Lan gatazkak

Alconza lantegiko kaleratzeen aurkako epaiketa hasi dute

LABen arabera, Irizar eta Eusko Jaurlaritza ez dira agertu epaitegira. 121 egun daramatzate langileek greban.

Alconzako langileen protesta Bilboko Justizia Jauregiko atarian, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 28a
16:54
Entzun

Gaur bertan hasi da Alconza Irizar Groupeko 25 langileren kaleratzeen aurkako epaiketa. Joan den otsailean, Berangoko (Bizkaia) enpresa horrek lantaldea heren bat murrizteko erregulazioa aurkeztu zuen; 98 langiletik 38ri eragingo zien. Azkenean, apirilean 25 langile kaleratu zituen Alconzak. Enpresako langile batzordeak (LAB, ELA eta CCOO sindikatuak) ez zituen kaleratzeok onartu, eta auzitara jo zuen. Atzerapenak izan badira ere, gaur ekin diote epaiketari.

30etik gora langile bildu dira Bilboko Justizia Jauregiko atarian, protesta egiteko, Zuen kudeaketa, gure miseria lelopean. Epaitegira sartu aurretik, Alconzako langile batzordeko LABeko kide batek, Urko Herrerak, azaldu du Irizar kooperatibako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ez direla agertu. "Animoz gaude, baina pixka bat nekatuta. Kontu zaila da; ea gaurko egunak zer dakarren", azaldu du Hamaika Telebistari egindako adierazpenetan.

Langile batzordeak kooperatibaren «kudeaketa txarrari» eta «utzikeriari» egozten die egungo egoera zaila. Gaur arte, lau hilabete daramatzate langileek greba mugagabean; gaurkoa 121. eguna izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.