Kepa Junkerari buruzko dokumental bat kaleratuko dute udazkenean

Fermin Aio zuzendariak gidatuta, 'Berpiztu' filmak trikitilariaren ibilbide artistikoa errepasatuko du, eta haren errehabilitazio prozesua jasoko. Bere ibilbidea jasotzen duen liburua ere egiten ari da Junkera.

Kepa Junkera 2018an, Gure Esku Dagok Donostian antolatutako ekitaldi baten aurretik. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2022ko ekainaren 22a
16:40
Entzun

Fermin Aio zuzendariak gidatuta, Kepa Junkera trikitilariari buruzko dokumental bat estreinatuko dute udazkenean: Berpiztu. Musikariaren ibilbide artistikoa errepasatu, eta haren errehabilitazio prozesua jasoko du dokumentalak; 2018ko abenduan iktus bat izan zuen Junkerak, eta oholtzetatik kanpo ibili da harrezkero. Ibilbidean berarekin askotariko bizipenak izan dituzten hainbat artistak parte hartuko dute filmean. Liburu bat ere argitaratuko du Junkerak, eta, azaldu dutenez, trikitilari aitzindariaren «memoria eta lana» berreskuratuko dituzte bai liburu horrek eta bai filmak.

2020. urtearen amaieran, Oliene baserrian bisita egin zion Aiok musikariari.«Beti ezaugarri izan duen erupzioan sartzear dagoen sumendi indar horri eusten dio oraindik», Aioren hitzetan. Bere ibilbidea jasotzen duen liburua egiten ari da trikitilaria, eta bidean harekin kolaboratu duten artisten laguntza izaten ari da: poetak, idazleak, argazkilariak, margolariak, ilustratzaileak eta beste.

Era berean, haren ibilbidea film batean islatzea ere nahi zuten, eta dokumentala egiteari ekin zioten Aiok eta Joserra Plazak. Udazkenean estreinatuko dute. Aioren arabera, inspirazio elementu nagusia izan da musikariak bere «birgaitze prozesuan, ondarea ordenatzeko ahaleginean eta berriro presente izateko saiakeran transmititzen duen emozioa atzematea». Junkerarekin kolaboratu duten artistei egindako elkarrizketak jasotzeaz gain, musikariaren gaur egungo egunerokoa ere erakutsiko du dokumentalak, «haren ondare aparta bizirik eusteko borrokan».

Hainbat testigantza bildu dituzte filmerako: besteak beste, Ara Malikian, Santiago Auseron, Pablo Milanes, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes, Joseba Tapia, Ibon Koteron, Motriku eta Sorgiñak taldea agertuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.