar dela, eta klubekin elkarlanean aritu proiektua garatzen segitzeko.

Kirol alorreko organigramaren barruan, errendimenduko arduradun bat izango da, eta utzitako jokalarien azterketa egingo duen beste bat.

Ikusi gehiago: Jon Uriarte: «Klubaren joera negatiboa irauli gura dugu»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.