Gazte mugimenduak

Ernaik «gazte estrategia» berritu du, 'Ehotzen' txostena onartuta

Gazte antolakundeko kideen %93,5ek babestu dute txostena. «Gazte frontearen artikulazioa», hezkuntza eta naziogintza izango dituzte datozen urteetan lehentasun, besteak beste. Hirugarren urrats feminista egingo dutela ere aurreratu dute. 500 kide baino gehiago elkartu dira Olatzagutian (Nafarroan).

Ane Alava Ernaiko bozeramailea, aurrean ehunka kide dituela, gaur, Olatzagutiak kiroldegian (Nafaroa). ENDIKA PORTILLO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 25a
14:59
Entzun

Datozen urteetarako ekinbide politikorako oinarriak ezarri ditu Ernai gazte antolakundeak, hirugarren kongresu prozesua amaituta. Gaur egin dute kongresu amaierako ekitaldi politikoa Olatzagutian (Nafarroa). Eztabaida fasearen emaitzak jakinarazi, eta estrategia berritua aurkeztu dute. 500 kide baino gehiago elkartu dira, Ernaik jakinarazi duenez.

Ehotzen txostena izango du oinarri gazte antolakundeak datozen lau urteetan. Haren alde egin dute militanteen %93,5ek, zuri bozkatu dute %4,7k, eta kontra, %1,8k. Parte hartzea %75,5ekoa izan da. Antolakundeko kideek azaldu dutenez, onartutako txostenaren edukia gizarteratuko dute datozen hilabeteetan.

Bere helburuak berretsi ditu antolakundeak kongresu prozesuan, baina, aldi berean, borroka eraldatzaile berriak mugimendura eramateko konpromisoa hartu du. Honela azaldu du zer den Ernai Ainhoa Bueno kideak: «Ezker abertzalearen baitako gazte antolakunde autonomo eta iraultzailea da, eta izaera sozialista, feminista, independentista, euskalduna, ekologista eta internazionalista dauzka».

Horretara iristeko, baina, proiektu politiko sendo bat marrazteko beharra azpimarratu dute. Datorren epealdian, «gazte estrategia» deitu diotena izango da horretarako jorratuko duten bidea. Estrategia horretako apustu nagusia «gazte frontearen artikulazioa» izango dela aurreratu dute; «gazteok bizitza bizigarriak eskuratu ahal izateko eta zapalkuntza oro gainditzeko bokazioak eta borroka horiek eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren norabidean kokatzeak ardaztuko duen frontea», Ane Alava Ernaiko bozeramaileak adierazi duenez. «Aldarrikapen mugimenduak eta proiektu alternatiboen eraikuntza» sustatzen indar berezia egingo dute, helburu horretara bidean.

Hezkuntza eta naziogintza izango dira gazte estrategiaren beste bi ardatzak. Lehenengoari dagokionez, unibertsitateetako lan lerroa indartzen jarraituko du gazte antolakundeak, eta, ikastetxe ertainen eremuan, Ikama ikasle antolakundearekin duen aliantza sendotzen. Lanbide heziketan ere lanketak egingo dituztela zehaztu du Manu Martinez gazte antolakundeko kideak. «Horrela, hezkuntza bere integraltasunean jorratuko duen estrategia bat osatzen joango gara».

«Pultsu nazionalaren beherakadak» kezkatuta jarri dute arreta naziogintzan, bestalde, Buenok azaldu duenez. Joera horrek gazte mailan «are dimentsio handiagoa» duela gaineratu du. Horregatik, luze gabeko estrategia garatu, eta «Euskal Herriaren eraikuntza proiektu eraldatzaileekin lotzeko ekinbidea indartuko» dute.

Bost borroka eremu, lehentasunez

Beste hainbat borroka eremutan lanean jarraituko dutela ere gaineratu dute. Bost lehenetsi dituzte: feminismoa, euskara, gaztetxe eta gazte asanbladak, borroka transmaribibolloa eta bizitza duinen aldeko borroka.

Gazte estrategia garatzeaz gain, beste bi helburu ere zehaztu ditu Ernaik. Batetik, «belaunaldi berriak ezker abertzalearen proiektura batzea eta kultura militantearen transmisioa bermatzea», eta, bestetik, «gazte independentistak sortzea». Gazte antolakundeak «prozesu independentista eraldatzailea bultzatzeko ardura» duela adierazi du Alavak, «haustura momentuak bilatu eta askapen mugimendua azeleratzekoa».

Etxe barrurako lanak ere jarri dizkiete gazte antolakundeko kideek euren buruei. Ernai «ezker abertzaleko lehen antolakunde feminista» izan zela gogorarazi du Iker Eizagirre kideak, eta duela hamar urte «feminismoa erdigunean jarri eta gazte belaunaldi eta jardun oso bat feministatu» zutela. Alabaina, egun egoera «bestelakoa» dela aitortu du, eta autokritika egin: «Barne mailan gaiarekiko destentsionamendua egon da, arduretan gauden kide gehienok gizonezkoak gara, ahalduntze eta boteretze maila handiegia daukagu, eta gara gai izan arazoa identifikatu eta neurriak hartzeko, gure kide feministen lana bikoiztuz eta zailduz».

Egoerak «aldaketa» exijitzen duela gaineratu du Itxaso Mimenza kideak, eta, horregatik, «urrats feminista berri bat» abiatuko dutela iragarri du, «bi urtez militantzia eraldaketarako subjektu bilakatu, etxe barruak errebisatu eta antolakunde feminista eraikitzeko».

Feminismoak prozesu independentistaren zutabe izan behar duela nabarmendu dute Ernaiko bi kideek. Mimenza: «Sinetsita gaude prozesu independentista eraldatzailea feminista izan behar eta izango dela. Finean, proiektu politiko feminista erradikal baten alde berresten gara».

Krisiak zeharkatuta

Datozenak, hala ere, ez dira «garai errazak» izango, Alavak ohartarazi duenez: «Kapitalismo zisheteropatriarkal eta kolonialak eragindako krisi anizkoitza lehertu da jada. Honen fase neoliberala gero eta bortitzagoa da, eta 2008az geroztiko krisiek ezenatoki berri bat marrazten dute: kapitala eta bizitzaren arteko talka areagotu eta are bortitzagoa bihurtzen ari zaigu parean dugun agertokia». Horrek, gainera, gazteriari «modu partikularrean» eragiten diola erantsi du, prekarizazioa, «bizi eredu zisheterkapitalista eta matxisten hedapena» eta etorkizunarekiko espektatibarik eza bultzatzen dituela; «belaunaldi krisia», alegia.

Krisiak erreproduzitzen dituen sistema horrek, gainera, Espainiako Estatuan bere forma berezitua duela uste du Ernaik: «78ko erregimena gazteon belaunaldi krisia betikotzen duen sistema politikoa da, eta ez guk ez gure ametsek ez dute kabidarik bertan».

Ildo beretik jo du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, eta adierazi Euskal Herrian, «nazio zapaldua izaki», borroka askatzaile guztiak «nazio askapenarekin» batera garatu behar direla. Hark ere hizpide izan ditu egungo garaiak, «mehatxu» handiez beterikoak. Adibidetzat jarri du AEBetan aborturako eskubidea indargabetu izana. Aldi berean, baina, «aukera handiko» garaiak ere badirela adierazi zuen, eta beste adibide batekin ilustratu: Kolonbiako hauteskundeetan ezkerra garaile izatearekin.

«Anbizioa», boterea metatzeko

Bi joera kontrajarri horren arteko borrokaren emaitza «ez dago aldez aurretik idatzita», Rodriguezen esanetan: «Hein handi batean, indar eraldatzaileok egingo dugunaren araberakoa izango delako». Horregatik, «anbizioa» eskatu die Olatzagutian elkartutakoei. «Boterea esparru eta maila guztietan lehiatzeko garaiak dira, berdin kalean zein instituzioetan». Ezker abertzalea horretarako jaio zela gaineratu du: «Ahalbait botere gehien metatu eta euskal estatu independente, sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko».

Borroka horrek, egun, ahalik eta fronte zabalena aldarri eraldatzaileen baitan artikulatzea esan nahi duela defendatu du Rodriguezek: «Iraultza egiteak eskatzen du ulertzea politika erradikalena ez dela diskurtso erradikalena, aldarri eraldatzaile baten bueltan indar gehien, borondate gehien, metatzeko gai den hori baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.