Gizarte Segurantza

Akordioa «hurbilago» dago autonomoen kotizazio berrien negoziazioan

Espainiako Gobernuak autonomoen ordezkariei proposatu die kotizazioak 230 eta 590 euro artekoak izatea. Sistema martxan noiz jarri dute eztabaidagai orain.

Autonomoen kotizazioen proposamena. MAITENA ERTETXE
aitor biain
2022ko ekainaren 27a
17:57
Entzun

Autonomoen kotizazio sistema berria hitzartzeko negoziazioan beste urrats bat egin dute aurrera, eta, orain bai, akordioa gertu dagoela dirudi. Aurreko astean jarrerak hurbildu ondoren, gaur bildu dira berriro Espainiako Gobernua eta autonomoen ordezkari nagusiak, eta onartu dute «aurrerapauso garrantzitsuak» eman dituztela. Izan ere, azkena izan nahi duen proposamena aurkeztu die Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak ordezkariei.

Testu berrian, Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioak 230 eta 590 euro artekoak izatea jaso dute, irabazien araberako hamabost tartetan banatuta. Gutxien irabazten dutenek, hau da, hilean 670 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenek, hamabost euro gutxiago ordainduko lukete aurreko proposamenarekin alderatuta. Eta gaur egun baino 64 euro gutxiago, gutxieneko kotizazioa 294 eurokoa baita.

Aldiz, tarte berri bat sortuko litzateke gehien irabazten dutenentzat: 6.000 euro baino gehiagoko diru sarrerak dituztenek 590 euroko kotizazioa izango lukete. Apur bat txikiagoa litzateke azken aurreko tartekoena, 4.050 euro eta 6.000 euroko diru sarrerak dituztenena: 530 euroko kotizazioa izango lukete, eta azken testuan jasotakoa baino 40 euro txikiagoa. Gainerako tarteak ere horien arabera egokitu dira.

Bi mutur horiek moldatuta, autonomoen ordezkarien bi aldeak erakarri nahi ditu Escrivak. Izan ere, diru sarrera apalagoak dituztenen kotizazioa txikiagoa izatea nahi zuen sindikatuei lotutako UPTA elkarteak. CEOE Espainiako patronaleko kide ATA erakundeak, ordea, eskatzen zuen gehien irabazten dutenen kotizazioa hainbeste ez igotzea; horregatik moldatu ditu gobernuak azkeneko bi tarteak.

Jarrerak hurbilago dauden arren, inork ez du akordioa ziurtzat eman oraindik. ATAk gertuago ikusten du, hori bai. «Aurreko astean baino hurbilago dago», azpimarratu du Lorenzo Amor ATAko presidenteak. Eta gehitu du ados jarri direla erakundeak «oinarrizkotzat» dituen beste puntuetan: besteak beste, hasiberrientzat tarifa lauari eustean eta irabazi garbiak kalkulatzeko orduan soilik autonomoaren jarduera aintzat hartzean.

UPTAk ere begi onez hartu ditu aldaketak, Eduardo Abad presidentearen hitzetan, elkartearen eskaerak aintzat hartzen dituelako. Bereziki azpimarratu du gutxieneko kotizazioaren jaitsiera; haren hitzetan, autonomo horiek urtean 767 euro aurreztuko dituztelako. Hala ere, testuari behin betiko onespena emateko baldintza gisa jarri du sistema berria 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera ezartzea.

Noiz eta nola ezarri
Izan ere, adostea falta den puntuetako bat hori da: noiz sartuko den indarrean sistema berria eta nola egokituko den hurrengo urteetan. Hasieran, Espainiako Gobernuak proposatu zuen aldaketa mailakatua egitea, eta 2031ra arteko trantsizio epe bat adostea eskaini zuen horretarako, baina 2025era aurreratu zuten gero, elkarteen arteko desadostasunak tarteko. Hain zuzen, egokitzapen hori zein den jakin nahi du ATAk proposamenari oniritzia emateko; sindikatuek, berriz, datorren urterako nahi dute martxan.

Autonomoen gizarte babes sistema da adostea falta den beste zatia. Gobernuak dagoeneko azaldu zuen babes hori hobetzeko konpromisoa, eta langabezia sariaren antzeko ordainsari bat sortzea proposatu zuen. Eztabaidatzen ari dira oraindik, ordea. Ostegunera arteko epea izango dute horretarako, orduan amaituko baita sistema berria hitzartzeko Europako Batzordeari agindutako epea. Eta bilerarik iragarri ez badute ere, ez dute baztertu negoziazioa azken unean ixtea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.