Gerra Ukrainan

Errusiak espero du Ukrainaren eta Moldaviaren hautagaitzek ez diotela «arazo gehiagorik» sortuko

Kremlinen bozeramaileak esan du «Europaren barne afera bat» dela bi herrialdeek EBra atxikitzeko estatusa jaso izana. Bulgariak betoa kendu dio Ipar Mazedoniari talde komunitarioan sartzeko negoziazioei dagokienez.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, duela bi urte, Berlinen. ALEXEI NIKOLSKY / EFE
ander perez zala
2022ko ekainaren 24a
15:25
Entzun

Errusiako Gobernua argi mintzatu da Ukrainak eta Moldaviak EB Europako Batasunean sartzeko hautagai estatusa jaso izanaz: espero du Europar Kontseiluaren erabaki horrek ez diola «arazo gehiagorik» sortuko, eta ez dituela «okertuko» haren eta talde komunitarioaren arteko harremanak.

Kremlinen bozeramaile Dmitri Peskov EBko 27 gobernuburu eta estatuburuek adierazitakoaz aritu da gaur; «Europaren barne aferatzat» jo duen arren, talde komunitarioari ohartarazi dio haientzat «garrantzitsua» dela «prozesu horrek» aldaketarik ez eragitea, «jada nahikoa arazo» dituztelakoan.

Europar Kontseiluak atzoko bileran eman zien Ukrainari eta Moldaviari talde komunitarioan sartzeko hautagai estatusa. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eta Maia Sandu Moldaviakoak «historikotzat» jo zuten erabaki hori, eta Charles Michel Europar Kontseilukoak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordekoak ere hitz bera erabili zuten pauso hori deskribatzeko.

Peskoventzat, «dena argi» dago Ukrainaren inguruan, baina, Moldaviari dagokionez, uste du «jarrera europazalea eta estatus hori Errusiaren kontrako iritziarekin nahasten» dituela: «Orain ikusten dugu Moldaviak europarrak baino europazaleagoa izan nahi duela. Askotan, arrazoi batengatik, [EBn sartzeko] hautagai estatusa lotuta dago Errusiaren aurkakoa izatearekin. [...] Eta guk ez genuke nahi hala izaterik».

Mezua ere helarazi die bi herrialde horiei, oroitarazita Turkiak «duela hogei bat urte» jaso zuela hautagai estatusa, baina oraindik ez dela sartu EBn. Kontrara, Kremlineko bozeramailearen arabera, herrialde hori «subiranoa eta independentea» bilakatu da talde komunitarioko kide bihurtu beharrean.

Beste agerraldi batean, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov ere mintzatu da bi estatu horiez, eta esan du EB eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea «Errusiaren kontrako gerra koalizio bat» osatzen ari direla. Haren iritziz, talde komunitarioak «gero eta jarrera argiagoa du Errusiaren kontra».

Ukraina 2004ko Iraultza Laranjatik ari da EBrekin bat egin nahian, eta are gehiago 2013ko eta 2014ko Euromaidango protestetatik, Viktor Janukovitx Kremlinen aldeko presidentea kargutik kendu zutenetik, talde komunitarioarekin elkartzeko akordioa sinatzeari uko egin ondoren.

Errusiak inbasioa hasi eta egun gutxira hasi zuen Ukrainak EBko estatu kide bilakatzeko prozesua, otsail amaieran, eta 27 gobernuburu eta estatuburuek hilabete gutxian onartu diote hautagai estatusa —lehen aldia da hori ematen diotela gerran dagoen herrialde bati—. Moldaviarekin antzekoa gertatu da, joan den martxoan egin baitzuen eskaria.

Hori bai, halako azkartasunik ez da izango hemendik aurrera, Europako Batzordeak erreformak eskatu baitizkie bi herrialde horiei, eta, printzipioz, gutxienez hamarkada bat pasatuko da EBko estatu kide bilakatzen diren arte.

Gutxienez hamar urte barru EBn

Alexander De Croo Belgikako lehen ministroak gaur eman du horren berri: «Hasieraren hasiera da. Ukrainak hamar urte baino gehiago beharko ditu. Gaurkoa errealitateari buruzkoa da: gaur zer gertatzen den, bihar zer gertatuko den». Xavier Bettel Luxenburgoko gobernuburua ere antzera mintzatu da, eta Ukrainari eta Moldaviari esan die «etxeko lanak» dituztela egiteko.

Mendebaldeko Balkanetan, berriz, sei herrialdeetako —Albania, Bosnia eta Herzegovina, Ipar Mazedonia, Kosovo, Montenegro eta Serbia— agintariek etsipena azaldu zuten atzo ez dutelako aurrera egin EBko estatu kide bilakatzeko prozesuan, horietako gehienek hamarkada bat baino gehiago baitaramate talde komunitarioan sartzeko zain.

Negoziazioak geldirik daude, baina baliteke datozen hilabeteetan aurrera egiteko pauso bat ematea, Bulgariako Parlamentuak gaur erabaki baitu Ipar Mazedoniari ezarritako betoa kentzea; Sofiak 2020tik blokeatu ditu Skopjek abiatu nahi dituen solasaldiak, argudiatuta herrialde horrek ez dituela bermatzen gutxiengo bulgariarraren eskubideak.

Frantziak egin du egoera bideratzeko proposamena —hark baitu hilabete amaiera arte EBko Kontseiluaren presidentetza—, eta, horren bidez, zenbait konpromiso lortu ditu: besteak beste, bulgariarrak Ipar Mazedoniako Konstituzioan aipatzea, eta Bulgariak mazedoniera onartu beharrik ez izatea. Orain, ikusteko dago Ipar Mazedoniak nola erantzungo duen, eta baldintza horiekin ados dagoen.

Edi Rama Albaniako lehen ministroa, behintzat, pozik agertu da erabaki horren berri izan duenean, eta, Twitter bidez, Bulgariako oposizioburu Boiko Borisovi eskerrak eman dizkio egoera desblokeatzeagatik: «Egiazko lagun bat da, egiazko lider bat. GERB [Bulgaria Europan Garatzearen Aldeko Herritarren Alderdia] haren alderdiak eta besteek Bulgariaren aurpegia salbatu dute. EBk azkar ekin behar du orain».

Ilir Meta Albaniako presidentea ere pozik agertu da Bulgariako Parlamentuko bozketarekin, eta gogorarazi du Ipar Mazedoniari betoa kentzeakmesede egin diola haren herrialdeari ere, Skopjeren eta Tiranaren bideak lotuta baitaude talde komunitarioko estatu kide bilakatzeko negoziazioei dagokionez.

Europako Batzordearen kasuan, Oliver Varhelyi Zabalkunderako komisarioak «ontzat» jo du egoera desblokeatzea, eta jakinarazi du Ipar Mazedoniaren eta Albaniaren arteko goi bilera bat antolatuko dutela hurrengo pausoak zehazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.