Gerra Ukrainan

Zelenski ziur da Europar Kontseiluak EBn sartzeko hautagai estatusa emango diola Ukrainari

Europar Kontseiluak gaur erabakiko du Ukrainari eta Moldaviari EBn sartzeko hautagai estatusa eman ala ez. Michelek egun «historikotzat» jo du. 

Ukrainako presidete Volodimir Zelenski. LUDOVIC MARIN / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 23a
13:00
Entzun

Europar Kontseiluak —EBko kide diren 27 estatuetako agintarien biltzarrak— gaur erabakiko du Ukrainari eta Moldaviari EB Europako Batasunera atxikitzeko hautagai estatusa eman ala ez, Bruselan egitekoa duen batzarrean, Europako Batzordeak joan den ostiralean Kieven eta Chisinauren aldeko jarrera erakutsi ostean. Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek egun «historikotzat» jo du. Hori bai, Ukraina eta Moldavia EBra hautagai gisa onartzeko erabakiak klub komunitarioko kide diren 27 estatuen adostasuna behar du.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur esan duenez, atzo EBko 11 agintariekin hitz egin zuen Ukrainaren hautagaitzari buruz, eta uste du talde komunitarioko kide diren 27 herrialdeek Kievi hautagai estatusa ematea babestuko dutela.

«Merezi dugu. Garai oso erabakigarria da guretzat, eta horrek motibazio handia ematen dio Ukrainari, batasunerako eta garaipenerako», adierazi du Zelenskik.

Ukrainako presidenteak herrialdea EBn sartzeko eskaera otsail amaieran aurkeztu zuen; zehazki, Errusiak otsailaren 24an Ukrainaren inbasioa hasi eta bost egunera. Kievi bonbaz eraso egin zioten egunean, Ukraina talde komunitariora «berehala atxikitzeko» eskatu zuen, «prozedura berezi baten bidez».

EBko hamar bat estaturen hasierako erantzuna ezezkoa izan bazen ere, aurkako jarrerak zertxobait leundu dira, nahiz eta atxikimendu prozesuak luze joko duen. Izan ere, Bruselak «zenbait baldintza demokratiko» ezarri dizkio Zelenski buru duen gobernuari.

Ukraina 2004ko Iraultza Laranjatik ari da EBrekin bat egin nahian, eta, are gehiago, 2013 eta 2014ko Euromaidaneko protestetatik, Viktor Janukovitx Kremlinen aldeko presidentea kargutik kendu zutenetik, talde komunitarioarekin elkartze akordioa sinatzeari uko egin ondoren.

Kievek Bruselan duen enbaxadoreak esan duenez, erabaki «historikoa» izango litzateke Ukrainari hautagai estatusa ematea. Horrez gain, adierazi du Errusiaren erasoaldiaren ondorioz Kievek EBrekin «are gehiago» egin duela bat.

Europar Kontseiluko Kanpo Harremanetarako think tank batek aste honetan argitaratu duen inkesta baten arabera, EBko herritarren %57 Ukrainari hautagaitza estatusa ematearen alde daude.

Mendebaldeko Balkanak

Albania, Ipar Mazedonia, Montenegro eta Serbia EBn sartzeko hautagaiak dira aspalditik; kasu batzuetan, hamarkada bat baino gehiago daramate talde komunitarioan sartzeko zain. Bosnia eta Herzegovinak 2016an eskatu zuen hautagaitza, baina oraindik ez du lortu, ezta Kosovok ere.

Arratsaldeko goi bileraren aurretik, Europar Kontseiluko presidentea Mendebaldeko Balkanetako agintariekin bilduko da, euren arteko harremanak hobetzeko asmoz. EBko kide diren estatu batzuk Bosnia eta Herzegovinari hautagai estatusa emateko presioa egiten ari dira, baina ez da horrelakorik espero.

Ipar Mazedoniaren eta Albaniaren kasuan, berriz, Bulgariak oztopatzen die EBko sarrera, lotura historiko eta linguistikoak gorabehera. Albaniako lehen ministro Eda Ramak «zoritxartzat» jo du Bulgariak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak, aliantza militarreko beste bi kideren ikuspegi komunitarioa «zokoratzea», EBko gainerako kideen «ezintasunaren» aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.