Errusia ordainketa etenduran erori da

AEBek jarritako zigorren ondorioz, Errusiak atzerriko dibisetan dituen bi zor bonuren hartzekodunei ez zaizkie iritsi jaso beharreko interesak

Vladimir Putin, joan den ostiraleko irudi batean. MIKHAIL METZEL / EFE
Irune Lasa.
2022ko ekainaren 27a
12:47
Entzun

Denbora kontua zen, ezer baino gehiago, eta azkenean iritsi da Errusiaren ordainketa etendura. Herrialdeak ez ditu bere bi zor bonuren interesak ordaindu, eta hilabeteko grazia epea igande arratsean bukatu zaio. Ordainketa bat 71,25 milioi dolarrekoa zen, eta bestea 26,5 milioi eurokoa.

Zorrak ordaintzeko dirua badu, dolarrak baditu Errusiak, eta ez gutxi. Besteak beste, dirutza jasotzen ari delako garesti ordaintzen dioten bere petrolioaren eta gasaren truke. Argudio horrekin esaten du Errusiak «default artifiziala» bultzatu duela Mendebaldeak. Izan ere, Errusiak bidali zuen maiatzean interesen dirua, baina diru hori ez da hartzekodunengana iritsi herrialdearen ordainketei AEBek ezarritako zigor eta oztopoengatik.

Eta datuak argi daude: herrialdeak 40.000 milioi dolar zor ditu guztira atzerriko dibisetan, eta zor horren hartzekodunen erdia dira nazioartekoak. Bitartean, nazioartean banaturik, atzerriko dibisetan eta urretan 640.000 milioiren erreserbak ditu Errusiak; baina hori bai, izoztuta daude, Ukrainako gerrari lotutako zigorren ondorioz.

Horiek horrela, ordainketa etendura honen garrantzia sinbolikoa da batez ere. Egia da litekeena dela ordainketa eteteak zaildu egin diezaiokeela Errusiari etorkizunean zor merkatuetara itzultzea, eta litekeena dela itzultzen denean zorpetzeko kostu handiagoak izatea. Baina egia da halaber Mendebaldearen zigorren ondorioz neurri handi batean Errusiak jada merkatu hori itxia duela, gerrak iraun bitartean behintzat.

Gainera, egoera ikusita, ziurrenez, hartzekodunek nahiago izango dute itxaron, Errusiaren gainerako zor guztien ordainketa etentzat jotzea ekarriko lukeen deklarazioa bultzatu baino. Interes horiek jaso ez dituzten hartzekodunen %25ek baino gehiagok adierazpen formala egingo balute, herrialdearen zor guztiak joko lirateke ordaindu gabekotzat eta auzibidea zabalduko litzateke, hartzekodunak pagatuak izateko. Ez dirudi, oraingoz, halakorik gertatuko denik.

Ez da lehen aldia Errusiak ordainketak eteten dituena. 1998. urtean birritan utzi zituen ordaindu gabe zorrak, baina bi kasuetan herrialde bertako zorrak izan ziren errubloetan zituenak, eta gero ordaindu zituen, NDFren laguntzaz, eta erreforma ugariren truke. Errusiak atzerri dibisetako zorrak ordaindu gabe utzi zituen azken aldia ikusteko, berriz, mende bat egin behar da atzera, 1918an boltxebikeek uko egin ziotenean tsarrak sinatutako zorrak ordaintzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.