Gurasotasuna

Guraso bakarrek «eskubide berberak» nahi dituzte beren umeentzat

Guraso bakarrek ez dute modurik beste gurasoaren hamasei asteko baimena hartzeko. Diskriminazioa igartzen dute ustez neutroak diren arauetan ere.

Alazne Zumeta. BERRIA
Miren Garate.
2022ko ekainaren 24a
12:30
Entzun

Guraso berrientzako aldaketa handia sartu zen indarrean 2019ko azaroan: hamasei astera luzatu zuten erditu ez zen gurasoari zegokion baimen ordaindua —ordura arte, zortzi astekoa zen—. Hau da, parekatu egin ziren amaren baimena eta bigarren gurasoarena. Guraso bakarreko familiek, ordea, hamasei asteko baimena dute oraindik ere: ezin dute berek hartu beste gurasoari dagokion zatia. Ondorioz, uste dute beren haurrek ez dituztela gainerakoen eskubide berberak, denbora gutxiago egon daitezkeelako gurasoarekin. Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi da gaia, eta hark emango duen ebazpena funtsezkoa izango da.

Auzitegietako bidea hartu duten horietako bi dira Alazne Zumeta donostiarra eta Jaione Yera Hernanin bizi den bergararra. Bikotekiderik gabe izan dira ama: sei hilabeteko bikiak ditu Zumetak, eta hiru hilabeteko umetxoa Yerak. Amaituta edo amaitzear daukate amatasun baimena, baina oraindik ez dakite beste hamasei asteak izateko aukerarik izango duten edo ez. Legearen arabera, baimen horiek umeak urtebete egin baino lehen erabil daitezke, eta oso litekeena da beren umeek adin hori gainditua izatea erabakia jakiten dutenerako.

Madres Solteras por Eleccion elkarteko (AMSPE) kideak dira biak, eta elkarte horren kolaboratzailea da emakumeen eta haurren eskubideetan espezializatutako Eme Abokatuak taldea. Hango abokatuek azaldu dutenez, Gipuzkoako guraso bakarrek Donostia edo Eibarko epaitegira jo behar izaten dute aurrena hamasei asteak eskatzeko. “Epaitegi bakoitzak bere irizpideak ditu, eta alde edo kontra ebatz dezakete”.

Horren gainetik dago EAEko Auzitegi Nagusia, eta guraso bakarren aldeko epaiak eman ditu orain arte hark; Espainiako Estatuko auzitegi nagusi batzuek, berriz, kontrakoa egin dute; gutxi gorabehera, erdi eta erdi izan dira orain arteko epaiak. Beste urrats bat gora egin, eta Espainiako Auzitegi Gorenera jo du Gizarte Segurantzak; gainera, euskal herritar baten kasuari lotuta. “Auzitegi horrek ebazten duenak sortuko du jurisprudentzia”, esan dute Eme Abokatuak taldekoek.

Luze jotzen du epaitegiko bideak; badaude 2023rako aurreikusitako epaiketak ere. Abenduan izango du berea Zumetak. Amatasun baimena, ordea, apirilaren 30ean amaitu zitzaion. Haren esanetan, beste gurasoari ematen zaizkion hamasei asteak eskatuta, denbora aldetik eta ekonomikoki abantailak nahi izatea leporatzen diete maiz guraso bakarrei. “Baina ez gara geure buruari buruz ari; guk nahi dugun bakarra da gure umeek beste haurren aukera berbera izatea gurasoekin egoteko”.

Amatasun baimena datorren astean bukatuko zaio Yerari. Epaiketa datarik ez du oraindik. “Nik aurkeztutako demandan jasotzen da orain behar dudala umearekin egoteko denbora, ez hazten denean, baina motel joaten dira kontuak”. Hain zuzen ere, zenbait ikerketak erakusten dute umearentzat oso garrantzitsuak izaten direla lehen hilabeteak, gurasoekin atxikimendua egiteko eta abar. Edoskitzearen onurak ere erakunde eta ikerketa ugarik nabarmentzen dituzte; demandetan, argudio horiek sartzen dituzte abokatuek, gauzak azkartzen saiatzeko.

JAIONE YERA

Jaione Yera.

Amatasun baimena hartuta zegoela, langabezian geratu zen Zumeta, eta ez da lanera itzuli. “Azkenean, gaitz erdi: behintzat, umeekin egon naiteke; bestela, eszedentzia bat hartu beharko nuen”. Hala egingo du Yerak. Kooperatiba batean lan egiten du, eta lau hilabeteko eszedentzia hartuko du; tarte horretan, beraz, ez du diru sarrerarik izango. “Nik aukera izango dut, baina ziurrenik denek ezingo dute gauza bera egin; enpresak ere ez dit eragozpenik jarri, baina, legeak lege, toki batzuetan eszedentziak ez daude batere ondo ikusita”.

Batzar nagusien eskaera

Bi amek azaldu dute hainbat uste oker daudela gizartean; esate baterako, guraso bakarrek diru laguntzak izaten dituztela. Ez dagoela halakorik diote; are gehiago, ustez neutroak diren laguntza orokorretan guraso bakarrak diskriminatzen direla.

Horri lotuta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek hilabete honetan eman diote oniritzia guraso bakarreko familiaren titulua erregulatuko duen arau esparrua ezartzeko eskaerari. Era berean, batzar nagusiek beharrezkotzat jo dute guraso bakarreko familiaren, guraso bakarreko bizikidetza unitatearen eta guraso bakartasun egoeraren kontzeptuak argi eta garbi definitzea, “hartara euskal erkidegoarentzat jarduera irizpide homogeneoa bermatzeko”.

Eme Abokatuak taldeko kideentzat badu garrantzia eskaera horrek. Definitu gabe egotearen eraginez, arauak sortzen direnean —arau ekonomikoak…—, familia tradizionala hartzen dela eredutzat azaldu dute, eta baztertu egiten direla gainerakoak. Eta gogoratu dute berdintasuna eta diskriminaziorik eza funtsezko eskubideak direla. “Ezin da inor baztertu edozein motatako familiako kide izateagatik. Eta kasu honetan sexu diskriminazioa ere egoten da, guraso bakar gehien-gehienak emakumeak izaten direlako”.

Abokatuen arabera, 1/2022 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiten duenak, hainbat kontu aipatzen ditu guraso bakarreko familiei lotuta: kontziliaziorako zailtasun erantsia dutela, aisialdi eta atseden programetan kontuan hartu behar direla… “Baina asmo on horiek guztiak garatzeko arauak behar dira, eta, momentuz, ez dago halakorik”.

Adibidez, bi ume dituenez, Zumeta familia ugaritzat hartuko lukete alarguna balitz; ama bakarra izanda, ez. Aspaldi esan zuten agintariek bi seme-alabako guraso bakarrak familia ugaritzat hartuko zituztela, baina oraindik ez dago indarrean neurria. AMSPE elkarteak eskatuta, beken baldintzei buruzko azterketa juridiko bat ere egin zuten Emeko Abokatuak taldekoek, eta ikusi zuten guraso bakarrak diskriminatzen zituztela. Bestelako diru laguntza batzuetan ere bizikidetza unitateak hartzen dituzte kontuan, eta horrek desabantailan uzten ditu guraso bakarrak.

“Bi guraso ume batekin hiru pertsona dira, eta ama bat bi umerekin hiru pertsona dira, baina egoera ekonomikoak ez du zerikusirik horrelakoetan”, esan du Zumetak. Iritzi bera du Yerak ere: “Ez dago laguntza berezirik guraso bakarreko familientzat, eta laguntza orokorretan, baremoetan, guraso bat izan edo bi izan ez dago alderik, nahiz eta etxe batean diru sarrera bat egotea edo bi egotea alde handia izan”.

Arlo ekonomikoa izaten da guraso bakarren kezka nagusietako bat. “Zu lanik gabe geratuz gero, etxean ez dago dirurik. Edo murrizketa bat edo eszedentzia bat hartuz gero, eragin ekonomikoa dauka; baina, aldi berean, lanean bazaude, ezin zara umearekin egon…”, esan du Yerak. Gainerako familiekin alderatuta, kontziliazio gastuek soldataren proportzio handia hartu ohi dute guraso bakarreko familietan.

Nola azaldu umeari

Diru laguntzak kobratzen dituztelako ideia faltsua ez ezik, beren familia ereduaren inguruko bestelako uste oker batzuk ere badaudela esan dute bi amek. “Batzuek uste dute umearen begi kolorea eta abar aukeratu ahal ditugula…”, kontatu du Yerak. “Ausarta” dela ere behin baino gehiagotan esan diote. “Ez dakit zergatik esaten didaten hori. Bakarrik edukitzeak beste zailtasun batzuk ditu, baina ume bat izateko erabakia gehienek ondo hausnartuta hartzen dutela esango nuke”. Aitona-amonen erreakzioak eragiten zion zalantza txiki bat, adinagatik; ez zekien nola hartuko zuten. “Nire harridurarako, amonak esan zidan oso ondo egin nuela, horrela umea nirea izango dela”.

Aitari buruzko galderak ohikoak izaten direla esan du, berriz, Zumetak. “‘Aitaren antza izango du, zer zure antzik ez du’ eta halakoak esaten dizkidate”. Edo pluralean hitz egiten diote: ‘Pozik egongo zarete’, eta halakoak esanez. “Beti ez dut jakiten zer egin: edo azaldu ama bakarra naizela, edo ezer ez esan”. Hala ere, nabarmendu dute oro har ez dutela sorpresa handirik hartu guraso bakar izateari lotuta.

Aurrera begira, ordea, badute kezka bat batak zein besteak. “Buelta asko eman dizkiot umeak nola hartuko duen nik hartutako erabakia; zorionez, gero eta gehiago gara, eta gero eta normalizatuago dago”, adierazi du Yerak. Gauzak txikitatik azaltzeko asmoa du. Zumetak ere esan du “kezkatuta baina lasai” dagoela. “Elkarteak asko laguntzen du: tailerrak, hitzaldiak, gure familia ereduko beste ume batzuekin elkartzeko aukera eta abar ematen ditu. Kezka puntu bat badut, baina badakit baliabideak izango ditudala”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.