Donostiako 70. Zinemaldia

David Cronenbergek jasoko du bigarren Donostia saria

Donostiako Zinemaldiak zuzendari eta gidoilari kanadarraren ibilbidea aitortuko du ohorezko sariarekin. 'Crimes of the Future' haren film berria ere erakutsiko du jaialdiak.

David Cronenberg zinemagilea, maiatzean, Cannesko jaialdian. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
itziar ugarte irizar
2022ko ekainaren 24a
12:08
Entzun

Iragarrita zegoen Juliette Binoche aktore frantziarrak jasoko duela aurten Donostiako 70. Zinemaldiaren ohorezko sari nagusietako bat —hura izango da, halaber, aurtengo kartel ofizialaren irudia—, baina ez da protagonista bakarra izango, bigarren Donostia sariaren berri eman baitu gaur jaialdiak: David Cronenberg (Toronto, Kanada, 1943) zuzendari eta gidoilari kanadarrarentzat izango da. Azken mende erdiko zinemagile «berezinetako bat» dela goratu dute antolatzaileek: «Izugarrikeria biologikoaren, atmosfera aztoratzaileen eta unibertso pertsonal bezain transferiezinaren maisua». Irailaren 16tik 24ra egingo da aurten jaialdia, eta hilaren 21ean jasoko du saria Cronenbergek, Viktoria Eugenia antzokian. Haren film berriaren proiekzioarekin borobilduko dute ekitaldia: Crimes of the Future, zinemagilearen aspaldiko obsesioak dakartzan filma, Viggo Mortensen, Lea Seydoux eta Kristen Stewart protagonista dituena.

Hogei film luzetik gora zuzendu ditu Cronenbergek, eta hainbat generotan kultuzko izen handia da gaur egun harena, hala nola zientzia fikzioan, thrillerrean eta drama psikologikoan. Guztietan klasikotzat hartzen diren aleak utzi ditu. Donostiako Zinemaldira Eastern Promises filmarekin heldu zen aurrenekoz (2007), eta, jaialdian orduan soilik egon bazen ere, Crash (1996) atzera begirakoen atalean erakutsi zuten, 2004an.

Pianista baten eta idazle baten semea da Cronenberg, eta liburu eta komikietatik jasotako istorioz inguratuta hazi zen. Modu autodidaktan filmatu zituen lehen lan lanak —Transfer (1966) eta From the Drain (1967) laburrak eta Stereo (1969) eta Crimes of the Future (1970) luzeak, esaterako—. Eta jada orduan agerian utzi zuen bere obra ezaugarritu duten hainbat gaitarako joera: indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa eta beste. Haren lehen lanetan da nabarmena, hain justu, esperimentazio zientifikoaren ardatz hori; Shivers (1975), Rabid (1977) eta The Brood (1979) filmetan, esaterako.

Zinemaldiko antolatzaileen arabera, ordea, badira nabarmentzeko bi lan mugarri Cronenbergen ibilbidean, «genero zinema erradikalaren» alorrean ospe iraunkorra ekarri ziotenak: Scanners bata (1981), botere mental hilgarriak dituzten pertsonen talde bati buruzkoa; eta Videodrome bestea (1983), new flesh (haragi berria) estetikaren gailurretako bat.

The Fly lanean (1986) intsektu bihurtzen den zientzialari baten istorio itogarria kontatu ondoren, Jeremy Irons aktorea jarri zuen protagonista lanetan hurrengo bi filmetan: Dead Ringers (1988), non aktoreak bi rol bete zituen —bi anaia ginekologorenak—; eta M. Butterfly (1993), operako abeslari misteriotsu baten eta 1960ko hamarkadan Txinan bizi den diplomatiko frantses baten arteko «erromantze anbiguoa» kontatzen duena.

Literaturaren hurbileko

Zenbait idazleren eleberrien zinema moldaketak ere egin izan ditu Cronenbergek. Horien artean daude, besteak beste, Stepehn Kingen The Dead Zone (1983) eta William Burroughsen The Naked Lunch (1991) —«agian haren kultuzko lanik handiena»—. Moldaketa da 1996ko Crash ere, J. G. Ballarden izen bereko eleberria hartu baitzuen zinemagileak oinarritzat auto istripuak izan ostean sexu grina duten pertsonaiak arakatzeko —Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen film harekin Cannesko jaialdian—. Eta moldaketak soilik ez, eleberri bat ere badu idatzita Cronenbergek: Consumed: A Novel (2014).

Luzea da Cronenbergekin lan egin duten aktoreen zerrenda ere —Gabriel Byrne, Willem Dafoe, Ed Harris, Naomi Watts, Robert Pattinson, Juliette Binoche…—, eta azkenaldian haren gertuko bihurtu direnen artean dago Viggo Mortensen, hain justu duela bi urteko Zinemaldian Donostia saria jaso zuena. A History of Violence thrillerrean (2005) egin zuten aurrenezko lan elkarrekin Cronenbergek eta Mortensenek, ondoren Eastern Promises eta A Dangerous Method filmetan era bai (2011), eta berriki itzuli dira elkarrekin aritzera, zuzendariaren Crimes of the Future lanean.

Hura erakustearekin bat, Donostia saria jaso duten zuzendarien zerrendan sartuko da, bada, kanadarra aurten; bertan daude, besteak beste, Francis Ford Coppola, Woody Allen, Oliver Stone, Agnes Varda, Hirokazu Koreeda, Costa-Gavras eta beste zinemagile aupatu batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.