Nafarroa Oinez

Nafarroa Oinez jaiak baditu abestia eta bideoklipa

'Erdian erein' izena jarri diote kantuari, «euskara ereiten jarraitzeko dagoen beharra» nabarmentzeko.

Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 28a
13:33
Entzun

Tafallako Garces de los Fayos ikastola urriaren 16ra begira jarrita dago, orduan ospatuko baitute Nafarroako ikastolen aldeko Nafarroa Oinez festa. Bitartean, ordea, ez daude geldirik, eta gaur, esaterako, abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte. Kantua ikastolako hainbat ikasle ohik ondu dute, «Nafarroa Oinez bezalako festa baten inguruan pilatzen diren oroitzapenak, bizipenak eta emozioak islatu eta helarazi» asmoz.

Erdian erein izena ipini diote abestiari. Hainbat mezu zabaldu nahi dituzte haren bidez: «Erdialdean euskara ereiten jarraitzeko beharra gogorarazten dute. Tafallako ikastolak 52 urte bete berri ditu, mende erdia baino gehiago euskararen alde borrokan; eta, balantzea positiboa bada ere, argi dago oraindik asko dagoela egiteko». Nekazariak jarri dituzte eredutzat: «Nekazariek jakin badakite: ezin diogu ereiteari utzi, urteko uzta oso ona izanik ere». Amaiur Esparzak izan du letra eta doinua sortzeko ardura, eta musikari eta abeslari lanetan aritu dira Maialen Ramirez, Luana Agerri, Iñaki Hurtado eta Alaitz Lizarazu. Abestiarekin batera, Mikel Urrizak ekoitzitako bideoklipa ere ezagutarazi dute.

Kantuan bezala, bideoklipean ere mezu bertsua zabaldu dute: «Modu metaforikoan, jende askoren laguntzari esker aurrera eramandako proiektu kolektiboa islatu nahi da, egon diren zailtasunak gorabehera». Ikastolako zenbait belaunalditako kideak ageri dira bideoklipean.

Sanferminetan ere bai

Nafarroako ikastolen festa egun handiaren aurretik, Iruñeko sanferminetarako ere zenbait ekintza prestatu dituzte Garces de los Fayos ikastolako kideek. Takoneran jarriko duten Oinez Txokoaren karpan janaria eta edaria eskainiko dituzte egun osoan zehar, baita bestelako jarduerak ere, hala nola dantzak, jolasak, gazteentzako tailerrak eta bertsoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.