Zahar etxeak

Zahar etxeak arautzeko eredu berria onestea lortu du Espainiako Gobernuak

Autonomia erkidegoekin egin duen bileran egin dute ereduaren inguruko bozketa; justu-justu atera da aurrera, eta aurka egin dutenen artean dago Jaurlaritza

arantxa iraola
2022ko ekainaren 28a
21:47
Entzun

Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako ordezkariekin bilera eginda, aurrera atera da zahar etxeen antolaketarako eredu berria. Hamar boto jaso ditu alde, eta bederatzi aurka; aurkako botoen artean, Jaurlaritzako ordezkariena. 2030era begira aldaketak proposatzen ditu ereduak: egoitzetan, adibidez, ratioak handitu beharko dira, eta gehienez ere hamabost laguneko taldeetan bizi beharko dute egoiliarrek. Ahal bada, etxearen antzekoagoa den eredu bat sustatu nahi da. Logelen %65ek izan beharko dute, adibidez, banakoak. Egoitzek, halaber, ezingo dituzte eduki 120 egoiliar baino gehiago.

Hainbat adituk bat egin dute igaro asteotan erreforma horren alde. Egun indarrean dagoen ereduak aldaketa handiak behar dituela esan dute, eta oinarri egokiak eman ditzakeela eraldaketarako Espainiako Gobernuak egindako proposamenak. Eskumena dute erkidegoak arloan baina, hala ere, Madrildik emandako irizpideei atxikita arta mota egokiago baten alde egin ahal izango dela nabarmendu dute.

Jaurlaritzak ez bezala, aldaketaren alde egin du Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Gobernuko Giza Eskubideen kontseilari Mari Carmen Maeztuk esan du «positiboa» dela gaurko albistea, eta herrialdean arloan egiten ari den aldaketak bat datozela emandako irizpide berriekin. Aldaketekin EB Europako Batasuneko zerbitzurik «aitzindarienen» parekoa ematea lortuko dela esan du. Lehendik ere bazegoen zahar etxeen funtzionamenduaren inguruan kezka, baina pandemian agerian geratu dira funtzionamendu arazo asko, eta horiei aurre egitea da erreformaren asmo behinenetariko ba da orain.

Aurkako ahotsak
Jaurlaritzak kontra egin du, Kataluniako Generalitateak ere bai, eta PPren agintepean dauden erkidegoetako buruek ere ez dute defendatu erreforma. Kontra azaldu da patronala ere hainbat agerraldiren bidez.
Eredu berrian zahar etxeetarako jarraibideak zehaztu dituzte, baina mendeko pertsonak etxean bertan zainduta edukitzeko oinarri berrituak ere jarri nahi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.