Mundua

LGTBI komunitatearen pub bat tirokatu dute Oslon, eta gutxienez bi pertsona hil dituzte

Eraso terrorista gisara hasi da ikertzen Norvegiako Polizia. LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko ospakizunak bertan behera utzi dituzte hiri horretan.

Loreak eta ortzadarraren ikurraren koloreak, erasoa izan den tokian. TERJE PEDERSEN, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko ekainaren 25a
10:05
Entzun

Bart gauean Oslon (Norvegia) LGTBI komunitatearen pub bat tirokatu du gizon batek, eta gutxienez bi pertsona hil ditu. 21 zauritu daude, horietatik hamar, larri, baina, albiste agentziek jakinarazi dutenez, ez daude hilzorian. Norvegiako Poliziak 42 urteko gizon bat atxilotu du, irandar jatorriko norvegiar bat. Eraso terrorista bat izan litekeela uste du Norvegiako Poliziak, eta hipotesi horretatik abiatuta hasi du ikerketa. Christian Hatlo ikerketako arduradunak esan du hilketa, hilketa saiakera eta eraso terrorista delituak leporatuko dizkiotela.

London Pub du izena eraso egin dion pubak. Rosenkrantz kalean dago, Oslo erdigunean. TV2 telebistak baieztatu ahal izan duenez, Herr Nilsen jazz klubean eta jatetxe batean ere izan dira zaurituak; bi horiek ere kale horretan daude.

Emilie Enger Mehl Norvegiako Justizia eta Segurtasun ministroak esan du gertatutakoa argitzeko lanetan ari direla. «Norvegia konfiantzako komunitate bat da, non denek sentitu behar duten seguru kalean larunbat gau batean». LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko ospakizunak gaur ziren egitekoak Oslon, baina Oslo Pride jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dute bertan behera utzi dituztela, Poliziaren aholkua betez.

LGTBI komunitatearen desfilean parte hartzeko asmoa zuten guztiei ez joateko eskatu diete. «Aurki izango gara berriro harro eta ikusgai, baina gaur harrotasunaren ospakizunak etxean egingo ditugu», esan dute Inger Kristin Haugsevje Oslo Pride jaialdiaren arduradunak eta Inge Alexander Gjestvang Genero eta Sexualitate Aniztasunerako Elkarteko buruak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.