Osakidetzak bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura bat ezarri du

'Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea' deitzen da prozedura, eta Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri. Suizidioa prebenitzeko online ikastaro bat ere ari da antolatzen Osakidetzaren Osasun Eskola.

Osasunzentro baten sarrera, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko ekainaren 24a
13:36
Entzun

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea jarri du martxan Osakidetzak, beren buruaz beste egiten saiatu direnen arreta eta jarraipena hobetzeko helburuarekin. Prozedura Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri, eta beren burua hiltzen saiatu den pazienteari psikiatra arduradunak alta ematen dion momentuan aktibatzen da. Alerta pazientearen historia klinikoan ezartzen da, eta erreferentziazko Osasun Mentaleko Zentroari eta Osasun Kontseiluari ematen zaie gertakariaren berri.

Horrela, alta jaso ondoren, 48 orduko epean Osasun Kontseiluko Erizaintzako profesional baten deia jasoko du pazienteak, haren egoeraren berri izateko, eta, behar izanez gero, laguntza emateko. Pazienteak, gutxienez, beste bi dei jasoko ditu, handik 15 eta 30 egunera. Horrez gain, alta jaso eta gehienez hiru egunera, Osakidetzaren dei bat jasoko du, Osasun Mentaleko profesional batekin hitzordu bat lotzeko.

Suizidioa Prebenitzeko Euskadiko Estrategiaren barruan sartzen da prozedura, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pandemia ondorengo garaiko osasun mentalari buruzko dokumentu estrategikoan ere.

Suizidioa prebenitzeko online ikastaroa

Suizidioa prebenitzeko ikastaro bat ere ari da antolatzen Osakidetzaren Osasun Eskola. Online izango da, hiru ordukoa, eta modulu teoriko bat eta lau kasu praktiko izango ditu. Ikastaroa suizidio jokabidea izan dezaketen kolektibo kalteberekin harremanetan dauden profesional ez-sanitarioei eta sanitario ez-klinikoei dago zuzenduta.

Ikastaroan suizidio jokabidearen inguruko oinarrizko kontzeptuak azaltzen dira, besteak beste, gizarte eragileek arriskuan dauden pertsonak hobeto detektatzeko, eta hasierako laguntza emateko. Aurreikusten da aurten sei ikastaro eskaintzea, eta, bakoitzean, 500 plaza eskaintzea.

250 lagunekin egindako esperientzia pilotu batean dago oinarrituta ikastaroa, eta Euskadiko Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren gomendioei jarraituta diseinatu dute.

Osasun sailburuak eman du Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodearen eta ikastaroaren berri, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak antolatutako Osasun Mentaleko XII. Jardunaldietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.