Gerra Ukrainan

Ukrainak eta Moldaviak EBn sartzeko hautagai estatusa jaso dute

Zelenskik esan du erabakia «historikoa» dela: «Ukrainaren etorkizuna EBn dago». 27 estatuburu eta gobernuburuek ez dute aurrera egin Mendebaldeko Balkanetako estatuen aferan.

Von der Leyen eta Zelenski, Kieven, iragan apirilean. EFE
Mikel O. Iribar - Ander Perez Zala
2022ko ekainaren 23a
20:51
Entzun

EB Europako Batasuneko estatu kideetako agintariek pausoa eman dute, Errusiak inbasioa hasi eta lau hilabete ingurura: Ukrainari EBn sartzeko hautagai estatusa eman diote, baita Moldaviari ere. «Akordioa. Europar Kontseiluak oraintxe erabaki du Ukrainari eta Moldaviari hautagai estatusa ematea. Une historiko bat da. Gure etorkizuna elkartuta dago», idatzi du Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak Twitter sare sozialean.

Talde komunitarioaren erabakiak poza eragin du Ukrainan, eta hori adierazi du Volodimir Zelenski herrialdeko horretako presidenteak: «Erabakia historikoa da. Ukrainaren etorkizuna EBn dago». Hautagai estatusa jasotzeko prozesua luzea izaten da, baina EBko estatu kideetako agintariek azkartzea erabaki dute, eta horren ondorio da gaurko erabakia.

Erabakiaren berri emateko agerraldian, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere pozik agertu da, baina Ukrainari oroitarazi dio «etxeko lan asko» dituela egiteko estatu kide bilakatu aurretik. «Ezin da itxaropen keinu hobeagorik izan Ukrainako, Moldaviako eta Georgiako herritarrentzat garai zail hauetan», adierazi du Von der Leyenek —Georgiak, oraingoz, ez du hautagai estatusa jaso—.

Ukrainako Gobernuak otsailaren 29an aurkeztu zuen talde komunitarioan sartzeko eskaria; zehazki, Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi eta bost egunera. Kievi bonbaz eraso egin ziotenean, Ukraina talde komunitariora «berehala atxikitzeko» eskatu zuen Volodimir Zelenski presidenteak, «prozedura berezi baten bidez».

EBko hamar bat estaturen hasierako erantzuna ezezkoa izan bazen ere, aurkako jarrerak zertxobait leundu dira asteotan, nahiz eta Ukrainaren atxikimendu prozesuak luze joko duen. Izan ere, Bruselak «zenbait baldintza demokratiko» ezarri dizkio Zelenski buru duen gobernuari; hala nola justizia kontseilariak izendatzea, ustelkeriaren aurkako agentzia operatibo bat izatea, eta oligarken aurkako legea edukitzea.

Ukraina 2004ko Iraultza Laranjatik ari da EBrekin bat egin nahian, eta are gehiago 2013ko eta 2014ko Euromaidango protestetatik, Viktor Janukovitx Kremlinen aldeko presidentea kargutik kendu zutenetik, talde komunitarioarekin elkartze akordioa sinatzeari uko egin ondoren.

Kiev eta Chisinau EBko hautagaitza zerrendan sartu diren arren, Georgia hautagai estatusa jasotzeko «egiturazko erreformak» egiteko zain dago, «baldintza batzuk bete behar baititu», Von der Leyenen arabera.

Ukrainari eta Moldaviari buruzko erabakia alde batera utzita, Mendebaldeko Balkanetako sei herrialdeetako —Albania, Bosnia eta Herzegovina, Ipar Mazedonia, Kosovo, Montenegro eta Serbia— agintariek etsipena azaldu dute gaur, Europar Kontseiluarekin batzartu ostean.

Seiek EBn sartzeko hautagaitza prozesuan urratsak egiteko eskatu zioten, «Europaren bihotza» direla iritzita. Negoziazioak, baina, geldirik daude, ez aurrera ez atzera. «Kolpe gogorra izan da EBren sinesgarritasunarentzat», Ipar Mazedoniako lehen ministro Dimitar Kovacevskiren esanetan.

Hain zuzen, Bulgariak oztopatzen die Ipar Mazedoniari eta Albaniari EBko sarrera, lotura historiko eta linguistikoak gorabehera. Albaniako lehen ministro Eda Ramak «lotsagarritzat» jo du Sofiak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak, aliantza militarreko beste bi kideren —Ipar Mazedoniaren eta Albaniaren— ikuspegi komunitarioa «zokoratzea», EBko gainerako kideen «ezintasunaren» aurrean.

Europar Kontseiluko presidenteak, berriz, adierazi du talde komunitarioak «borondate politikoa» duela prozesua «biziberritzeko». Bulgariak ezarria duen betoari dagokionez, espero du Ipar Mazedoniako, Albaniako eta Bulgariako agintariek «berehala» ekingo diotela solasari. Ostera, Bulgariako presidente Kiril Petkovek gogorarazi zuen erabakia ez duela gobernuak hartuko, parlamentuak baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.