Gerra Ukrainan

Ukrainako tropak Sievierodonetsketik erretiratuko dira, Kieven arabera

Errusiari Sievierodonetsk guztiz hartzea falta zaio Luhansk probintzia oso-osorik kontrolpean edukitzeko

Ukrainako soldaduak, Sievierodonetsk hiritik gertu, Donbass eskualdeko Luhansk probintzian. OLEKSANDR RATUSHNIAK / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 24a
12:56
Entzun

Ukrainako agintariek Sievierodonetsk hiritik (Luhansk oblasta) erretiratzeko agindu diete gaur euren tropei. Donbass eskualdean dagoen hiri hori gudu zelai bilakatu da azken asteotan; izan ere, Errusiari Sievierodonetsk guztiz hartzea falta zaio Luhansk probintzia oso-osorik kontrolpean edukitzeko. Bada, itxura guztien arabera, Errusiako armadak hiria erabat okupatuko du aurki.

«Tamalez, Ukrainako tropak Sievierodonetsketik erretiratu beharko ditugu. Gure defendatzaileek jasoa dute agindua», idatzi du Serhiy Haidai Luhanskeko Eskualde Administrazioko buruak Telegram kontuan. Horrez gain, Errusiako soldaduek hiria «ia suntsitu» dutela zehaztu du. «Azpiegituren %90 txikituta daude».

Hiriko Azot lantegi kimikoan gotortuta dauden bostehun bat zibilen inguruan —Kievek emandako datua—, berriz, ez dute xehetasunik eman. Hori bai, Nazio Batuen Erakundeak salatu izan du Azoten dauden herritarrak «oso larri» daudela: «Janaririk eta urik gabe geratzen ari dira».

Kieven arabera, Errusiako soldaduak Lisitxanskera doaz orain, hegoaldetik, Zolote eta Toxkivka herrietatik barrena. Halaber, Moskuk Mikolaivka herria kontrolpean hartu dutela baieztatu du Luhanskeko gobernadoreak, Reuters agentziak jasotakoaren arabera.

Errusiak oldarraldiekin jarraitzen du Ukraina ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeen erabateko kontrola lortzeko, eta, gisa horretara, lehorreko korridore bat osatzeko Donbasstik Krimeara —2014an Errusiarekin bat egin zuen—. Kievek salatu duenez, Ukrainak Itsaso Beltzaren ipar-mendebaldean dituen nabigazio ibilbideak «blokeatzeko» asmoa du Kremlinek.

Moskuren kontrolpean dagoen Kherson hirian (hegoaldea), bestalde, Kremlinek salatu du bere aldeko funtzionario bat hil dela «atentatu batean, bonba-auto bat lehertu ostean», Interfax Errusiako berri agentziak jakinarazi duenez.

Arma gehiago Ukrainari

AEBek 425 milioi euroren armaz hornituko dute Ukraina: hamahirugarren laguntza militarra da Errusiak otsailaren 24an Ukrainan erasoaldia hasi zuenetik. Etxe Zuriaren arabera, arma sorta horretan, besteak beste, HIMARS misilak jaurtitzeko sistema gehiago daude, baita dozenaka mila munizio ere, Ukrainak bere kostaldea defenda dezan. Guztira, 5.790 milioi eurokoa da Washingtonek Kievi egindako ekarpen militarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.