Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %13,5ek ikusi dituzte LGTBI kolektiboaren kontrako eraso fisikoak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek sexu eta genero aniztasunaren inguruan dituzten jarrerak ikertu ditu Ikuspegik. Ondorioztatu duenez, LGTBI kolektiboko kideek jasaten dituzten eraso gehienak hitzezkoak izaten dira, eta lan eremuan jasaten dute bereizkeriarik «handiena».

'Neurtu 2021. EAEko aniztasunari buruzko barometroa' aurkeztu dute. IREKIA
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko ekainaren 28a
13:19
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar gehienak sexu eta genero aniztasunaren eta LGTBI kolektiboaren «bereizkeriarik ezaren aldekoak» dira. Hori da Neurtu 2021. EAEko aniztasunari buruzko barometroa: sexu eta genero aniztasunarekiko pertzeptzioak eta jarrerak txostenean atera dituzten ondorioetako bat. Gizartearen jarrera orokorrean «zabala, tolerantea eta inkulusiboa» izan arren, datuek erakutsi dute LGTBI kolektiboko kideek diskriminazioa eta erasoak jasaten dituztela egunerokoan: herritarren %13,5 eraso fisikoen lekuko izan dira; erdiek baino gehiagok entzun dituzte komentario, broma edo zurrumurru negatibo edota iraingarriak; eta %42,5ek entzun dituzte isekak. Guztiak sexu orientazioan edo identitatean oinarrituta.

Horrela, ikusi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %60 inguruk aitortzen dutela LGTBI kolektiboak «ikusezintasuna eta mugak» jasaten dituela identitatea aske adierazteko orduan. Hala ere, nabarmendu dute herritarren %92,6k onartzen dutela lesbiana eta gayen ezkontza eskubidea.

Erakundeek LGTBI pertsonen aukera berdintasuna bermatzearen alde agertu dira herritarren %86,3, eta, ikerketaren arabera, bost biztanletik lauk ontzat jotzen dute dokumentazio ofizialek gizon eta emakume aukerez gain genero aukera gehiago jasotzea. Gainera, hezkuntzari dagokionez, inkesta bete dutenen %85ek sexu eta genero aniztasuna ikastetxeetako gai gisa ezartzearen alde egin dute.

Txostenean ondorioztatu dutenez, gizartean bezala, lan arloan ere nolabaiteko «paradoxa» gertatzen da: lan eremua LGTBI pertsonekin partekatzearen onarpen maila oso handia da —%95 ingurukoa—, baina eremu horretan antzematen dute herritarrek kolektiboaren aurkako bereizkeriarik «handiena». Izan ere, %48,6k uste dute LGTBI kolektiboko kideek zailtasun «erantsiak» dituztela lanpostua bilatzeko.

Ikuspegik egin du txostena, eta, LGTBI komunitatearen harrotasun egunarekin bat eginda, gaur goizean aurkeztu dute, Bilbon. Aurkezpenean izan dira Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria, Jusia Shershneva Ikuspegiko zuzendaria, Lia Gonzalez Ikuspegiko ikertzailea eta Gorka Moreno EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.