Kristina Mardaras

«Euskarari lotuta egon naiz beti; hori izan da nire kezkarik handienetako bat»

Ikastolek egiten duten ekarpen publikoa defendatzen du Kristina Mardarasek, sare publikoaren eta pribatuaren dikotomiatik harago. Iurretako Goiuria ikastolari buruzko liburu bat atera berri du.

Kristina Mardaras. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
amaia igartua aristondo
2022ko ekainaren 24a
12:16
Entzun

«Zortea izan dut. Berriro jaioko banintz, irakaslea izatea gustatuko litzaidake». Irakaskuntzan ibilitako urteez oroitzapen goxoa du Kristina Mardarasek (Iurreta, 1948). Ikastolak bultzatu zituen, irakasle aritu zen hainbatetan, eta zarratuta dauden horien ekarpenak helarazten dihardu orain: liburu bat ondu du Iurretako Goiuria ikastolari buruz, Justo Alberdi, Jon Irazabal, Markel Onaindia eta Eñaut Aiartzaguenarekin batera.

Zaila egin zitzaizun txikitan euskaraz bizitzea?

Ni baserriko alaba naiz, eta baserrian euskaraz egin dugu beti. Arazoa zen ikasketa guztiak gazteleraz egin genituela, eta hori ez da normala: nola ikasiko du euskaldun batek gazteleraz? 6 urterekin ez nekien gaztelaniaz, ez nuen ulertzen. Arazoa izan zen, ez duzulako ondo ikasten. Baina hizkuntzetarako nahiko erraztasuna eduki dut, eta ez dut gogorapen txarrik. Guk ez genituen jaso beste batzuek kontatzen dituzten zigorrak.

Irakaskuntzan euskara gutxi, orduan.

10 urte genituenetik aurrera, abade berri bat etorri zitzaigun auzora [Oromiño], oso euskaltzalea zena, eta horrekin ohartu ginen hizkuntzaren balioaz. Guri eskolan eman ziguten mezua izan zen euskarak ez zuela balio gauza askotarako: karrerak ikasteko, lanerako… Gaztelania ikasi behar genuen, oso garrantzitsua zelako. Harrotasunezko jarrera bat izan zen: kontziente zara euskara maite duzula, egin behar duzula, eta hasten zara horretaz hausnartzen. Abadeak elikatu egin zuen hizkuntzaren erabilera.

Nola?

Harekin antzerkia egin genuen; emakumezkoen koru bat sortu, eta herriz herri kantuan eta antzerkia egiten joaten ginen. Nesken eta mutilen dantza talde bat egin zuen. Eta haren eskutik ezagutu nuen Kili-Kili aldizkaria. Bilbon egiten zen. Gure adineko ume batzuk sartu gintuen, eta gauzatxoak idazten hasi nintzen hor. Kili-Kili egunak antolatzen ziren Gernikan, Mungian… Nolabait, gizarteratu egin gintuen auzoko umeak; guretzat izan zen Bizkaia deskubritzea bezala. Oroitzapen onak ditut hizkuntzari lotuak.

Izpiritu horrek bultzatuta sartu zinen ikastolen mugimenduan?

Bai, nik uste baietz. Abadeak bost urte egin zituen, 1959tik 1964ra. Eta zortea izan genuen, haren ordez Julen Kaltzada etorri zelako. Kaltzadak euskal mundura ekarri zuen JARC Juntas de Accion Rural Catolicaren filosofia. Gazte jende pilo bat elkartzen ginen hausnartzeko zer motatako herria nahi genuen: hizkuntzaz, politikaz…. Argi geneukan euskaldunak izan nahi genuela. Eta hortik etorri zen ikastolaren mugimendua gure herrian, baita Gipuzkoatik ere. Durangon, 1966an sortu ziren ikastolak; 1967an, Zornotzan; eta 1968an, Iurretan, Berrizen, Otxandion, Elorrion…

Ikastolen bultzatzaile ez ezik, irakasle ere izan zara.

18 urte baino lehenagotik, administrari moduan nenbilen lanean enpresa handi batean, eta bila etorri zitzaizkidan, Otxandioko ikastolara andereño joateko. Ez neukan irakaskuntzarako titulaziorik, baina orduan normala zen: euskaldun irakasle oso gutxi zeuden, eta ezinbestekoa zen titulu gabeko euskaldunengana jotzea.

Nolakoak izan ziren hastapenak?

Beti izan dut gustuko ikastea. Otxandiora joan nintzenean, ez zitzaidan oso zaila egin umeekin lan egitea. Kurtso bat bakarrik egon nintzen.

Itxi egin zuten, ezta?

Nigatik itxi zuten. Euskal Herrian, konpromiso politikoa martxan zegoen. 1967an Txabi Etxebarrieta hil zuen Guardia Zibilak, eta, hari egindako mezetako batean kantu paperak banatzen ibili nintzelako, Guardia Zibilak lokalizatu, eta niri jarraitzen hasi ziren. Inspektoreak agindu zuen bere eremuan ez nintzela klaseak ematen ibiliko; ospa egiteko esan zidan, bere jurisdikziotik berrogei kilometrora. Alde egin behar izan nuen. Ez neukan irakaskuntzako titulurik, baina andereño batek berea utzi zidan; ikastoletan hori asko egin da. Francori tranpak egin behar zitzaizkion. Administrazioaren aurrean ez nintzen Kristina, baizik eta Nieves.

Guardia Zibilaren aginduak arazoak ekarri zizkizun aurrerago?

Basauriko ikastolara joan nintzen, eta bi urtez egon nintzen. Hara ere joan ziren guardia zibilak, baina ez zieten sartzen utzi.

Eta 1968an sortu zenuten Iurretako Goiuria ikastola.

1965ean sortu zen Gerediaga elkartea. Kirikiño batzordea zegoen, eta euskal kulturaren gaiak lantzen ziren. Orain nire senarra dena [Justo Alberdi] idazkari moduan zegoen, eta Durangaldeko ikastolen koordinazioa antolatu zuten. Bilerak egiten ziren. Elkarri komentatzen genizkion arazoak eta beharrizanak, eta denen artean erantzuten genuen. Gerediaga oso inportantea izan zen, oinarri legal bat eman zigulako, eta egitura bat: bilerak egiteko lekuak, ordezkariak…

Zer esku hartze izan zenuen Goiurin?

Basauritik etorritakoan, erabaki nuen hamar bat urte dedikatuko nizkiola familiari. Eskolarekin ez zen nahikoa euskara berreskuratzeko, eta koloniak antolatzen genituen. Nik lagundu egiten nuen. Kooperatiba 1972an legeztatu zen, gure umeak sartu ziren, eta harreman handiagoa izan nuen. Istripu bat egon zen ikastolako patioan: ume bat hil zen, eta andereñoak baja hartu zuen, eta niri eskatu zidaten ordezkatzeko hiru bat hilabetez. Iurreta oso erdalduna zen, nahiz eta askok euskaraz jakin. Euskarari lotuta egon naiz beti; hori izan da nire kezkarik handienetako bat. Orain askoz konprometituago dago jendea, baita administrazioa ere.

1981ean itxi zen. Zergatik?

Eskolaurrea bakarrik izan zuen, eta Lehen Hezkuntza Durangoko ikastolan egiten zen. Bageneukan gogoa herrian bertan gelditu zitezen umeak, herria indartzeko. Leku gehiago behar genuen ikastolan, geneukan lonjarekin ez zen nahikoa. Justu Eusko Jaurlaritzak ikastola txikiei eskaini zien sare publikoarekin fusionatzea. Ikastolarik txikienek ez zuten beste irteerarik izan.

Zer baldintzatan fusionatu zen?

Ikastolaren lerro pedagogikoak bete behar zituen. Hamar urterako konpromisoa hartu zen, eta jarraipen batzorde bat sortu. A ereduko eskola batekin elkartuko ginen. Jaurlaritzaren konpromisoa izan zen urtean A ereduko maila bat irtengo zela, eta euskarazko bat sartu. Beraz, pixkanaka-pixkanaka euskal eskola bat izango zen bakarrik, publifikatuta. Ondo joan zen.

Ikastolari buruzko liburua argitaratu duzue orain.

Ikastolaren izena ahaztuta egon da, ez da ezagutzen garai hori. Pena apur bat ere badaukat transmisio hori ez dagoelako. Euskararekiko konpromisoa eta euskal eskolarekikoa hor daude, baina ikastolarekiko konpromisoa galtzen joan da. Pentsatu genuen transmisio hori egiteko informazioa eman behar zela. Senarrak eta biok gogo hori geneukan 2017tik. Baina ez genuen ikusten nola egin. Gerediagara jo genuen, baita Anboto-ra ere.

Ikastolekiko konpromisoa galduz joan da, oro har? Nola ikusten duzu egoera?

Uste dut gizartea asko aldatu dela. Ikastolistak izan direnek ere ideologia politiko baten arabera juzgatzen dute ja, ez hizkuntzaren orduko egoeraren arabera. Orain, eztabaida da publikoaren eta pribatuaren artekoa, baina kontua ez da hori. Iurretan guztiak ez zeuden oso konbentzituta ikastola publifikatzearekin, instituzioekin ez ginelako fidatzen. Oraingoekin fida daiteke? Beldurra beti dago instituzioen eskuetan uzten denean. Egia esan, alde batera utzita daukat gaia, ez dut juizio argi bat.

Ikastolak ez dira sartzen publikoaren eta pribatuaren logika horretan, beraz?

Ikastolak pribatuak izan dira, orain itunpekoak, baina herrigintzari lotuak; nik ez dut herrigintzari lotua ikusten, adibidez, Deustuko Unibertsitatea. Beste kontzeptu bat da. Aurten, Abusu ikastolan egin da Ibilaldia, eta dirua eskatu zuten ez dakit zer egiteko; ba nik ikastolen mugimenduko jendeari entzun diot esaten bere garaian publifikatzea zutela. Min handia eman dit horrela justifikatzeak. Durango ikastola itunpekoa da, ados, baina herriari eman dion zerbitzua ez dio ikastetxe pribatu batek ere eman: eraikinari dagokionez, gizarte mailan ere bai, euskalduntzearen munduan eta kulturan. Erabilera oso publikoa dauka; nik horren defentsa egiten dut. Horregatik esaten dut niretzat ez dela pribatua Durangoko ikastola.

Hezkuntza Lege berriarekin polemika izaten ari da, ikastolei emango dien lekuagatik.

Dirua ematen duenak ezartzen ditu baldintzak. Publikoek egiten dituzten erreibindikazioak dira: dirua partekatzen bada, arazoak ere bai. Eta logikoa da. Publikoak karga handia daukalako migratzaileei dagokienez, adibidez. Ikastolek aukera daukate hartzeko edo ez, ordaindu egin behar delako, eta migratzaile batzuek ez dute dirurik ezta jantokiko bazkaria pagatzeko ere. Nora doa migratzailea? Publikora. Baina negoziatu beharko lirateke kuotak.

Egoera hori nola bizi izan zenuen irakasle garaian?

Seigarren mailakoak nituen ikasturte batean; martxoan, gelara ekarri zuten Cadiztik [Espainia] zetorren bat, eta nik protestatu egin nuen. Seigarren maila batean, euskaraz ez dakiena sartzea… Esango didazu nori egiten dion mesede: ez hari, ez beste guztiei. Hasieran, inspektoreak esan zidan derrigortuta nengoela. Non dago hor balorazio pedagogikoa? Kostatu egiten da halako jendearen boterean uztea proiektu sendo bat, kostatu zaizuna. Noski, arau horiek Madrilek ipinita datoz. Ematen du Jaurlaritzak agintzen duela hezkuntzan: gezurra eta galanta, gainera. Hemen ezertan ez du agintzen Jaurlaritzak Madrilek ez badu baimena ematen aurretik. Hezkuntza Legearen filosofiak oso polita dirudi: eskolak berak egingo du bere curriculuma. Hori esanda, ematen du askatasun guztia daukazula. Gezurra da.

Nola kudeatu eleaniztasuna?

Gure eskolan, ingelesez ematen genuen Sukaldaritza, edo gazteleraz Historia. Ez da nobedadea. Baina herri bat hizkuntza errekuperatzen ahalegintzen ari denean, nola eska daiteke ordu berak banatzea hizkuntza bakoitzari? Nire identitatea euskaraz eraiki nahi dut, beste guztiak ongi etorriak baino ez dira. Ez da proportzio horretan erabiltzen telebistan, prentsan, Interneten…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.