Osasuna

Osakidetzako egoiliarrentzat «ahalik eta kontratu egonkorrenak» galdegin ditu Eusko Legebiltzarrak

Osakidetzan belaunaldi erreleboa bermatzeko «beharrezkoak diren postuak» eskatu dituzte EAJk, PSEk, PP+C’s-k eta Voxek. Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egin da, eta EH Bilduk aurka bozkatu du.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebitzarkidea, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 23a
13:55
Entzun

Osakidetzako egoiliarren lan baldintzen egoera hobetzeko eskatu du gaur Eusko Legebiltzarrak. EAJk, PSE-EEk eta PP+C’s-ek adostu dute testua, eta Voxek aldeko botoa eman du. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ez dute akordioaren alde egin, uste dutelako ez diela Osakidetzaren sakoneko arazoei erantzuten eta ez dela nahikoa egoera konpontzeko. Bi talde horiek akordioarekin bat egiteko «borondaterik» ez izatea kritikatu dute gainerako alderdiek.

Hiru puntu ditu gaur onartutako proposamenak. Batetik, legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu dio hurrengo urteetan «beharrezkoak diren postuak» eskaintzeko Osakidetzako profesionalen artean belaunaldi erreleboa bermatzeko. Halaber, egoiliarrei, prestakuntza amaitzerakoan, «ahalik eta egonkortasun handiena» bermatzen duen lan kontratua eskaintzeko galdegin dio. Azkenik, lehen mailako arretako egoiliarrei «arreta berezia» eskaintzeko eskatu dio gobernuari,«kalitatezko kontratu erakargarriekin».

Jatorrizko ekinbidea EH Bilduk eraman du osoko bilkurara. Lehen arretako egoiliarren kontratazio eredua aldatzeko eskatu du Rebeka Ubera legebiltzarkideak, eta erdibideko testu bat adostu du Elkarrekin Podemos-IUrekin. Bi taldeek baliabide gehiago eskatu dizkiote Osasun Sailari lehen arreta «hobetzeko». Halaber, lehen arreta osasun profesionalentzat erakargarriagoa izan dadin, bi taldeek adierazi dute haren garrantziaz «sentsibilizatzea» ezinbestekoa dela, batez ere hezkuntzan eta osasun publikoan.

Osakidetzan lanean ari diren egoiliarrei, euren formakuntza ibilbidea amaitzear daudenean, bertan geratzeko kontratu «egonkorra» eskaintzeko eskatu dute EH Bilduk eta EP-IUk erdibideko zuzenketan. Zehazki, galdegin dute egoiliarrei atsedenerako gainerako profesionalen opor egunak eta bi urtetan soldata pizgarriak bermatzeko. Halaber, garapen profesionalean sakontzeko aukera izan dezaten, Osasun Sailari eskatu diote egoiliarrei aukera emateko ikerketetan eta Osakidetzaren proiektuetan parte hartzeko. Bereziki lehen arretan dauden egoiliarrengan arreta jartzea ezinbestekoa dela uste dute bi taldeek, bi norabidetan: batetik, formakuntzaren amaieran eskainiko zaizkien kontratuak kupo bakarrekoak izan daitezen, eta, bestetik,aukera izan dezaten beren ibilbide profesionala lehen arretan garatzeko. Etorkizunari so, bestalde, EH Bilduk eta EP-IUk iritzi diote funtsezkoa dela hurrengo lan deialdietan prestakuntza eskaintza handitzea, Osakidetzako profesionalen artean belaunaldi erreleboa bermatua egoteko.

Osakidetzari «prestigioa ematea»

Osakidetzari «prestigioa emateko» beharraz aritu da Ubera, batez ere belaunaldi berriei begira, eta horretarako politikak aldatu behar direla esan du. Osakidetzan egoiliarrak «ahaztu handienetakoak» direla eta lan baldintza kaskarrak dituztela esan du: «Formakuntza ibilbidea bukatzen dutenean, ez zaizkie kalitatezko lan kontratu erakargarriak eskaintzen, lan kontratu prekarioak baizik, eta azken urteotan EAEko osasun sistema publikotik kanpo eskaintzen zaizkien aukerak lehenesten ari dira». Uberak ohartarazi duenez, oso ohikoa izaten ari da egoiliarrei eskaintzen zaizkien lan kontratuetan «gehiegikeriak» ikustea: «Kontratu laburrak; kupo desberdinetan, lan eremu desberdinetan aritu behar izatea, agenda desberdinak aurrera eramanez; ordezkatuak ez diren profesionalen agendak aurrera atera behar izatea; opor sasoietan beti eurek aritu behar izatea; garapen profesionalerako aukera gabezia...». Horren ondorioz, belaunaldi berriak Osakidetza ez den beste hautu batzuk lehenesten ari direla azaldu du, eta, beraz, belaunaldi aldaketari begira «talentuari eusteko arazoak» daudela. Egoiliarrengan arreta berezia jartzeko eta kalitatezko kontratazio eredu bat garatzeko garaia dela azpimarratu du Uberak.

EP-IUko legebiltzarkide Jon Hernandezek adierazi du gobernuak osasun publikoko politikak aldatu behar dituela, eta behingoz aintzat hartu Osakidetzako langileen eskariak. Hernandezen ustez, Osakidetzako langileen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da, bereziki lehen arretakoak eta egoiliarrenak.

EAJk eta PSE-EEk bat egin dute espezialitate batzuetan medikuak falta direla, baina hori ez dela Osakidetzaren arazoa, «autonomia erkidego guztiei eragiten dien arazoa» baizik. Azpimarratu dute Osakidetzako profesionalek, oro har, «kontratu erakargarriak» dituztela. «3.000 euroko oinarrizko soldataz ari gara: estatuko handienak dira», adierazi du Estibaliz Larraurik. PSEko Ekain Ricok gaineratu du Eusko Jaurlaritzak espezializazioak sustatu beharko dituela eta egoiliarrei «kalitatezko enplegu egonkorra» eskaini behar diela lan eskaintza publikoen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.